Katalunia

Ostegun arratsaldean egingo dute Turullen inbestidura saioa

Ostiralean Auzitegira deitu ditu Llarenak Turull, Forcadell, Romeva, Rull, Bassa eta Rovira. Espetxeratu egin ditzake, eta diputatu akta kendu. Horren aurretik, inbestidura saioa egingo du Kataluniako Parlamentuak, 17:00etan. CUPek osoko bilkuraren aurretik erabakiko du bere botoa.

Josep Rull eta Jordi Turull JxCko parlamentari auzipetuak, joan den asteko astelehenean, Kataluniako Parlamentuan. QUIQUE GARCIA, EFE
2018ko martxoaren 21a
07:09
Entzun

Katalunian ostegunean egingo dute Generalitateko presidente berria aukeratzeko saioa. Jordi Turull presidentegai dela, inbestidura saioa egingo dute. Ostiralean Llarena epaileak Turull eta beste hainbat diputatu espetxeratu ditzakeela jakin ostean, negoziatzen aritu dira JxC eta ERC, eta ados jarri dira bihar bertan Turull inbestitzeko. 17:00etan hasiko da osoko bilkura.

Ez dute oraindik CUPen botoa ziurtatu. Asteazken gauean, Lluc Salellasek azaldu du ERCk eta JxCk "aldebakartasunez" erabaki dutela osoko bilkura deitzea, CUPen onespena gabe. Carles Puigdemontek antikapitalisten botoak leuzkakeela azaldu du Salellasek, baina Turull inbestitu edo ez erabakitzeko, aztertu beharra daukatela erantsi du. Osoko bilkuraren aurretik erabakiko dute antikapitalistek beren botoa; 15:00etan bilduko dute Kontseilu Politikoa.

Asteetako joan-etorrien ondoren, ordu gutxitan askatzen hasi dira korapiloa JxC eta ERC. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak eguerdian iragarri du bilera sorta bat egingo zuela, presidentegaiari buruz erabakitzeko, atzo Jordi Sanchezek diputatu akta utziko zuela jakin eta gero.

Baina Torrentek berri hori eman eta gutxira eman du Pablo Llarena epaileak bere erabakiaren berri. Ostiralerako deitu ditu urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako auziaren aldeak, 10:30ean. Prozesatze agindua jakinaraziko die Turulli, Carme Forcadelli, Raul Romevari, Josep Rulli, Dollors Bassari eta Marta Rovirari. Horrez gain, fiskaltzak eta akusazio partikularrak —Vox alderdiak— auzipetuen behin-behineko espetxeratzea galdegiteko aukera izango dute. Beraz, espetxeratze arriskuan egon daitezke berriz ere Llarenak deitutako auzipetuak.

Horregatik, ostiraleko auzi saioaren aurretik izendatu nahi dute presidente Turull. Inbestidura saioa ostegunean egitea da horretarako aukera, eta asteazken arratsaldean aukera hori aztertzen eta negoziatzen aritu dira JxC, ERC eta CUP.

Inbestidura saioaren aurretik, alderdiekin bilera sail bat egin beharra dauka parlamentuko presidenteak, inbestidura saioaren inguruan elkarrizketatzeko. Ostegunean bilera deitu ahal izateko, Torrentek telefonoz egin ditu kontsulta horiek. Hautagai bakarra Turull dela berretsi du telefono dei horien ondoren, eta segidan egin du agerraldia eta ostegunean parlamentua biltzeko deialdia.

Osteguneko saioa konplikatua izango da, Kataluniako Parlamentuko beste hainbat saio lehenago ere izan diren bezala. PPk dagoeneko iragarri du ostegunean parlamentuko bozeramaile batzordea biltzea galdegingo duela, "osoko bilkura geldiarazteko". Ciutadansek, berriz, osteguneko bilera demokraziaren aurkako neurritzat hartu du.

"Matxinada eta sedizio" delituak, atezuan

Ostiralean Gorenera joateko deia jasoko dute, beraz, Jordi Turull JxCko parlamentari eta Kataluniako presidentetzarako hautagaiak, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta ERCko parlamentariak, Raul Romeva Kanpo Gaietarako kontseilari ohi eta ERCko parlamentariak, Josep Rull Lurralde kontseilari ohi eta JxCko parlamentariak, Dolors Bassa Lan kontseilari ohi eta ERCko parlamentariak eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusi eta parlamentariak.

Llarenak matxinada eta sedizioa egotzi, eta behin-behineko espetxeratzea ezarriko balio, Turulli kargu publikoa etengo lioke. Prozesamendu Kriminalaren Legearen 384 bis artikuluak zehazten duenez, eskuratutako kargu publikoa etengo zaio prozesatuta eta espetxeratuta dagoen auzipetuari. Horrenbestez, Turullek bi baldintza horiek betez gero, parlamentari izateari utziko lioke.

Llarenak Gorenera deitu dituen gainerako parlamentariek ere kargua gal dezakete. Epaileak ez ditu Gorenera deitu auzi berean auzipetuta dauden baina parlamentari ez diren beste akusatu batzuk. Esaterako, Carles Mundo, Meritxell Borras edo Santi Vila Kataluniako kontseilari ohiak.

Hiru hilabete igaro dira bozak egin eta gobernu bat osatzeko negoziazioak hasi zituztenetik. Tarte horretan, behin eta berriz eten da inbestidura saiorako prozedura. Besteak beste, Espainiaren presioen ondorioz orain arteko bi hautagaiek, Carles Puigdemontek eta Jordi Sanchezek, uko egin diotelako presidentetzari. ANCko buruak atzo iragarri zuen politikagintza eta bide batez diputatu kargua uzteko asmoa, eta gaur jakinarazi dio erabakia Roger Torrent parlamentuko presidenteari, idatzi batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.