Balkanetako gerra krimenak. Mladic Hagako auzitegian. Sehida Abdurahmanovic eta Kada Hotic. Srebrenica eta Zepako Amen Elkarteetako kideak

«Oso garrantzitsua da Mladic genozidioagatik kondenatzea»

Hamasei urte igaro dira Srebrenicako genozidioa izan zenetik, eta zauriak oraindik zabalik daude Bosnia eta Herzegovinako ekialdeko hiri horretan; hilak ezin dituzte piztu, baina justiziaren beharra sentitzen dute senideek.

Sehida Abdurahmanovic eta Kada Hotic; Srebrenicako bere etxearen aurreko belazean bata, eta senarraren hilarriaren aurrean bestea. CARLES CASTRO.
Gemma Garcia / Iolanda Parra
Srebrenica
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Sehida Abdurahmanovic eta Kada Hotic, beste hainbat bezala, babes bila joan ziren Nazio Batuen Erakundeak Potocarin zituzten instalazioetara, 1995eko uztailaren 11n Srebrenica hiria Ratko Mladicen soldadu serbiar-bosniarren esku geratu zenean. Gutxienez, 8.000 lagun hil zituzten. Hoticek senarra, semea eta bi anaia galdu zituen. Abdurahmanovicek, berriz, anaia, bi koinatu eta iloba bat. Harrezkeroztik, Srebrenicako beste hainbat ama bezala, egiaren eta justiziaren aldeko borrokari lotuak daude.

Mladicek zer egin zuen soldaduak Srebrenican sartu zirenean?

KADA HOTIC: Nigandik hamar metrora egon zen. Esan zuen ezer txarrik ez zitzaigula gertatuko, gauza batzuk egiaztatzen ari zirela. Iragarri zuen gizonak eraman egingo zituztela, presoekin trukatzeko, eta emakumeok eta haurrak, berriz, gobernu bosniarraren kontrolpeko lurraldera eramango gintuztela. Hamar minutuan, kamerak grabatzen ari zirela, indar serbiarrek ogia, ura eta txokolatea eman zizkieten haurrei. Gero, Mladic bere taldekoengana jiratu, eta ondo baino hobeto aditu nuen zer esan zuen: «Senide serbiarrok, aukera paregabea duzue; aprobetxatu, berriz ez duzue-eta horrelakorik izango».

Zer esan nahi du zuentzat Mladic atxilotu izanak?

HOTIC: Garrantzitsua da, hura baita Srebrenicako genozidioaren erruduna. Hamasei urtean libre egon da, Serbian ezkutaturik; orain, Hagan dago, eta badaki zer den libre ez izatea eta egindako krimenengatik erantzun behar izatea. Berandu bada ere, pozten naiz, batez ere heroia dela esaten dutenengatik: hala, ikusiko dute ezin dutela hiltzaileek bezala jardun, lotsagarriak direla herriarentzat.

Genozidioa izan eta 16 urtera, jendea itzuli al da Srebrenicara?

HOTIC: Oso jende gutxi, batez ere edadetuak. Gehienak Bosnia eta Herzegovinako Federazioan gelditu dira, edo alde egin dute herrialdetik. Srebrenican bizitzea zaila da arrunt; esaterako, hezkuntza sisteman ez ditugu serbiar-bosniarrek dituzten eskubide berak. Hala ere, gogo handia dugu gure lurrean bizitzeko. Baina etxeen %90 suntsitu edo erre egin zituzten, eta poliki ari diraberriz eraikitzen. Nire etxea ez zen berriz eraiki, lehentasuna familia ugariek baitute; nik galdu egin nuen familia, eta ez dut dirurik etxea berritzeko.

SEHIDA ABDURAHMANOVIC: Ni bizi nintzen eraikina guztiz suntsitu zuten, baina gurasoen etxeak zutik iraun zuen; beraz, 2003an itzuli nintzen. Itzuli diren gutxi horietako bat naiz. Hau da nire lurra, eta hemen bizi nahi dut; erronka jotzea bezala da niretzat.

Ona al da serbiar-bosniarrekin dituzuen harremanak?

ABDURAHMANOVIC: Amarekin itzuli nintzenean, garai batean auzokoak izandako batzuk gugana hurbiltzen saiatu ziren; hasieran, bitartekariak erabili zituzten, bestela ez baitziren ausartzen. Galdetzen ziguten ea amarengana bisitan etor zitezkeen, baina nik, hasieran, ezetz esaten nien. Gerraren gainean hitz egiten bagenuen, esaten zuten ez zirela hemen egon, edo ez zekitela ezer desagertutakoen gainean. Ihes egiten diote beren erantzukizunari. Ezinbestean baizik ez dut harremanik haiekin.

Nola hasi zineten eskualde honetako emakumeak batera lan egiten?

ABDURAHMANOVIC: Gerran bertan, 1992. eta 1995. urteen bitartean, emakumeok maindireak erabiltzen genituen zauriak lotzeko; era berean, belarrak biltzen genituen zaurituak sendatzeko infusioak egin ahal izateko, eta janaria ematen genien, eta arropa josten.

HOTIC: Zerbaitek gidatu egiten gintuen, pentsamendu bat bakarra bagenu bezala, eta 20.000 emakume atera ginen kalera. Izugarrizko jende pila biltzen zen; estu hartzen genituen Goi Mandatariaren Bulegoa, Nazioarteko Gurutze Gorria eta gobernuak, eta galdetzen genien non zeuden falta zirenak. Aurrena, gogor egiten ziguten, eta ez genuen finantzabiderik, baina jo eta ke segitu genuen. Borroka honetan, gure mina erreprimitzen genuen. Honetan bakarrik banengo, ezingo nuke eraman.

ABDURAHMANOVIC: Denak hilak zirela jakinez gero, garai hartan ez ginen hain indartsuak izango, beharbada. Pentsatzen genuen batzuk bizirik egongo zirela, eta horrek ematen zigun indarra.

Funtsezkoa al da falta direnak aurkitzea, dolu prozesua bukatu ahal izateko?

HOTIC: Mina gorabehera, familiako bat aurkitu dutela esaten dizutenean, horrek goxatu egiten zaitu, nolabait. 1995ean senarra, bi anaiak eta semea galdu nituen. Senarra ehortzita dago, eta anaia bat ere bai, eta uztailaren 11n lurperatu nuen semea. Luzaroan itxaron dut. Esan zidatenean, poza eta tristura nahasi zitzaizkidan. Dar-dar egin nuen, hasperen ere bai, eta eskatu nien beldurrik gabe hitz egiteko, ni horren zain nengoela eta zoriontsu egiten ninduela. Aurkitu ez banu, okerragoa izango zen. Hezurrak besterik ez dira, baina badut haren izena duen hilarria, eta beretarrekin lurperatua dago, aitaren aldamenean.

Nola laguntzen diozue elkarri mina gainditzeko?

HOTIC: Hitz egiteak laguntza handiagoa ematen digu, psikologoekin edo psikiatrekin ibiltzeak baino, horiek leporaino ematen baitizkigute pilulak eta lasaigarriak. Nik esan nien horrela ez nindutela sendatuko, sentipen hauekin bizi nahi dudala eta bestela zoratu egingo nintzela. Elkarteak terapia eskaintzen du, eta kontsolagarria da beste kideen laguntza. Emakumeak guztiz suntsiturik heltzen zaizkigunean, erantzuteko eskatzen diet; esaten diet borroka egin behar dutela, desager daitezen nahiko luketela batzuek, baina horien kontra borroka egin behar dutela. Batzuetan, barre eginarazten saiatzen naiz, borroka modu horiek behar baitira burua ez galtzeko.

Barka al daiteke?

HOTIC: Nik ez daukat eskubiderik nire familiakoen sufrimendua barkatzeko, haiek ez baitaude hemen horrelakorik egiteko. Nire mina barka dezaket, baldin eta egindakoa norbaitek aitortzen badu eta damutzen bazaio. Beharbada, sekula ez naiz gai izango barkatzeko; beharbada, hurrengo belaunaldiek barkatu ahal izango dute.

ABDURAHMANOVIC: Bi belaunaldi behar dira gorroto pertsonalak desagertzeko. Ez da edozein gerra izan: genozidio bat izan da, eta bizirik atera garenok ezin dugu ez ahaztu eta ez barkatu. Ez litzateke humanoa izango; ez ginateke burutik ondo egongo hori egingo bagenu.

Noiz helduko da justizia erabatekoa Srebrenicako amentzat?

ABDURAHMANOVIC: Guretzat, justizia sekula ez da izango erabatekoa. Gutxienez, hiltzaileak epaitu egin behar dira, eta esan behar digute non dauden hobiak, falta direnak aurkitu ahal izateko. Era berean, bidali gintuzten tokietan eskubide guztiak izan behar ditugu. Ez dut bizi nahi gizarte etniaz garbi batean, eta ezin da libre bizi lurralde zatituetan.

HOTIC: Gerra aurretik eta gerra ondoren, hemen herri bat bakarra izan da: ez dago beste nazionalitaterik; nazio horiek asmatuak dira. Jende berbera gara; nork bere erlijioa duela, horixe da dena.

Zuen ustez, Hagako epaiketa lagungarria izango da Bosnian bakea izan dadin?

HOTIC: Egia den bezala onartzeko, oso garrantzitsua da Mladic genozidioagatik kondenatzea, baina Bosniako Serbiar Errepublikak eta Serbiak politika aldatzen ez duten bitartean, hiltzaileak atxilotzeak ez du zentzu handirik izango. Gutxienez, justizia izan dadila biktimentzat. Hilak ezin ditugu piztu, baina justiziaren beharra sentitzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.