Iranek astelehenean Ormuzko itsasartean hamar egunez izan ziren ariketa militarrak amaitu bazituen ere, Washingtonen eta Teheranen arteko tentsioa ez da baretu. Izan ere, mehatxuak eta ohartarazpenak ez dira amaitu ariketekin batera, eta otsailean berriz ere maniobra militarrak egingo dituztela jakinarazi du Ali Fadavi armadako komandanteak.
Maniobrak orain arte egin dituztenak bezalakoak ez direla izango jakinarazi du Fadavik, baina ez du ezer gehiago argitu. Azken egunetan harro agertu da Teheran, mundua bere ariketa militarrei so egon den bitartean. Fadavik, hain justu, harro esan du Iran eskualdean nagusi dela eta bertan egiten diren mugimendu guzti-guztiak kontrolpean dituztela.
Otsailean zer egiteko asmoa duten argitu ez badu ere, Ormuzko itsasartea ixteko mehatxuaren beldur dira AEBak. Izan ere, noizbait eraso egiten badiote Persiako Golkoak eta Indiako Ozeanoak bat egiten duten leku hori itxiko duela jakinarazi zuen abenduan. Mundu osoan kontsumitzen den petrolioaren %40 inguru igarotzen da handik, eta Teheranek itsasarteak ixteak mundu osoan ondorio larriak eragin ditzake. Urte amaieratik etengabeko mehatxu katea sortu du horrek, eta hainbat adituk gerrarako arriskua piztu daitekeela ohartarazi dute. AEBek, hain justu,itsasartea irekita egoteko beren esku dagoen guztia egingo dutela hitzeman dute.
Programa nuklearra auzitan
Iazko azaroan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Iranek bonba nuklearra lortzeko asmoz lan egin duela jakinarazi zuen txosten batean. Teheranek salaketak ukatu ditu, eta bere programa nuklearra erabilera zibilerako dela adierazi du.
Txosten horretan argitara emandako datuek, baina, Washingtonen Iranekiko mesfidantza areagotu dute, eta hainbat zigor ezarri dizkio herrialdeari. EB Europako Batasunak ere hilabete honetan hainbat neurri hartuko dituela espero da.
Otsailean Ormuzen maniobra militar gehiago egingo ditu Iranek
Eskualdean nagusi dela adierazi du Teheranek, eta han egiten diren mugimendu guztiak kontrolpean dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu