'Haserretuak'. Katalunia

Osoko bilkuraren atarian, oihu, bultzada eta helikopteroak

Aurrekontuen osoko bilkura boikotatzen saiatu dira 'haserretuak'; CiUk PPren babesarekin aurrera atera du murrizketaAlderdiek «indarkeria» salatu dute; M-15 mugimenduak baketsua dela berretsi du

2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oihu egin diete, bultzadak eman dizkiete, espraiekin eraso egin diete, eta, horrez gain, zakarrak, listua eta ura jaurti dizkiete Kataluniako hainbat legebiltzarkideri. Irainak eta oihuak ere jaurti dituzte Bartzelonako M-15 mugimenduko haserretuek. Izan ere, «benetako demokrazia» exijitzeko sortu zen mugimenduko kideek aurrekontuak eztabaidatzeko osoko bilkura boikotatzen saiatu dira, ordezkatuta sentitzen ez direla argudiatuz. Alderdi guztieksalatu dituzte gertakariak, eta adierazpen bateratu batean «politikoki bat ez etortzea onartzen dutela» adierazi dute, «baina sekula ez indarkeriaren eta hertsaduraren bidetik egiten bada».

Herenegundik Legebiltzarra dagoen Cituadella parkea poliziaz inguratuta zegoen. Izan ere haserretuek boikoterako dei publikoa egin zuten, eta horiek parkean kanpatzea saihestu nahi izan zuen Barne Sailak. Kataluniako Gobernuak mozketa handiak iragarri ditu; gastu publikoa %10 murriztu nahi duela jakinarazi du, eta murrizketa horiek izan dira haserretuen protesten jomuga. Hori horrela, goizean goizetik,jendetza bilduta zegoen parkearen kanpoaldean —askok gaua bertan igaro zuten—, politikariei Legebiltzarrera sartzea galarazteko asmoz.

Lehen liskarrak goizeko zazpietan gertatu ziren. Bartzelonako M-15mugimenduko kideen arabera, mossoek gomazko pilotak jaurti zituzten airera eta lurrera manifestariak sakabanatzeko, eta diputatuei sarrera errazteko. Poliziak ehunka zirela salatu zuten, bestalde, eta hasieratik jarrera erasokorra izan zutela.

Goizak aurrera egin ahala, baina, tentsioak gora egin zuen. Boikotaren deialdiari erantzun zioten lagun gehiago hurbildu zen Ciutadella ingurura, eta Legebiltzarrera sartzen ahalegindu ziren diputatuen aurkako erasoak egin zituzten. M-15 mugimenduko kideek, baina eurena mugimendu baketsua dela adierazi dute, eta liskarrak «gutxiengo baten» kontua izan direla. Are gehiago, istiluak eurei leporatu nahi izana salatu dute. Era berean, Poliziak oso jarrera erasokorra izan zuela salatu dute, eta zibilez jantzitako hainbat mosso istiluak eragiten aritu zirela ere adierazi dute. «Ikara sortzeko» atxiloketak egin zituztela diote, eta sakeleko telefonoak, eta argazki nahiz bideo kamerak konfiskatu zituztela.

Helikopteroz Legebiltzarrera

Haserretuen oldarraldiaren aurrean 24 diputatu helikopteroz eraman behar izan zituzten Legebiltzarreko atariraino; besteak beste, Artur Mas Generalitateko presidentea eta Nuria Gispert Legebiltzarreko presidentea. Beste hainbat diputatuk Nord geltokian hartu zuten babesa, jendetzaren artetik igaro ezin zutelako. Azkenik mossoen furgonetetan sartu zituzten parkera.

Poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak goiz osoan zehar luzatu ziren, tentsio une gogorrak jazo baitziren. Gutxienez 36 pertsona artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek, tartean, hainbat polizia. Guztiak baina arin zauritu zituzten. Horrez gain, sei lagun atxilotu zituztela jakinarazi zuen Barne Sailak.

Istiluak istilu, diputatuek Legebiltzarrera iritsi ahal izan zuten azkenik, eta berandu hasi baziren ere, 2011rako aurrekontuak eztabaidatzeko osoko bilkura egin zuten. PPren abstentzioari esker lortu duCiUk aurrekontuak aurrera ateratzea. Izan ere, gainontzeko alderdiek gastu publikoaren %10eko murrizketa biltzen duen proposamenari ezarritako zuzenketen alde bozkatu badute ere, ez da nahikoa izan.

Gaitzespen bateratua

Legebiltzarreko alderdi guztiek gertakarien gaitzespen bateratua egin dute. Masek haserretuek muga guztiak gainditu dituztela salatu du.

Ezadostasuna adieraztea ulertzen duela dio Generalitateko presidenteak, are gehiago, demokraziaren funtsetako bat dela. Baina ezadostasuna, haren ustez, «inoiz ez da indarkeriarekin adierazi behar». «Gure sistema demokratikoak akatsak izan ditzake, baina nahiago dut demokrazia, nahiz eta akastuna izan, gaur [atzo] goizean bizi izan dugun kaosa eta indarkeria baino», gaineratu du.

M-15 mugimenduko kideei gertakarien inguruan hausnartzeko eskatu die, eta indarkeriaren bidetik gizartearen gaitzespena besterik lortuko ez dutela esan die. Horrez gain, poliziaren jarrera babestu du, demokrazia batean Legebiltzarreko bilkura bat normaltasunez egin dadin Poliziak esku hartu behar duenean «segurtasun elementu» bat dela esanez, eta «ez errepresioarena». Horrelako kasu batean, «indarkeria zilegi» litzatekeela adierazi du presidenteak. Masen hitzek haserrea eragin dute manifestarien artean, «arratsaldean gerta litezkeen liskarrak zuritu nahi izana» egotzi diote. «Indarkeria salatu eta segidan poliziak indarrez erantzutea zilegi dela diote. Nola uler daiteke hori?», zioen manifestari batek. «Muga guztiak zeharkatu dituztenak, eta aspaldi gainera, politikariak dira», beste batek.

Gainontzeko alderdiak ere Masen bat etorri dira, eta gehienek, haserretuena, demokrazian onartu ezinezko jarrera dela diote. PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako Legebiltzarreko presidente Joaquim Nadalek, esaterako, boikot saiakera hori «azken 31 urteetan ikusi gabeko gertakaria» dela adierazi du. Kataluniako PP Alderdi Popularreko buruak, Alicia Sanchez Camachok, berriz, «hertsaduraz demokraziaren egonkortasuna kolokan jarri» nahi izana kritikatu du, eta bere ibilbide politikoko egunik tristeena izan dela.

Joan Puigcercos ERC Esquerra Republicana de Catalunyako presidenteak, aldiz, ez ditu manifestari guztiak zaku berean sartu nahi izan. Dena den, protestetan zeharkatu behar ez den muga zeharkatu dela adierazi du. Era berean demokrazia parlamentarioa eta parte hartzailea bateragarriak izatea lortu ezin badute, «guztiek porrot» egingo dutela ohartarazi du.

Bestalde, Felip Puig barne sailburuak maiatzaren 27an gertatu zena berak bakarrik ulertu zuela esan du. Egun horretan Polizia M-15 mugimenduko herritarrak Katalunia plazatik indarrez kanporatzen saiatu zen, eta kritika gogorrak jaso zituen Puigek horren harira.

'Haserretuak' sakabanatuta

Goizeko gertakarien ondotik M-15 mugimenduko kideak sakabanatu egin ziren. Hainbatek osoko bilkura bukatu eta legebiltzarkideak atera zain geratzea erabaki zuten. Mila lagun inguruk, aldiz, Generalitatera jo zuten protesta egitera. Azken horiei traidore oihukatu zieten Legebiltzarraren atarian geratu zirenak.

Generalitateko jauregiaren kanpoaldean ordu eta erdi egon ziren eserita eta aldarrikapenak oihukatuz. Gero Ciutadella ingurura jo zuten berriz, eta indarkeria salatzen zuen manifestua irakurri zuten. Horrez gain, gaur ere diputatuei Legebiltzarrera sartzen galarazten saiatuko direla adierazi dute.

Larunbatean erabaki zuten haserretuek maiatzaren 15etik Katalunia plazan zuten kanpalekua desegitea. Dena den, mugimendua bertan amaitzen ez zela adierazi zuten, eta auzoetan lanean jarraituko zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.