Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

Palestina, estatura bidean

Palestina eskubide osoko kide gisa aitortzeko eskaria egingo du PANek NBEko Segurtasun Kontseiluan hilaren 22anAEBek ekimenaren kontrako beto eskubidea erabiliko dutela iragarri dute

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Palestinarren apustuak ez du atzera bueltarik. Gogaituta daude. Ia urtebete igaro da Israelekiko negoziazioak eten zirenetik, eta astea joan astea etorri, kolonoen eraikuntza berriek gero eta lur gehiago hartzen dizkiete. PAN Palestinarren Aginte Nazionalak argi dauka negoziazioaren bidea jada ezin dela independentzia lortzeko bide bakarra izan, eta Nazio Batuen Erakundean aulkia lortzeko apustu sendoa egin du. NBEko 194. kidea izan nahi du PANek: eskubide osoko kidea, 1967ko mugak errespetatzen dituen estatu gisa. Hilaren 22an egingo du eskari ofiziala, baina AEBek betoa ezarriko diotela jakinda, ia ezinezkoa izango da ekimenak bere horretan aurrera egitea. Hala ere, ez du eskariaren maila gutxituko, eta aitortza gorena galdegingo du.

«Ezin gara aldi berean Segurtasun Kontseilura eta Batzar Nagusira joan. Ekimenak Kontseiluaren babesa lortzen ez badu, ikusiko dugu zer egin», adierazi du Mohamed Shtajek, PAE Palestina Askatzeko Mugimenduko ordezkariak. Izan ere, NBEko eskubide osoko kidea izateko ezinbestekoa da Segurtasun Kontseiluaren onarpena jasotzea, eta inork betorik ez jartzea —AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak eta Errusiak dute beto eskubidea—. Hortxe dute palestinarrek oztopo nagusia. Barack Obama AEBetako presidenteak argi utzi du «gogor» egingo dutela palestinarren ekimenaren kontra, «ez duelako arazoa konponduko»; Palestinako estatuak Israelen eta PANen arteko negoziazioen ondorioz sortu behar du, haren ustez.

Dena dela, NBEko eskubide osoko kide izateko eskaria egingo du PANek hilaren 22an. Segurtasun Kontseiluaren ebazpena kaleratu arteko prozesuak luze zein motz jo dezake; baliteke lau egun irautea —oraintsu Hego Sudanekin gertatu den bezala—, baina baita hainbat hilabete atzeratzea ere. «NBEko botoa ez da azken aukera, ez da munduaren akabera. Egiaren garaia da denentzat, eta denek egin behar diote aurre. Ezin da arabiar munduarentzako askatasunaz hitz egin, eta Palestina aipatzerakoan paso egin», esan du Shtajek. Gainera, 1950eko hamarkadan Japoniak eta Portugalek ere erakundean sartzeko arazoak izan zituztela gogorarazi du Shtajek; orduan, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak betoa jarri baitzien hainbat aldiz.

Bestalde, datorren ostiralean Mahmud Abbas PANeko presidenteak palestinarrentzako hitzaldi bat egingo du, eta NBEn estatu kide gisa onartzeko eskariaren inguruko azalpenak emango dizkie herritarrei. Hilaren 23an, berriz, bezperan Segurtasun Kontseiluari igorritako ekimena defendatuko du NBEren Batzar Nagusian.

Bigarren mailako kidea

Abbasek badaki, aurretiaz, gehiengoaren babesa jasoko duela bozketan, dagoeneko NBEko 140 herrialdek aldeko botoa emango dutela baieztatu baitute. Guztira, 193 herrialde daude Batzar Nagusian, eta bi herenen babesarekin —129 herrialde— nahikoa dute Palestina estatu independente gisa aitortzeko. Alabaina, Segurtasun Kontseiluaren betoak, balio gabe utziko luke bozketa. Kasu horretan, «kide ez den estatu gisa» aitortzea eskatuko luke PANek Batzar Nagusietan, eta bozketan 129 herrialderen babesa beharko luke; Vatikanoak, esaterako, estatus horixe du NBEren barruan.

Nolanahi ere, PANek ez du itxaropen faltsurik sortu nahi herritarrengan. «Irailaren 20tik 30era bitartean Gaza eta Zisjordaniako palestinarren egoera ez da aldatuko. Baina, gutxienez, erreferentzia gisa hartzeko moduko mugarri bat izango dugu, eta nazioarteko zuzenbidea ezartzeko aukera», esan du Shtajek.

Bitartean, ugarituz doaz palestinarren ekimenaren aldeko ahotsak herrialde arabiarretan. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak Arabiar Ligak atzo Kairon egindako bileran esan zuenez, «Palestinako estatua aitortzea ez da aukera bat, beharrizan bat baizik». Ildo berean, Turki al Faisal Saudi Arabiako printzeak palestinarren eskariari baiezkoa emateko eskatu die AEBei. «Kontrakoa egiten badute, arabiar munduan duten sinesgarritasun urria galduko dute». Gazako ehundik gora gobernuz kanpoko erakundek, halaber, adierazpen bat kaleratu dute NBEri Palestina estatu gisa aitortzeko eskatuz.

Israelen beldurra

Palestinarren benetako helburua, aldiz, Tel Aviv bakartzea dela adierazi du Yuli Edelstein-ek, Israelgo Diaspora eta Diplomazia Publikoko ministroaren arabera. «Ez dut uste NBEko ekimenak bake prozesua berriz abiatzeko balio dezakeenik». Dagoeneko, Benjamin Netanyahuren gobernua mehatxuka hasi da. NBEk Palestina estatu gisa aitortuz gero, ez ditu Osloko Ituna, bake prozesua eta PAN onartuko.

Baina batez ere Hagaren itzalak beldurtzen du Israel. NBEk 1967ko mugen barruko Palestina aitortuko balu, milioi erdi israeldar beste herrialde bat okupatzen egongo lirateke nazioarteko legediaren arabera. Palestinak Nazioarteko Zigor Auzitegian sartu ahal izango luke, eta Israel gerra krimenengatik salatu. Gazan, esaterako, diru laguntza gehiago jaso ezean umeei janik ezingo diela eman salatu du UNRWAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.