Saeb Erekat Palestina Askatzeko Erakundearen idazkari nagusiak gogor kritikatu du AEBen jarrera aldaketa Zisjordaniako kokalekuen inguruan: «AEBek ez dute jarrera hori aplikatzen munduko beste eremuetan. Hortaz, erabakia erronka bat da nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik, [Washingtonek] hori ordezkatu nahi baitu, eta oihaneko legea inposatu».
Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak atzo jakinarazi zuen Washingtonen iritzi aldaketa: Etxe Zuriaren ustez, Israelen Zisjordaniako kokaguneak ez dira legez kanpokoak, ez dutelako «nazioarteko zuzenbidea urratzen». Jarrera aldaketa horrek are gehiago zaildu du Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari konponbide bat aurkitzea, Trump AEBetako presidente kargura iritsi zenetik Tel Aviven aldeko hainbat adierazpen eta ekintza egin baititu.
Horien guztien ondorioz, Erekatek uste du AEBek «sinesgarritasuna galdu» dutela gatazkei irtenbidea emateko «nazioarteko aktore» gisa. Palestinako Aginte Nazionalak bide beretik jo du Trumpekiko kritiketan, eta adierazi erabakia «mehatxu bat» dela «nazioarteko segurtasunarentzat eta bakearentzat».
Horri buruz, Pompeok atzo esan zuen «sekula» ez dela izango Israelen eta Palestinaren arteko gatazkarentzako «konponbide judizialik», eta ziurtatu zuen nazioarteko zuzenbidean oinarritutako argudioek ez dutela bakea ekarriko: «Hau arazo politiko konplexu bat da, eta soilik israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioekin konpondu daiteke». Baina, Pompeoren iritziz, nazioarteko zuzenbideak ez du izan behar «negoziazio» horiek gidatzeko irizpide.
Washingtonek iritzia aldatu arren, Bruselak bereari eutsi dio, eta Israelen kokaguneak legez kanpokotzat jotzen segituko du, Federica Mogherini EBren diplomaziaburuak atzo jakinarazi zuenez. Are, berriz dei egin zion Tel Avivi kokaguneak sortzeko planak amaitzeko. Zisjordaniako gune horietan 600.000 judu inguru bizi dira.
Jarrera "inkoherentea"
Iritzi aldaketaren berri emateko agerraldian, AEBetako Estatu idazkariak errepasoa egin zion Etxe Zuriak auziari buruz izan duen jarrerari. Haren esanetan, «inkoherentea izan da hamarkadetan». Gogora ekarri zuenez, 1978an, Jimmy Carterren gobernuak ondorioztatu zuen Israelen kokalekuak legez kanpokoak zirela, eta hiru urte beranduago atzera egin zuen Ronald Reaganek.
Barack Obamaren gobernuak, berriz, bide eman zion NBEren Segurtasun Kontseiluan Israelen kokalekuak nazioarteko zuzenbidearen «urratze larria» direla jasotzen duen ebazpenari. Kontrako norabidean egin du orain Trumpek.
Pomperen hitzetan, Obama gobernura iritsi arte, AEBetako administrazioek onartzen zuten «kokalekuetan mugarik gabe jardutea bakearentzako oztopo izan zitekeela, baina era jakintsu eta zuhurrean aitortu zuten kokaleku legezkoetan ezartzeak ez duela ahalbidetzen bakea lortzeko norabidean aurrerapausoak ematea».
Zehaztu zuenez, AEBen iragarpena ez dago zuzenduta Israelen kokaleku jakin bati edo batzuei. Auzitegietan beren legezkotasuna kolokan izan dezaketen kokalekuei buruz adierazi du Israelgo Justiziak «kokalekuen jarduna zalantzan jartzea» ahalbidetzen duela eta «auzi humanitarioak» neurtzen dituela.
Horrez gain, argitu du AEBen irizpidea ez dela aplikagarria munduko gainerako herrialdeentzat. Haren esanetan, «aparteko gertaeren, historiaren eta Zisjordaniako kokaleku zibiletako baldintzen» ondorio da AEBen jarrera.