Ia aho batez onartu du Espainiako Kongresuak ekimena, eta aitortza hori "irtenbide bakartzat" jo dute Israel eta Palestinaren arteko gatazka konponbidean jartzeko. Adostutako testuaren arabera, Palestinako estatuaren aitortzak Israel eta Palestinaren arteko bake negoziazioen "ondorio" izan behar du.
Halaber, kongresuak Espainiako Gobernuari eskatu dio Europako Batasunean susta dezala Palestinako estatuaren aitortza, kontuan izanik "Israelen kezka, interes eta asmo legitimoak".
Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroa pozik agertu da ekimenak izandako adostasun mailarekin, eta espero du kongresuaren adierazpenak balio izatea ekialde hurbileko bake prozesua blokeotik ateratzeko. PSOEk aurkeztu du ekimena, eta Trinidad Jimenez diputatuak ere azaldu du bertako bake prozesuari egin dakiokeen "ekarpen onena" dela adierazpena.
Irailaren 23an, eskubide osoko estatu gisa aitortzeko eskaria egin zuen Mahmud Abbasek NBEn, "Ekialde Hurbilean bakea bermatzeko". Urriaren 30ean, Suediako Gobernuak aitortu zuen Palestina estatu gisa, eta Frantziako Asanbleak azaroaren 28an bozkatuko du horren inguruan.