MUNDUA

Osasunez larri dagoela, 95 urte bete ditu gaur Nelson Mandelak

Ekainaren 8az geroztik, erietxean da Hego Afrikako presidente ohia, biriketako infekzio batek jota. Ospakizun eguna dute gaur herrialde horretan.

jon olano
2013ko uztailaren 18a
14:08
Entzun

Nazio Batuen Erakundeak 2009an izendatu zuen uztailaren 18a Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna, eta apartheid politikak garaitu zituen liderraren urtemugarekin batera ospatuko dute gaurko eguna.

Mandela Fundazioak eta Hego Afrikako Gobernuak espero dute inoiz baino jende gehiago biltzea gaurko ospakizunetan, Madibak 95 urte betetzeaz gain, haren osasun egoera larria baita.

Espetxean igarotako urteen eraginez, biriketako arazoak sortu zitzaizkion Mandelari, eta ekainaren 8an eraman zuten Pretoriako ospitale batera, biriketako infekzio batek jota. Harrezkero, han da. Ekainaren 23an okerrera egin zuen haren osasun egoerak, eta, horren adierazle, Jacob Zuma Hego Afrikako presidenteak bertan behera utzi zuen egitekoa zen bidaia ofizial bat. Frederik de Klerk Hego Afrikako presidente ohia ere —Mandelarekin batera jaso zuen Bakearen Nobel saria, 1993an—, Europara egitekoa zen bidaia bat bertan behera utzi, eta Hego Afrikara joan zen.

Haren osasunak pixkanaka hobera egin duela jakinarazi du Zumak, ohar baten bidez. Halaber, eskerrak eman dizkie herritarrei Mandelari adierazitako babes mezuengatik.

Zindzi Mandela alabak Sky News telebista katean atzo jakinarazi zuenez, Madibak ezin du hitz egin, baina begien eta eskuen bitartez komunikatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.