Hamaseko ordezkariek hauteskundeak irabazi eta hamahiru hilabete eta erdira, ez dira murriztu Israelen agintea, AEBek palestinarrei ezarritako bahimendua, boikota eta setioa. Munduko Bankuak «inoizko krisi ekonomikorik larriena» deitu dio zigor kolektibo horri. Europan eta Errusian ondoeza eta atsekabea eragin du taktika horrek, horrek dakarren zibilen kontrako kanpaina militarrak, arma sofistikatuen erabilerak eta zibil horiek, segurtasunetik eta askatasunetik urrun, hormen eta kontrolguneen artean harrapatuta egoteak. Setioaren eta etengabeko erasoaldien ondorioak malnutrizioan, etsipenean eta bestelako gaixotasunetan ikusten dira.
Ez dago laguntzarik haurdun dauden emakumeentzat, ezta osasun arazo larriak edo malformazioak dituzten eta garaia baino lehen jaio diren haurrentzat ere. Trauma baten osteko estresak eragindako nahasmenak eta bestelako arazo psikologikoak ohikoak dira haurrengan. Diabetesa, bihotzeko arazoak edo minbizia dutenentzako botikak eskasak dira. Baita tiritak ere. Nazioarteak herrialde batek bere nahia bozen bidez aldarrikatzeagatik ordaindu beharreko prezio gisa deskribatzen duten politikaren ondorioak jasango dituzte hainbat belaunaldik.
«Gure erietxeak arriskuan daude. Botikak, esnea, hornigaiak eta makinak konpontzeko tresnak falta ditugu», dio Osasun Ministerioko eledun Khaled Radik. «Nazioarteko zigorrek gorputegiak mantentzea eragozten digute -beharrezkoa gaixotasunak zabal ez daitezen-. Ezinduak daudenak eta gurpil aulkiak eta antzeko tresnak behar dituztenek ezin dituzte horiek erietxean aurkitu. Palestinarrak apurka-apurka hiltzen uzten ari dira».
Une batez isildu ostean, honelaxe dio: «Gazako palestinarren %12k asma dute; ezin dugu botikarik lortu orain, eta luzaroan ere ezingo dugu. Malnutrizioa izurri bilakatu da haurren artean. Asko anemiko daude burdinarik ezaren ondorioz edo bestelako elikagaiak falta dituztelako».
OINARRIZKO BALIABIDERIK EZ. Osasunarekin lotutako krisiak nazioartearen arreta bereganatu du. Horren atzetik bada hura bezain larria den beste krisi bat, azpiegiturena. Joan den udako Israelen inbasioaren, etengabe jaurtitzen dituen infernuko koheteen eta bulldozer eta tankeekin egindako erasoen ondoren Gazako azpiegiturak ia erabat suntsituta geratu dira. Horrek paralizatu egin du 1,4 milioi pertsona -tartean 900.000 haur-bizi diren eremua. Ur garbirik, estolderiarik, zibilentzako aterperik, argindarrik, errepide eta zubirik eta merkataritzarik gabe eta berreraikitze lanak hasteko baliabiderik gabe gizarteak aurrera egiteko aukera eskasak ditu.
«Diru-emaile batzuk azpiegiturak hobetzeko diru laguntzak ematen jarraitu dute», azaldu du Rafako Udaleko Harreman Publikoetarako arduradun Talal Hamdanek. «Baina palestinarrek AEBen beharra dute ura, estolderia, azpiegiturak, errepideak eta bestelakoak lortzeko». Hamdanen esanetan, dirua egonda ere, Israelek mugak ixten jarraitzen du, eta azpiegiturak hobetzeko behar diren materialak ezin dituzte Gazan sartu.
Palestinarrek bi arazo dituzte: hornigaiak ordaintzeko diru laguntzak lortzea eta hornigai horiek jasotzea. Bi kasuetan, diru laguntzenean eta mugarenean, Israelek du kontrol osoa. Ez da ezer gertatzen Israelen baimenik gabe. Hamasek bozak irabazi ostean, Rafa eta Khan Juniseko errepideak eta azpiegiturak konpontzeko USAIDek emandako 1.309 milioi euroek ezkutuan jarraitzen dute.
ISRAELEN ERASOALDIAK. Mekak palestinarrek batasun nazionaleko gobernu bat sortzea, bat egitea eta beste herrialdeen sostengua jasotzea ahalbidetu du, Israelekin bakea lortzeko bidea irekiz. Palestinarrek aukeratutako jendearekin lan egiten saiatu beharrean, ordea, Israelek zapalketa handitu du. Zibilen kontra egunero egiten dituzten erasoak gogortu egin dituzte; herritarrak arrazoirik gabe atxilotzen dituzte; eta Nabulusen eta Jeninen etxeratze agindua eta gerra legea ezartzen dituzte eraso militarren ostean.
«Helburua da talde armatu palestinarrak probokatzea horiek bonba erasoak egin ditzaten Israelen», dio Ibrahim Ibrashek, Gazako Unibertsitateko analista politikoak. «Palestinarren mendekuzko eraso batek Mekako akordioaren oinarri nagusietako bat den presoen dokumentua urratuko luke». Palestinarren batasunari eustea, errefuxiatuen sorterrira itzultzeko eskubidea bermatzea eta independentziarako duten eskubidea dira dokumentuaren puntu nagusiak. Egitasmoa alderdi guztietako presoek hitzartu dute.
Israelek palestinarren kontrako erasoak gogortu eta ugaritzeak lehendik ahula den egoera okertu egin du, nabarmen. Beste askok bezala, Ibrashek uste du, apurka-apurka, herrialdeek kendu egingo dituztela palestinarren kontrako zigorrak. Baina prozesua oztopatzen ez badute ere, horren ondorioak gainditzea erronka izugarria izango da gobernu berriarentzat.
«Palestinarrak
Hamasek bozak irabazi zituenetik, oinarrizko baliabideak lortzeko arazo larriak dituzte Palestinan; Israelen erasoaldiek eta setioak, berriz, egoera okertu besterik ez dute egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu