Jusuf Raza Guilani Pakistango lehen ministroaren hitzetan, herrialdeak gaitasuna du «egoera neke honi» irtenbideak emateko; «Gure armadak hasitakoari eutsiko dio bakea izan arte, ezen borroka honek hurrengo belaunaldien etorkizuna bermatuko du».Alderdi guztiek erasoaldia babestu izanak agerian uzten du, lehen ministroaren arabera, «garai nekezko hauetan» herria bat egiteko gai dela.
Asif Ali Zardari Pakistango presidenteak armadak erasoaldia bururaino eramango duela berretsi du. Swat haranean talibanen kontra daraman oldarraldia, baina, haratago ere joan daitekeela ohartarazi du. Sunday Times egunkari britainiarrean atzo argitaratu zen elkarrizketan, honelaxe zioen Zardarik: «Swaten egiten ari dena hasiera baino ez da; borrokak aurrera jarraituko du, beste eskualdeetan ere muturreko joerak dituztenak amaitzeko».
Iheslariak, bi milioitik gora
Pakistango armadak apirilaren 26an hasitako oldarraldi handiaren ondorioz, milatik gora gerrillari taliban hil direla ziurtatu zuen igandean Rheman Malik. Barne ministroaren hitzetan, borroketan bizia galdu duten soldaduak, aldiz, 50 dira.
Gerra guztietan bezala, baina, honetan ere zibilak dira kaltetuenak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez, jada 1.450.000 desplazatu eragin dituzte borrokek. Datu honi iazko abuztutik ihesean diren lagunen kopurua gehitzen bazaio, alta, jada bi milioi lagunek utzi behar izan dute etxea. Haatik,«garbitu» dituzten eskualdeetako «milaka bizilagun» etxeratzen hasiak direla ziurtatu zuen atzo larrialdi egoerako batzordeko bozeramaile Adnan Khanek.
Swat, Dir, Buner, Chitral, Kohistan, Shangla eta FATA eskualdeetan dute eragin handiena talibanek; jokaera ezberdinak dauzkatela dio Pakistango Gobernuak.
Aurpegi anitzetako gerrilla
A.S.Taliban izena mundu zabalean da ezaguna egun. Afganistanen 1996ko iraila eta 2001ko azaroa bitartean boterean egon ziren muturreko islamistak, eta garai hartan zabaldu zen taliban hitzaren oihartzuna mundu zabalean. AEB Ameriketako Estatu Batuek zuzendutako nazioarteko koalizio militarrak bota zituen agintetik talibanak. Washingtonek 2001eko irailaren 11ko erasoen erantzule izatea leporatu zien talibanei; Osama Bin Laden erasoaren ustezko erantzule nagusiari babesa ematea.
Pakistanen daude, alta, talibanen sustraiak, zehazki madrassa edo eskola koranikoetan. Taliban izenak berak ikasle edo ikertzaile esan nahi du. Eskola koraniko ugaritan islamaren ikuspegi fundamentalista nagusitu da, eta talibanek horren araberako gizarte bat eratzea dute helburu, xaria lege islamikoa oinarri nagusitzat hartuta.
Pervez Musharrafek, Pakistango orduko presidenteak, «terrorismoaren aurkako borroka» zela eta, irailaren 11ko erasoen ostean, bat egin zuen Washingtonekin. Talibanek aitzakiatzat hartu zuten aginte federalari jazartzeko. TTP Tehrik-e-Taliban Pakistan -Pakistango Talibanen Mugimendua- orduan eratu zen eta orotara muturreko hamahiru talde islamistek egin zuten bat erakundean. Baitula Mehsud gerrillaria da burua.
Islamabadeko agintearen kontrako borroka aldarrikatu dutenetik, segurtasun indarretako bi mila kide baino gehiago hil dituzte talibanek. Azken urte eta erdian, berriz, gerrillari islamistak erantzuletzat jo diren erasoetan -ekintza suizidak gehienak-, 1.800 lagun baino gehiago hil dira,gehienak zibilak.
Talibanen indarra gero eta nabarmenagoa da hainbat eskualdetan; Pakistango iparraldeko sei barrutietan, esaterako, indarrean dago xaria legea. NWFP Ipar-Mendebaldeko Mugako Probintziak eta Gobernuak Fazlula mula buru duten gerrillari islamistekin bake akordioa sinatu zuten iragan otsailean Swaten. Itun horretan talibanek hitzeman zuten armak utziko zituztela xaria lege islamikoa ezartzearen truke. Alabaina, borroka armatua bertan behera utzi ordez, talibanak inguruko barrutietan hedatzen hasi ziren eta egoera horrek bultzatu zuen egungo erasoaldi militarra.
Talibanen indarra auzitan
Pakistango armadako bozeramaile Athar Abbas jeneralaren iritzian, baina, «talibanak ez dira benetako arrisku bat» Islamabadeko gobernuarentzat. Aginte militarreko eledunaren esanetan: «Bat eginda daudela sinetsarazi nahi badute ere, benetan ez da horrela». Swat haraneko talibanen %90 hangoak dira, jeneralaren hitzetan, eta auzoko barrutietara hedatzea gura badute ere, «ez dute esparru zabalago batera zabaltzeko plangintzarik».
Baitula Mehsud Pakistango talibanen buruzagi gorena Hego Waziristango eskualdean gerizatuta dagoela uste dute Pakistango eta AEBetako zerbitzu sekretuek. Washingtonek bost milioi dolarreko dirusaria hitzeman du hura atxilotzea edo hiltzea lagunduko lukeen informazioaren truke. Izan ere, bera jotzen dute azken urte eta erdian gertatutakoaren erantzule; baita Benazir Bhutto lehen ministro izandakoaren hilketaren atzean izatea ere -2007ko abenduan hil zuten Bhutto-.
Pir Zubair Shah kazetariaren ustez, Mehsuden manuetara eraso suizidak egiteko prest dauden 2.000 ekintzailetik gora daude. Horrek nabarmendu du Waziristango talibanak Al Kaeda erakundeari gehiago lotuak direla Swat haranekoak baino.