PAKISTAN. UHOLDEAK. Negu gorrian, eta esku-hutsik

Pakistan hasia da uholdeek eragindako kalteetatik bere onera itzultzen, baina orain beste arazo bat dute: negua heltzear da, eta egoerak nabarmen okerrera egin dezake ezer gabe geratu diren herritarrentzat.

arantxa elizegi egilegor
2010eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Asko dira Pakistan iparraldeko paisaiaz maiteminduta itzultzen diren mendizaleak. Ez da harritzekoa, izan ere, tontorrak gustuko dituztenentzat paradisua da inguru hura. Azken euriteek, ordea, ezusteko tranpa bilakatu dute ametsezko lurraldea. Uholdeek kalte gehien hegoaldean eragin duten arren, iparraldean ere izan da biktimarik. Baltistanen, esaterako, 51 lagun hil eta uztak eta etxeak suntsitu dituzte luiziek. Kalte larrienak Talis eta Qumrah herrietan izan dira; baina Karkhon, Franon, Ghurseyn, Balegonen eta Shigarren ere hondamendia nabarmena da.

Egoerak, hala ere, okerrera egin dezake laster. Izan ere, negua ate joka ari da, eta herritar askok ez du hari aurre egiteko baliabiderik. Ondorioz, nazioartetik bidalitako laguntzaren eta Gobernuak emandakoaren menpe bizi dira. «Neguan zero azpitik hogei graduko tenperatura izaten dute, eta harrizko eta adobezko etxeetako su txikien ondoan igarotzen dituzte egunak. Aurten, baina, luiziak izan ez diren eremuetan euriteek %60 edo %70 gutxiago jasotzea eragin du», azaldu dio Ortzi Akizuk BERRIA-ri. Felix Baltistan Fundazioko kooperantea da bera, uztailaren amaieran heldu zen Pakistanera, euriteekin batera. Haren hasierako asmoa, herritarrei energia berriztagarriak erabiltzen irakastea bazen ere, luiziek aldarazi egin zizkioten planak. «Gure lana da etxeak berreraikitzea eta prebentzio sistema prestatzea».

Laguntza bai, baina eskas

Uztailaren amaieran dozenaka biktimez hitz egiten zuten, baina irailaren hasierarako 1.800 inguru ziren hildakoak, eta milioika kaltetu eta desplazatuak. Horientzat guztientzat 30,6 milioi euroko laguntza hitzeman du NBE Nazio Batuen Erakundeak larrialdietarako funtsetik. Nazioarteak iragarritako 361 milioi eurotatik, berriz, %67 inguru jaso ditu dagoeneko Pakistanek. «Hori baino askoz gehiago egin behar dugu komunitateak inoiz aurkitu duen larrialdi okerrenari aurre egiteko», ohartarazi du NBEko Gai Humanitarioetarako idazkariordeak, Valerie Amosek.

Laguntza hori guztia, ordea, hegoaldean geratuko da ziurrenik, eta, hala, iparraldeko herritarrek Gobernuaren eta atzerriko nahiz bertako gobernuz kanpoko erakundeen bidez lortzen dutenaren zain geratu beharko dute. «Atzerriko laguntza Italiako CESVI erakundearen bidez bideratu dugu. Kontua da NBEren laguntzak ez direla iristen eskatu ezean, eta eskaera egiteko astebete inguru behar dela, eta erantzuna jasotzeko, berriz, beste bi aste, eta ziurrenik ez dugu, hala ere, ezer lortuko», dio Akizuk.

Horregatik, kanpotik heltzen denaren zain geratzea ez danahikoa. Felix Iñurrategi Foundation-Baltistan Machuluko koordinatzaile Samshaier Aliren esanetan, berreraikitze lanak lehenbailehen bukatzea da orain beharrezkoena, egin ezean, dozenaka familiak ez dutelako negua igarotzeko aterperik izango. «Hemen, Talisen, asko dira aterperik gabe geratu direnak; beste askok, berriz, ez dute euren animaliak gordetzeko tokirik. Orain Ramadanean gaude, baina horren ostean negua helduko da, eta familiek laguntza behar dute».

Etxerik eta uztarik gabe, zenbait herritar batzordeetan bildu dira agintariei kalte-ordainak eskatzeko. Pakistan, baina, ezin da Europako estatuekin alderatu. Hemen janaria, osasuna eta etxebizitza eskubide dira; han, berriz,pribilejio. «Jendea ez da asko kexatzen; gainera, Ramadanarekin oso ahul daudenez, egunerokoan murgiltzen dira. Hala, euren etxeak berreraikitzen saiatzen dira, edo behintzat desegin eta erabilgarri dena erabiltzen, eta Gobernuak bere kabuz zubiren bat eraikitzen badu, ondo», azaltzen du Akizuk.

Kalte-ordainak

«Hemen herritarrek galdutakoabakarrik eskatu beharrean, bikoitza eskatzen dute, sistemak gutxi gorabehera funtzionatzen duelako. Alegia, batek zuhaitz bat galtzen badu, bi galdu dituela salatzen du, badakielako Gobernuak eskatutakoaren erdia emango diola, eta hori ere ez dakigu noiz helduko den», adierazi du Felix Baltistan Fundazioko kideak. Kezkatuta ageri da, kalte-ordainak jasotzeko modu horrek ez duelako emaitza onik ematen normalean, eta kasu honetan, hegoaldeko hondamendia askoz ere handiagoa denez, ziurrenik iparraldeko herritarrek ez dutelako laguntzarik jasoko.

Talis, Machulu eta inguruetako herritar askoren egoera benetan da larria. «Urak garia, garagarra, tomateak eta albertxikoak ez ezik, patatak ere lurpetik eroan ditu», adierazi du Akizuk. Ramadanarekin, gainera, arazoak ugaritu egiten dira; izan ere, gaua heltzen den arte ezin dute ezer jan eta edan, baina geratzen den uzta apurra egunez bildu behar dute erabat galduko ez bada. Horrek osasun arazoak eragiten ditu herritarren artean. Horiek hala, bi emakume hil dira Machulun, jan eta edan gabe egun osoz lanean aritzeagatik.

Nekazaritzatik lortzen ez dituzten produktuak -eraikitzeko materiala, arropa, olioa eta abar- hegoaldean erosten dituzte. Baina euriteek hondatuta utzi zuten Karakorumgo errepide nagusia, eta, ondorioz, ia bakartuta daude eskualdeko hainbat herri. Erregaia, oilaskoa eta olioa luxuzko produktu bilakatu dira. Horregatik, Akizuk eskerrak eman nahi izan dizkie Euskal Herritik laguntza eman dutenei. «Guk eskulana jar dezakegu, baina zuen baliabideen bidez, Baltistango jendeak bizirik jarraitzen du».



Mendi eskola lehen, gobernuz kanpoko erakundea orain

Felix Baltistan Fundazioa 2000. urtean sortu zuten euskal mendizaleek, tartean Alberto Iñurrategik, bailarako mendi espedizioetako zamaketarien laguntzarekin. Hasieran bertakoentzako mendi eskola gisa sortu zen. Ordea, garatuz joan da urtetik urtera, eta gaur egun gobernuz kanpoko erakundea da.

Egun Hushe bailarako garapen integralerako estrategia dute martxan. Horretarako, hainbat proiektu jarri dituzte abian: nekazaritza, emakumeen suspertzea, osasuna, energia eta abar. Egunotan, baina, uholde eta luizien ondorioz, fundazioak herriak berreraikitzean jarri ditu indar guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.