Palestinari buruzko proposamenak esku artean, NBE oraindik zalantzati

PANek aste honetan bertan aurkeztu nahi du ebazpena Segurtasun Batzordean.Frantziaren agiriak zalantza eragin du Etxe Zurian

John Kerry eta Benjamin Netanyahu, Erromako hitzorduan. A.B. GERSHON / EFE.
Samara Velte.
2014ko abenduaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtea amaitzen ari da, eta berandu baino lehen bozkatu beharko du Nazio Batuen Erakundeak Palestinaren inguruan. PAN Palestinako Aginte Nazionalak aste honetan bertan aurkeztu asmo du bere proposamena Segurtasun Batzordean —beharbada asteazkenean, Ekialde Hurbileko hedabideen arabera—, baina botoa emango duten herrialdeetako gobernu batzuek jarrera argitzeko daukate oraindik.

Haaretz egunkariaren arabera, SaebErekat PANeko negoziatzaile buruak aitortu du oraindik ez dutela lortu kontseiluko bederatzi kideren babesa. AEBek, orain arte egin ohi duten gisan jarraitzen badute, betoa ipiniko diote palestinarren proposamenari; eta beste zenbait herrialderen ustez, proposamena ez da aski orekatua.

PANek aurkeztu asmo duen agiriak bi urteko epea zehazten du Israelen okupazioa amaitzeko; horren ondoren, Israelgo armada Zisjordaniatik eta Gazatik atera eta nazioarteko indarrak sartuko lirateke aldi baterako, Palestinako Estaturako trantsizioa zaintzeko. Frantziak ere proposatuko du berea, baina bi urteko negoziazio epe bat proposatu du. Palestinarrek nahi luketen baino agiri epelagoa da, baina aski, nolanahi ere, Israelgo Gobernua urduritzeko: Benjamin Netanyahu lehen ministroak ekinbidea gelditzeko eskatu dio François Hollande Frantziako presidenteari.

Washingtonen arrakala

AEBek aurka bozkatzen badute, jai du PANek. Ekialde Hurbileko hedabideen arabera, ordea, Frantziaren proposamenak eztabaida handiak eragin ditu Washingtonen. Azkenaldian Europako Batasuneko hainbat herrialdek Palestinako Estatuaren aldeko adierazpenak onartu dituzte parlamentuan, eta baliteke Etxe Zuriko sektore bat prest egotea negoziazioen proposamena onartzeko. John Kerry AEBetako Estatu idazkariak bilera sorta bat egingo du egunotan Erroman, Israelgo eta Europako Batasuneko hainbat buruzagirekin auziaz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.