Ekialde Hurbila. Koloniak

Palestinarrik gabeko Zisjordania

Israelek aurten eraitsi duen palestinarren etxebizitza kopurua «asaldagarria» dela ohartarazi du Nazio Batuen ErakundeakJerusalem ekialdean, palestinarren balizko hiriburuan, bereziki kezkagarria da egoera

Jerusalem
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
PAN Palestinako Aginte Nazionalak estatu palestinarra aldarrikatu aurretik, Laukoteak, bi aldeen arteko negoziazioak bultzatzeko eratu den nazioarteko taldeak ,israeldarrak eta palestinarrak eseri nahi ditu negoziatzera, bide batez, aldarrikapen hori saihesteko. Israelek edozer nahi luke nazioarteak aldarrikapen hori onartu baino lehen, baina kontrakoa nahi duela erakusteko erabakiak hartzen ari da etengabe. Palestinako errefuxiatuentzat Nazio Batuen Erakundeak duen agentziak emandako azken datuek erakusten dute egunerokoan okerrera egin duela egoerak. Aurtengo lehen sei hilabeteetan palestinarren 700 etxebizitza eraitsi ditu Israelek, iaz baino 106 gehiago, eta hori adibide bat besterik ez da.

Erakundearen arabera, «asaldagarria» da hazkundea, eta okerragoa dena: etxeak eraisteaz gainera, mugitzeko oztopoak,kontrolak eta jazarpenak desplazatzera derrigortzen ditu palestinarrak. Zisjordania husten ari dira».

Israelgo Auzitegi Gorenaren azken erabakiak egoera gogor horren ikuspegi atseginagoa eman berri du. Zisjordaniako Migrongo kolonia desegiteko agindu du, eta ez da urrutitik ere, koloniak eraikitzeari utziko diotela seinale, hasteko, kolonia hori Israel berarentzat ere legez kanpokoa delako —kolonia guztiak dira legez kanpokoak nazioartearentzat—.

Baina datorren martxorako armadak hura eraitsita edukitzeko agindua berria da. «Lehen aldiz eskatu dio auzitegiak Gobernuari kolonoen etxebizitzak desegitea».Shalon Ajshav (Bakea orain) gobernuz kanpoko erakundeak jarrita dauzkan hainbat salaketaren erantzuna izan da auzitegiarena, eta Yariv Oppenheimer taldeko zuzendariak uste du kasu horien alde egingo duela erabaki honek: «Urrats txikia da, baina urrats bat da».

Tel Avivek legez kanpokotzat jotzen dituen kolonietan ere, orain arte ez du horiek desegiteko neurririk hartu, eta auzitegiak esandakoa beteko balu «aurrekaririk gabeko arrakasta» litzateke, Ariel Sharonek 2005ean Gazakoak desegiteko agindua eman zuenez geroztik lehenengoa baita.

Errefuxiatuen NBEko agentziak ohartarazi duen giroak arrasto luzeagoa eta sakonagoa dute, hala ere, auzitegi batek une konkretu batean hartzen duen erabakia baino, eta horretaz asko dakite Jerusalem ekialdean.

Jerusalem, zigortua

«Ezin iraunezkoa da egoera. Ekin beharra dago, eta, lehenbailehen, gainera, goitik behera aldarazteko Jerusalem ekialdea». Hala hitz egin du Ray Dolphinek, NBE Nazio Batuen Erakundearen giza gaietarako ikertzaileak, erakundeak berriki 2011ko azken txostena argitaratu eta gero. Gaur egun, 270.000 arabiar baino gehiago bizi dira Jerusalem ekialdean, 1967az geroztik Israelek inbaditu eta legez kanpo okupaturiko lurraldean. Israelgo Gobernuak ez dio utzi ez etxeak eraisteko politikari eta ez baimenak baliogabetzeari ere. PANek NBEan aldarrikatu ostean estaturik sortzen bada, Jerusalem ekialdea izango da. Horrek eragiten du, maiz, zapalkuntza muturrekoa, jasangaitza askotan.

Nazio Batuen Erakundeak eta beste gobernuz kanpoko erakunde batzuek egindako hainbat txostenen arabera, Jerusalem ekialdeko biztanleak krisialdian daude etengabe, modu sistematikoan urratzen baitizkiete bizilekua izateko baimena, hirigintza antolamendurakoa eta oinarrizko zerbitzuena. Zapalkuntza horren ondorioz, ahultzen ari da eremu horretako palestinarren presentzia. Horrez gainera, hiriaren ekialdeko auzo palestinarretan zatiketa bikoitza jasaten dute, Gazako eta Zisjordaniako auzokideen artean: batetik, fisikoa, hormigoizko harresiak ezarritakoa; eta, bestetik, administrazioak ezarritakoa, ezin baitute inguru horretara bidaiatu.

Palestinarrak diskriminatuta daude alderdi guztietan. Badute beste arazo bat ere: adingabe palestinarren eskolatzea. Samira Abu Ahmadek denda bat kudeatzen du, Jerusalemgo hiri zaharreko auzo kristauan. Hark dioenez, arazo ugari ditu alaba eskolatzeko: «Haur juduek dute lehentasuna; toki librerik geratzen bada eskolatu ditzakegu gure haurrak; nire diru sarrerek ez didate ematen ikastetxe pribatu bat ordaintzeko lain; arrazoi horregatik Israelek baliogabe diezadake bizileku baimena. Lege aldetik, babesik gabe gaude».

Mea Shearin da Jerusalemgo auzo ortodoxorik zaharrenetako bat. Hango kaleetan barrena ibiltzea, berriz, hainbat mende atzera egitea bezala da. Auzo horretan bizi da judu komunitaterik hertsienetako bat, Jerusalemgo hiri zaharretik hurbil, zeinean arabiarrak baitira bizilagunik gehienak.

Judu ortodoxoak

Mea Shearingo judu ortodoxo bat da Rabbi Meir; ez du onartzen Israelgo Estatu bat, eta Palestinako herria aldezten du. Bere burua Israelen ispilaturik ikusten ez duten judu komunitate bakan horietako batekoa da; judaismoan sinesten du, eta palestinarren eskubideak aldezten ditu. Aurkezpen txartela eman du; telefonoa eta helbide elektronikoa ageri ditu, Palestinako banderaren kolorez.

Halako komunitateak dituzte behaztopa harri Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Jerusalemgo alkateak. Ez dira asko, baina haien aldeko edo kontrako botoek bidegurutze batean jarrarazten ditu politikari israeldarrak. Erlijioso eta kontserbadore muturrekoa da Rabbi, eta, hark dioenez, gero eta okerragoa da Jerusalemgo egoera, eta Jerusalem gurutzatzen duen tranbia berria ekarri du hizpidera. Aspaldidanik zuten prest izatekoa tranbia hori, baina oraindik ere ez du inolako zerbitzurik ematen, segurtasun arrazoiak direla tarteko. «Jerusalem zeharo judutzen ari delako erakusgarri garbia da tranbia hori, lotura laster bat ezarri nahi baitu Jerusalemen eta Jerusalem inguruko kolonien artean, kolonoek joan-etorrirako garraiobide erraz eta merkea izan dezaten»

Elkarrizketatua agur esan beharrean dago. Denbora igaro arren, eta edozein direla negoziazioak aldagaitz irauten duten kontu horietako bat gogorarazten du joan aurretik: «Jerusalem beti egongo da palestinarrekiko gatazkaren jomugan, eta dena lehertzen denean, hementxe lehertuko da. Kontuan izan behar dugu hemen dagoela eskualdeko biztanle arabiarrik gehien; gainera, hauxe izango da etorkizuneko Palestinako Estatuko hiriburua».

Jerusalemdik Ramalara itzuliko gara, Siluandik barrena; Jerusalem ekialdeko auzo bat da, eta, han, palestinarren etxe gehiago eraisten ari dira 2009az geroztik. Israelen politikak bere erritmoan dihardu, eta etorkizuneko edozein negoziaziotan ere Jerusalem izango da beti behaztopa harria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.