PAN Palestinako Aginte Nazionalak lege bat onartu zuen apirilean, heldu den urtetik aurrera palestinarrei kolonietan lan egitea debekatzeko —14.000 dolarretako isuna, edo bortz urterako zigorra ezar dakieke—. Hassan Abu Libde Ekonomia ministroa da legearen sustatzaile nagusia.
Zertan oinarritzen da legea?
Legea argia da: palestinarren eta kolonien arteko harremanek bukatu behar dute, palestinarrek han egiten duten lanak barne.
Legea urtarrilaren 11n indarreanjartzeko prest egongo al da?
Urte honen amaierarako nahi genuen kolonietan langile palestinarrik ez egotea, baina ez da posible izan. Agian, alternatibak bilatzeko orduan astiroegi ibili gara, eta, horregatik, hainbat gauza aldatzen ari gara; indarrean jartzeko epea zabaltzea, adibidez.
Noiz aplikatuko da?
Dakigunean jakinaraziko dugu. Baina koloniekiko boikota hasi da dagoeneko. Lehen fasea urte honen bukaeran amaituko da. Ordurako, okupatutako lurralde guztietan ez da egongo kolonietatik datorren produkturik. Urte hasieran, berriz, kanpaina bat egingo dugu dendek garbi segitzen dutela ziurtatzeko. Legea betetzen ez dutenak auzitara eramango ditugu, eta isun handiei edo kartzelari ere aurre egin beharko diete.
Zer gertatuko da kolonietan lanean ari diren 21.000 palestinarrekin?
Palestinako ekonomian lan egin beharko dute.
Agian kolonietan lanean ari dira, hemengo ekonomian tokirik aurkitu ez dutelako.
Ez nahita nahiez. Ia erdiek kolonietan lan egiten dute soldata hobeak nahi dituztelako.
Zer pasatuko da orduan beste erdiarekin, beste aukerarik ez dutenekin?
Lanik gabe geldituko dira, beste 200.000 palestinar bezala. Baina horrek ez du egiten dutena justifikatzen. Palestinarrek kolonian lan egiteak ez du justifikaziorik, gosez badira ere. Lehenengo gauza proiektu nazional komuna da. Gobernuak bere gain hartu beharko lituzke lanik gabe gelditutako lagunak. Gainera, hori egiten ari gara dagoeneko: 60.000 familia palestinar daude euren kaxa mantendu ezin direnak, eta gobernuak lagundu egiten die gizarte laguntzekin.
Alternatibarik ba al du legeak?
Ez. Legeak ez ditu bere gain hartzen alde sozialak; boikotaz, koloniez, horien ekonomiaz eta horiekin egin beharrekoaz dihardu. Lan Ministerioa eta gu ari gara alternatibekin lanean.
Ramala eta Nabulus artean eraikiko den hiri berria —Rauabi— al da alternatibetako bat?
Batzuek han lan egin lezakete. Rauabiko jabeek funts bat ezarri dute kolonietan dauden langileak erakartzeko. Asmoa da ezartzea hiriari zerbitzuak eskain diezazkioketen konpainiak. Funtsa, zehazki, horretarako egin zen.
Zenbat langile beharko dira hiria eraikitzeko, eta zenbati lagun diezaieke funtsak?
Rauabin 3.000-5.000 lagun artean egonen dira lanean. Funtsak, oraingoz, 500 lagunen lana lagundu lezake.
Noiz eraikiko da hiria?
Atariko lanak hasi dira dagoeneko. Arazoa da hara iristeko errepidea C eremuan dagoela, eta oraindik ez dugu lortu hura eraikitzeko Israelen baimena.
Lege hori aplikatuko den egunean, zein ondorio utziko dizkie koloniei?
Hango biztanleek Zisjordaniako lurraldearen paisaiez eta oparotasunaz gozatu ezin duten toki bat bihurtu beharko lirateke koloniak. Kolonien bizimoduaren iturriak deuseztatzea bakea laguntzeko pauso ona da.
Zein ondorio utziko dizkie, berriz, kolonietako biztanleei?
Kolonoei gertatzen zaiena ez zait axola. Niri neuri galdetzen badidazu, gustatuko litzaidake kolonoak pobreenetan pobreenak bilakatzea, eta Israelera bueltatzea, Israelen oparotasunaz Israelen gozatzeko. Ez lukete bizitza aurrera atera behar hemen, ez baitira palestinarrak eta ez baititugu etortzera gonbidatu; lurra modu erasokorrean hartzen duten kolonoak dira; palestinarrei eraso egiten diete; jendea hiltzen dute, eta bakearen kontrako ekintzak egiten jarraitzen dute. Guk bakea nahi dugu Palestinarentzat eta Israelentzat. Beraz, palestinarrek eta israeldarrek elkartuta egon beharko lukete kolonien aurka.
Komeni al zaie koloniei palestinarrak han lanean edukitzea?
Nik uste gustuko dutela palestinarrak han lanean izatea, merkeak direlako. Baina guk gure plana jarraitu beharra dugu, eta, progresiboki, independentzia ekonomikorantz mugitu.
Oraingoz, zaila izanen da aurre egitea beste 21.000 langaberekin.
Lehen ere igaro gara ataka horretatik. Bigarren Intifadaren aldian, Israelek, egun batetik bestera, han lan egiten zuten 149.000 palestinar bota zituen. Orain munduak oso arduratuta dirudi, baina badakitekoloniak legez kanpokoak direla; beraz, ez dut arrazoirik ikusten laguntzeko.
Hassan Abu Libde. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Ekonomia ministroa
«Palestinarrek kolonietan lan egiteak ez du justifikaziorik, gosez badira ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu