Jusuf Raza Gillani Pakistango lehen ministroaren kontrako atentatua egin dute gaur Rawalpindi hirian, Pakistanen bertan, haren autoaren aurka tiroak botata, baina agintariak onik irten du. Oraindik inork ez du hartu bere gain ekintza. Larunbatean presidentziarako hauteskundeak egingo dituzte Pakistanen.
"Alari esker, lehen ministroa ondo dago", adierazi du haren bozeramaile Zahid Bashirrek. "Atentatu egileen bi tirok ministroaren autoa jo dute, gidariaren ondoko beiran, baina autoa blindatutakoa da, eta barruan zihoazen denak onik daude". Rawalpindiko Benazir Bhutto aireportutik Islamabad hiriburura zihoan Gillani, bizi den tokira.
PPP Pakistango Herriaren Alderdiko kidea da Gillani, eta martxoan hautatu zuen Legebiltzarrak gobernua zuzentzeko. Benazir Bhutto lehen ministro ohia alderdi hartakoa zen, eta atentatuan hil zuten orain dela urtebete.
Pakistanen independentzia lortu zuten buruzagien artean zeuden Gillaniren arbasoak, eta berak ere haiek hasitako bidea jarraitu du. 1952ko ekainean jaio zen, Karatxin, eta 1978an sartu zen politikagintzan. 1983an Multango herri batzordeko buru aukeratu zuten, eta hortik ministro izatera igaro zen. Baina lehen ministroarekin izandako eztabaidek, kargua uztera behartu zuten.
Handik gutxira PPPn sartu zen, eta alderdikideen sostengua irabazi du. Preso ere egona da 2001ean, iruzurra egotzita. Leialtzat dute bere kideek.
Mundua
Pakistango lehen ministroak onik irten du bere kontrako atentatutik
Tiroak bota dituzte Jusuf Raza Gillaniren autoaren kontra. Larunbatean presidentziarako hauteskundeak izango dira han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu