Orriols, abagune jakin bat aprobetxatuz

Bartzelonako 2017ko eraso jihadistek eta DUIa ez gauzatu izanak eragindako frustrazioak bultzatuta iritsi zen Aliantza Katalana Ripollgo alkatetzara. Han zabaldutako mezu islamofobo eta ultranazionalista Kataluniako Parlamentura eramatea du asmo.

Silvia Orriols Aliantza Katalanaren presidentegaia, joan den astean Bartzelonan emandako mitin batean. ANDREU DALMAU / EFE
Silvia Orriols Aliantza Katalanaren presidentegaia, joan den astean Bartzelonan emandako mitin batean. ANDREU DALMAU / EFE
Igor Susaeta.
Berriemaile berezia - Ripoll
2024ko maiatzaren 10a
05:05
Entzun

Ripollgo (Girona) bizitza soziala eta politikoa «markatu» zituen 2017ko abuztuaren 17an Bartzelonako Rambletan gertatutako atentatuak, Marc Guinjoan UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Zientzia Politikoetako Fakultateko irakaslearen iritziz. Eraso horretan hamabost pertsona hil zituzten, eta haren bultzatzaile edo egileetatik bederatzi ziren herri hartan jaio edo hezitako mutilak, etorkin magregbtarren ondorengoak, katalanez «bikain» mintzatzen zirenak. Hilabete pasa falta zen U-1eko independentzia erreferendumerako. Egin zuten, baina independentzia ez zen iritsi, nahiz eta buruzagi subiranistek jendaurrean esaten zuten helduko zela. Nolabait, bi gertaera horien ondoriozko frustrazio arindu gabea, abagune jakin bat, aprobetxatu zuen Silvia Orriols Aliantza Katalana alderdikoak, diskurtso islamofobo eta ultranazionalista batekin iaz Ripollgo udal hauteskundeak irabazteko, eta alkatetza lortzeko, non-eta historikoki Convergencia nagusi izan den leku batean. Azken asteetan kaleratutako ia inkesta guztien arabera, Salvem Catalunya (Katalunia salba dezagun) lelopean, ordezkaritza lortuko du etzi egitekoak diren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan.

Orriolsez galdetuta —Ter ibaia gurutzatzen duen zubietako batean, Lirakoan—, ostiral goizean elkarrekin hizketan ari diren lau pertsonak, ezker-eskuin begiratu dute ezer esan aurretik. Ez dute izenik eman nahi izan; jubilatuta daudela, hori jakinarazi dute. Horietako batek hartu du bozeramaile rola. Ez daude ados alkatearen jokabidearekin. «Eztabaida piztu du. Hori bai, ordutik batzuk argiago agertzen dira musulmanen kontra». Eta galdera bat egin nahiko lieke horiei, iradokiz bezala behinola immigrante izandako batzuk direla, hain zuzen, musulmanen aurka daudenak: «1960ko hamarkadan espainiarren immigrazio handia egon zen. Orain ez dira gogoratzen?».

Ripollek 10.700 biztanle ditu, eta, iparralderantz eginda, Bartzelonatik 100 kilometro pasara dago. Pirinioetara sartzeko ateetako bat da, eta, hara iristen, maiatz hasieran, elurtuta ikusten da mendikate hori. Katalunia barnealdeko beste edozein herri ertain bezalakoa da Ripoll; edo antzekoa. Horregatik, autobus eta tren geltokien bueltan, autobus eta tren geltokien bueltako giroa dago han ere. Kalean katalana entzuten da batez ere, baina baita gaztelera ere. Balkoietan, senyera-k eta esteladak, erdi eta erdi, nahiz eta baieztapen hori ez den ikerketa zientifiko baten ondorio.

Alde zaharretik atera eta Oloteko zubia zeharkatzear da Monica Fajardo, 39 urtekoa. «Harrituta» dago oraindik, herritarrek Orriolsen alde bozkatu zutelako. Alkate izatea lortu zuen, hain zuzen, JxC Junts Per Catalunyak ez zuelako bat egin Orriolsi alkatetza ez emateko ERC Esquerra Republicanak, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak eta CUPek egindako aliantza batekin —Kataluniako beste toki batean ere alkatetza du Aliantza Katalanak: Ribera d’Ondaran (Lleida)—. «Jendea Convergenciakoa da hemen, baina berak [Orriolsek] nahastu egin ditu bere diskurtsoarekin, eta herritarren herra eta amorrua bildu ditu». Nahastu, zeren, Guinjoanek azpimarratu duen moduan, puntu jakin batean «zentratuta» dago haren diskurtsoa: «Salatzen du migratzaileek badituztela tokiko herritarrek ez dituzten pribilegio batzuk». Eta hori ez da egia. Generalitateko Eskubide Sozialen Departamentuak 2021ean kaleratutako datuen arabera —ordukoak dira azkenekoak—, herritarrentzako errenta bermatua jasotzen dutenen artean %21,3k dute espainiarraz bestelako herritartasuna.

«Orriolsen bozkatzaileak gazte samarrak dira, gehienak gizonak, eta batez besteko herria baino txikiagoak direnetan bizi dira».

MARC GUINJOANZientzia Politikoetako Irakaslea Universitat Oberta de Catalunyan

Hicham Aahaslama oinez doa alde zaharretik. 35 urte ditu, eta hogei zituenetik bizi da herrian. «Fabriketan» lan egin izan du, eta asteburuetan tabernetan-eta ere aritzen da sos batzuk ateratzeko, kontatu duenez «garesti» baitago alokairua herrian. «Baina Orriolsen diskurtsoarekin eta, gero eta zailagoa egiten zait asteburuetarako zerbait topatzea». Izenik eman nahi ez duen beste gazte bat ere Marokon jaio zen, baina haurra zela iritsi zen Ripollera, eta hamazazpi urte daramatza han. Tren geltokiaren sarreran dago, buzo hori fluoreszente bat jantzita, lanera itzultzeko pronto. Aldapa behera datorren bati esaten ari zaio, keinu bidez, pausoa arindu dezala. «Hemen denetarik dago, baina... harrigarria egin zitzaidan Orriolsek hainbeste boto biltzea. Ez nuen uste hainbeste zeudenik...». Hainbeste zer? «Hainbeste arrazista».

Guinjoanek dionez, Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroak hauteskundeetarako propio egindako inkestaren emaitzek erakusten dute, besteak beste, «Kataluniako beste edozein alderdi independentistarenak baino eskuinarragoak» direla Aliantza Katalanaren bozkatzaileak. «Haren bozkatzaileak gazte samarrak dira, gehienak gizonak, eta batez besteko herriak baino txikiagoak diren herrietan bizi dira».

Kataluniaren demografia

Alde zaharretik aterata, Iraganaren monumentua-ren bueltan, hainbat taberna eta kafetegi daude. Terraza bateko mahai batean emakumezko batzuk ari dira hizketan. Andaluziako doinua dute, eta ezagun dute ez direla turistak. 2021ean Katalunian erroldatuta zeuden herritarren bi herenak immigranteak edo immigranteen ondorengoak dira, Ikerketa Demografikoen Zentroko zuzendari Albert Estevek duela gutxi nabarmendu zuenez, erakunde horren azken txostenaren aurkezpenean.

(ID_13843294) RIPOLL
Ripollgo Udaletxe plaza. IGOR SUSAETA

Datu gehiago. Idescat Kataluniako Estatistika Institutuak ikerketa bat kaleratu zuen iragan otsail amaieran, herritarren eta etxebizitzen iazko erroldaren datuak hartuta, eta, azterlan horren arabera, Katalunian herritarren %17 —ia 1,4 milioi pertsona— dira «atzerritarrak». Hau da, Espainiako Estatutik kanpokoak. 2022an, esaterako, Katalunian bizi ziren 48.000 «atzerritarri» Espainiako herritartasuna eman zieten; horien %40k Afrikan zuten jatorria.

Ripolletik 40 kilometro hegoaldera, Vicen (Bartzelona), hau da, Osona eskualdeko hiri nagusian, «atzerritarren» portzentajea %29koa da. «Bere garaian, Plataforma Per Catalunya indartsua izan zen Vicen, baina, ordu hartan, diskurtso espainiarzaleago batekin», azaldu du Guinjoanek. Josep Anglada buru zuen alderdi ultraeskuindarra boto gehien bildutakoen artean bigarrena izan zen Viceko udal bozetan, bai 2007an, baita 2011n ere.

%17

«Atzerritarren» portzentajea Katalunian. Idescat Kataluniako Estatistika Institutuak otsail amaieran argitaratutako ikerketa batek dioenez, Katalunian herritarren %17 dira «atzerritarrak»; alegia, Espainiako Estatutik kanpokoak. Portzentaje hori %15ekoa da Ripollen, eta Vicen, 40 kilometro hegoalderago, berriz, %29koa.

Ripollen, baina, txikiagoa da «atzerritarren» portzentajea: %15ekoa. Marokoarrak %13 ziren 2022ko udal erroldan. Jatorri hori duten emakumezkoak ikusten dira kalean. BERRIA lau aldiz ahalegindu da horietako batzuekin hitz egiten Orriolsez eta haren diskurtsoaren ondorioez, baina, bai taldean eta bai bakarka, uko egin diote. Ragull pasealekuan beste pertsona batekin hizketan aritu ondotik, Carmen Prietok —52 urte ditu— adierazi du 2017ko atentuez geroztik «musulmanekiko mesfidantza» handitu egin dela herrian. Hala ere, «zehaztapen bat» egin du. «Uste dut hedabideek hura [Orriols] irudikatzeko duten modua ez dela erreala».

Baina Orriolsenak berarenak dira adierazpen hauek, zeintzuetan bere ideologiaren berri ematen duen, eta oinarririk gabeko baieztapen batzuk egiten dituen. «Ez da immigrazioa; inbasioa da», txio batean, iazko maiatzaren 16an. «Immigrante gehienak ez dira etortzen lan egitera», apirilaren 9an, TVE telebista katean egin zioten elkarrizketa batean. Leku berean, hau ere bai: «Islama ideologia politiko-erlijioso bat da». Eta, hauteskunde programan, immigrazioari buruzko atalean, Aliantza Katalanak hau azpimarratu du: «Katalunian ez da mundu guztia kabitzen». Horiexek immigrazioari buruzkoak.

Bestalde, nolabaiteko nazionalismo esentzialista aldarrikatzen du. Kataluniako Intrantsigenteak taldeko kidea izan zen. Ripollen 2011n sortutako kolektibo hori zen, 2018ra arte kaleratu zituzten fanzineetan nabarmendu zutenez, elkarte «aberkoi bat», zeinak katalanak «erradikalizatzea» zuen asmo. «Soilik intrantsigentziari eta fanatismoari esker eutsi diezaiokegu bizirik». Katalan izateari buruz, ondokoa. «Katalanengandik datorren pertsona oro da katalana». Azpimarratzen zuten katalana izatea ez zela «zerbait objektiboa», baizik eta «hizkuntzarekin, arrazarekin, odolarekin eta Kataluniako ohiturekin» zerikusia duten «lotura naturalen» ondorio.

Independentista da Aliantza Katalana, eta hauteskunde programan esaten du DUI bat, hau da, aldebakarreko independentzia deklarazio bat egin behar dela parlamentuan gehiengoa edukiz gero. Horrekin lotuta, ñabardura bat egin du Guinjoanek. «Talde horren bozkatzaile izan daitezkeenen %55ek independentzia nahi dute lurraldetasun aukerez galdetzen zaienean —ERCkoen portzentaje bera—, eta ondoren, %28k, eredu federal bat. Bitartean, Juntsen bozkatzaileen % 77k dute lehen aukeratzat estatu independente bat, eta CUPekoen artean %82k». Bozei buruz CEOk kaleratu duen inkestaren arabera, alderdi ultraren bozkatzaile posibleen %79k babesten dute independentzia; JxCkoen artean %89k, ERCkoen artean %83k, eta CUPekoen %82k.

Inkestei erreparatuz, ematen du Aliantza Katalana parlamentuan aulkiren bat lortzeko moduan dela, Orriols buru duela. Eta ez lortuta ere, UOCeko irakasleak pentsatzen du «gertu ibiltzeak» berak orain arte ez bezalako «ikusgaitasuna» emango liokeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.