DOMINIKAR ERREPUBLIKA

Osinetik ateratzeko botoak

Fernandez presidente ohia faborito da gaurko bozetan, Hipolito Mejiak herrialdea inoizko egoera ekonomiko latzenera eraman ondoren

SANTO DOMINGO
2004ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Oholtza gainetik hasi gara entzuten Hipolito Mejia lehendakari dominikarraren ahotsa, hainbat ordu zain eman eta gero. Agintari txiki horrek, agertokiko bakardadean handitzen den horrek, salatu eta agindu egiten du, erreklamatu eta profetizatu. Bitarte horretan, zuriz jantzitako jende andanak (hori da Errepublika Dominikarreko Alderdi Iraultzailearen, PRDren kolorea) gurtu egiten du, Santo Domingoko arrats sargoriak apur bat baretzen dituen etengabeko euripean.

Gaur ixten du kanpaina PRDk, eta Mejiak lehenengo itzulian irabaziko duela ziurtatu du, nahiz eta inkestek porrot nabarmena iragarri dioten. Banan-banan, eta Karibeko hitzaldien moldean, karibearrek izango dituzten onurak aipatu ditu berak irabaziz gero betiere. %30 igoko ditu jornalak eta irabazien gaineko zerga murriztu; oinarrizko elikadura diruz lagunduko du; laburbilduz, bere onera ekarriko du, aztikeriaz?, egun milioika dominikar erasaten dituen ekonomia makalaldia. Orduantxe bertan, egoera hori eragin zuena ezagutarazi digu. «Zeu zara honen erantzule», diosku, bere aurretik agindu zuenari zuzenduz, hots, Leonel Fernandez (Errepublika Dominikarreko Askatasun Alderdia, PLD) lehendakari ohiari eta aurkariari zuzenduz. Animoak majo berotu dira. Lau urte barru, baina, nekazaritza-ingeniari honek zer egin lezakean gobernu berri batean mitinetan Mejiari lagundu ziotenek berek ere zalantzak dituzte. Banku Zentralak esan du: Dominikako Barne Produktu Gordina %0,4 jaitsi zen iaz; inflazioa, berriz, %63 izugarri batera igo zen; dolarra 45 pesotan trukatzen da 2001ean 12 pesotan trukatzen bazen ere, eta langabeen kopurua %20 inguruan dabil. Nazioarteko erakundeek «hondamenditzat» jotzen dute Mejiaren politika, eta bera omen da errudun handiena, herria 80ko hamarkadaz geroztik izan duen krisi latzenera bihurtu baitu. Hauteskundeak dena delakoak irabazten dituela, etorkizun beltza aurreikusten zaio nazio txiki honi, izatez aberats den baina gaizki kudeatu duten herri honi.

Iruzurra abiapuntu

Gobernuak bere burua aldezten du, eta badu zerbait arrazoi, esanez Ramon Baez Figueroak besteratutako 2.200 milioi dolarri (herri aurrekontuaren %66) Estatuak aurre egin behar izan zionean erne zela krisia. Baez Figueroa hori Banco Intercontinental-eko presidentea dugu, herriko banketxerik handiena. Hark egin zuen banketxe-iruzurra Dominikar Errepublikan sekula egin den handiena izan zen; iaz argitu zen hori guztia. Masaileko hori gogorra izan zen oso, baina ez dirudi bestela ere nazioko ekonomia oso ondo zutabetua zegoenik.

«Nik berari [Mejiari] eman nion botoa 2000. urtean, baina orain ez dut Leonelen alde botatu beste erremediorik. Berak dio hau guztia konpondu behar duela», hala hitz egin zigun Juan Vasquezek. Gizon hau sektore pribatuko enplegatu gazte bat da, eta bere jornala piririka jaitsi zen bi urtean. Gizarte maila ertainak izan ditu kalte gehien Santo Domingon. Vasquesen aburuz, Gobernuak apenas egin duen ezer 2000. urtean agintea hartu zuenetik. Izan ere, egungo administrazioak obrak egitea agindu zuen herriaren barnealdean, baina gehienak bukatu gabe daude. Nazioarteko alorrean, Gobernuak AEBekin egin zuen merkataritza libreko akordioa azpimarratzen du, baina egitasmo hori ez du berretsi oraindik AEBetako Kongresuak. Fernandez da hauteskundeak irabazteko faborito nagusia ez litzateke harritzekoa lehen itzulian irabaztea ere eta maleziaz baliatu ditu herritarren nahigabea eta gobernuaren lorpen eskasak PRDren (PRD da oraindik dominikarren alderdi handia) hauteskunde-makineria indartsua ahultzeko. Dominikarren lehendakari ohiak dio kostu publikoa txikitu eta diru-neurri zorrotzak hartuko dituela makalaldia bentzitzeko. Ez da, ordea, hain erraza izango. Nazioarteko Diru Funtsak (Gobernuak kreditu-akordioa du honekin, baina oraindik ez dago onartua 600 milioi baino gehiagogatik) dio ekonomia dominikarra ez dela haziko eskualdeko beste herri batzuen abiadan, pesoak balioa galtzen segituko duela eta erregaia ere garestitu egingo dela datorren urtean. Bost milioi dominikarrek dute bozkatzeko eskubidea igande honetan, eta baita 45 egun barru (bigarren itzulian, alegia) ere bi hautagaietako inork botoen %50 gainditzen ez badu. Mejiak, hizkuntza arrunteko nekazaritza-ingeniariak,berraukeraketara aurkeztea onartu zuen 2003ko apirilean, aurrez 40 bat aldiz aurkezteari uko egin ondoren, berraukeratua izatea du, beraz, jokoan Mejiak. Fernandezek, abokatua da lanbidez, bigarren aukera bat eskatzen die dominikarrei oraindik itxaropenik badela erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.