Al Fatak irabaziko ditu Palestinako Legebiltzarreko hauteskundeak, Bir Zeit Unibertsitateak atzo gauean hauteslekuetan egindako inkestaren arabera. Alabaina, ez du gehiengo osoa eskuratuko. Inkestak botoen %46,4 eman zizkion Al Fatari eta %39,5 Hamasi. Emaitzak baieztatuz gero, lehenak 63 eserleku izango lituzke Legebiltzarrean 132 diputatu izango dira guztira eta Hamasek 58. Emaitza ofizialak bihar espero dira.
Hauteskundeak istilu handirik gabe eta 1,3 milioi hautesleen parte hartze oso zabal batekin igaro ziren: %77,69koa izan zen parte hartzea (1996an baino %2 inguru handiagoa). Gazan izan zen parte-hartzerik handiena; palestinarren %81,65ek bozkatu zuten. Zisjordanian, %74,18k. Eki Jerusalemgo emaitzarik ez zegoen lerro hauek idaztean, aurreikusi baino bi ordu geroago itxi zituztelako hauteslekuak. Jakinmin handia da Al Fata alderdi laikoaren eta Hamas mugimendu islamikoaren artean zeinek gailenduko duen jakitea. Hamasek Al Fatari aurrea harturik ala ez, eragin nabarmena izango du hurrengo legebiltzarrean, eta litekeena da Palestinako Aginte Nazionaleko gobernuan parte har dezan.Hamas Erresistentzia Islamikorako Mugimenduak ziurtatu du Legebiltzarrean jardungo badu ere, erresistentziari eutsiko diola, okupazioak iraun bitartean. Horixe esan zuen atzo Hamaseko zerrendaburu Ismail Haniak, Gazako Shatti errefuxiatu bizigunean botoa ematera joatean. «Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek diote Hamasek behar duela, edo Palestinako Legebiltzarrean jardun edo armak eskuetan eduki; geuk, ordea, Legebiltzarrean jardungo dugula eta, Israelen okupazioak iraun bitartean, armekin aurre egiten jarraituko dugula erantzuten diegu».«Horretan ez dago kontraesanik», ziurtatu zuen Hamaseko zerrendaburuak. Hala, erresistentziarekin jarraitzeko asmoa azaldu zuen: «Ez diegu inoiz uko egingo palestinarren herri eskubideei eta ez diogu sekula amore emango Israelen okupazioari». Haniaren iritzian, «Hamasi presio egiteko ordez, europarrek eta Washingtonek hobe lukete Israeli presio egitea, palestinarren eskubideak errespeta ditzan eta okupazioarekin amaitu dezan». Mahmud al Zahar Hamaseko burukide nagusiak, berriz, ziurtatu zuen mugimendu islamikoak ez duela aldaketarik egingo Israelgo estatuaren desagerraraztea aldarrikatzen duen bere aldarrikapen-agirian. «Geure Kartaren hitz bakar bat ere ez dugu aldatuko eta agintean egonez gero, geure egitasmo politiko osoa gauzatuko dugu hurrengo lau urteetan», adierazi zuen Al Zaharrek.
Israelen solaskideak
Hamasi aurrea hartzea lortzen badu ere azken batean Al Fatak, orain arte jardunean zen Legebiltzarrean zeukan erabateko indarra galdu egingo du. 1996. urtean egin ziren hauteskundeen ondorioz, Jasser Arafat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente zenak sortutako Al Fata alderdiak bereganatu zituen orain arte indarrean izan den Legebiltzarreko 88 jarlekuetatik 68. Hala eta guztiz ere, irabazteko itxaropentsu agertu zen atzo PANeko Informazio ministro Nabil Shaat: «Al Fatak garaipen sendoa lortuko du eta gobernu indartsua eratuko».
Horrelakorik gertatuko denik ez zen hain seguru azaldu, haatik, Ahmed Kureia jarduneko lehen ministroa. Eki Jerusalemetik hurbil kokatutako Abu Dis auzuneko bozkaleku batean bozkatu ostean, hauxe adierazi zuen Ahmed Kureiak: «Hamasek irabazten badu eta geu atzean geratzen bagara, demokraziaren ondorioa izango da, eta onartuko ditugu boto-ontzien emaitzak». Israelgo Gobernuak Hamas partaide izango lukeen PANeko gobernu batekin ez lukeela hitz egingo ziurtatzeaz, zera zioen, aldiz, Kureiak: «Israelekin hitz egin beharrean gaude eta honek ez dauka inolako eskubiderik gurako dauzkan solaskideak aukeratzeko; palestinarren aldetik solaskiderik nahi badu Israelek, izango du».
PALESTINAKO HAUTESKUNDEAK. Al Fatak ez du gehiengo osoa izango, lehen emaitzen arabera
Bir Zeit Unibertsitateak egindako inkestaren arabera, egun agintean den alderdiak botoen %46,4 lortuko ditu eta Hamas Erresistentzia Islamikorako Mugimenduak %39,5; litekeena da Hamas gobernuan sar dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu