Pakistanek adierazi du Indiak eraso egingo diola datozen orduetan

Pakistango Informazio ministroak esan du «informazio fidagarria» daukatela eraso hori gertatuko dela sinisteko. Kaxmirko erasoa izan zenetik zortzi egun pasatu diren honetan, Indiak Segurtasun Nazionaleko Batzordeko kide guztiak aldatu berri ditu.

Pakistango manifestariak, Indiako lehen ministro Narendra Modi irudikatzen duen panpina bat erretzen. REHAN KHAN / EFE
Pakistango manifestariak, Indiako lehen ministro Narendra Modi irudikatzen duen panpina bat erretzen. REHAN KHAN / EFE
urko iridoy alzelai
2025eko apirilaren 30a
15:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Pakistanek azaldu du esku artean duen informazioaren arabera uste duela Indiak eraso egingo diola datozen orduetan. Apirilaren 22an, 26 turista hil zituzten Kaxmirren izandako tiroketa batean, eta Indiak Pakistani egotzi dio atentatuaren erantzule izatea. Horren ondorioz, azken astean tentsioa areagotu egin da bi herrialdeen artean, eta Attaullah Tarar Pakistango Informazio ministroak gaur adierazi du Indiak datozen 36 orduetan egingo duela erasoa, jaso duten informazioaren arabera betiere. Pakistan prest agertu da «gogor erantzuteko» Indiak erasoa eginez gero. Aintzat hartu behar da bi herrialdeek arma nuklearrak dituztela.

Atzo, Pakistango Defentsa ministro Khawaja Asifek esan zuen presentzia militarra areagotu dutela Pakistanen eta Indiaren arteko mugan, aukera «handia» dagoelakoan Indiak Pakistanen eraso militar bat egiteko. «Gure bizilagunak suarekin jolasean ari dira, eta, azkenean guri erasotzeko erabakia hartzen badute, berdin erantzungo dugu», adierazi zuen atzo Mohsin Naqvi Pakistango Barne ministroak. Indiaren arabera, Kaxmirko atentatuko erasotzaileetako bi pakistandarrak ziren, eta, beraz, Pakistani leporatu dio atentatuaren erantzukizuna. Bestalde, Indiako Gobernuak Segurtasun Nazionaleko Batzordeko kide guztiak aldatu ditu gaur. Zazpi kide berri izendatu ditu gobernuak Segurtasun Nazionaleko Batzordea kudeatzeko, denak militar ohiak.

Indiak bidalitako drone bat atzeman zuen atzo Pakistango armadak, Indiak eta Pakistanek muga egiten duten Kaxmirko eremuan. Era berean, Indiak salatu du azken astean Pakistanek tiroketak egin dituela mugako hainbat lekutan, eta 1972. urtetik indarrean dagoen menia urratzea leporatu dio. Bi herrialdeen arteko azken bonbardaketak 2019. urtean izan ziren, eta, horien harira, berrogei polizia hil ziren Pakistango lurretan.

Indiak Pakistango diplomazialariak kanporatu ditu herrialdetik, eta hainbat bisa ezeztatu ditu pakistandarrentzat. Horrez gain, bertan behera utzi du 1960ko Indusko Ur Ituna. Itun horren arabera, Indus ibaiko urak partekatuak dira, baina, ituna bertan behera utzita, Indiak bere gain hartu asmo du uraren kudeaketa. Horren harira, Pakistango Gobernuak esan du Indiak «gerra bat» piztu duela.

Ostiralean, Pakistango Senatuak ohar bat argitaratu zuen, eta berretsi Pakistanek ez zuela zerikusirik atentatuarekin: «Txartzat jotzen dugu Indiako Gobernuak antolatu duen fede txarreko kanpaina: helburu politikoetarako baliatzen du terrorismoaren afera». Pakistango Gobernuak azaldu du herrialdea «terrorismoaren biktima» izandakoa dela, eta ongi ulertzen duela horrek zer-nolako mina sortzen duen. «Indiak epaile, epaimahai eta urkatzaile moduan dihardu Kaxmirren, eta hori ez da bidezkoa», azaldu du gaur gobernuak ohar bidez.

Nazioarteari laguntza eske

Atzo Pakistanek, Xehbaz Xarif lehen ministroaren bidez, NBE Nazio Batuen Erakundeari eskatu zion bitartekaritza lanak egin zitzala, eta Indiari lasaitasuna galdegin ziezaiola. Xarifek Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiari helarazi zion eskaera, dei batean, eta nabarmendu zion Pakistanek ez duela zerikusirik atentatuarekin. Indiak, berriz, NBEri esan dio bi herrialdeen arteko arazoak konpontzea «oso garrantzitsua» dela, eta «justizia» besterik ez dutela nahi.

AEBek eta Txinak tentsioa apaltzeko eskatu diote bi herrialdeei. Kaxmir hiru herrialderen artean banatuta dago, eta, hain zuzen, Txinaren esku dago parte horietako bat. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gatazkan bitartekari aritzeko aurkeztu du bere burua, iritzita gaur egungoa «ataka zaila» dela, eta elkar ulertzen lagundu diezaiekeela bi herrialdeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.