Panamako kanala zabaltzeko egitasmoa gehiengo zabalez ontzat hartu dute Latinoamerikako herrialde horretako hautesleek. Herenegun egin zuten erreferenduma: %78k baiezkoa azaldu diote Panamako Gobernuak bultzatutako proiektuari, eta %22k, ezezkoa. Azpimarratzekoa da, haatik, parte-hartzea %43koa besterik ez dela izan.
Panamako presidente Martin Torrijos galdeketaren emaitzekin pozik agertu zen atzo. «Panamako herriarentzat oso lorpen handia da; egun, herrialde hobea elkarrekin eraikitzeko aukerari bidea eman diogu», adierazi zuen Torrijosek. Kanal eraberrituaren ustiakuntzatik aterako diren etekinak 2,8 milioi bizilaguneko herrialde honen gizarte zorra ordaintzeko eta, beraz, txirotasuna murrizteko baliagarri izango direla gaineratu zuen presidenteak.
«Mundu zabaleko merkantzia trukeari zerbitzu hobea eskainiko diogu, eta horrek esan nahi du, halaber, Panamaren etorkizuna hobetuko dugula», ziurtatu zuen, berriz,ACP Panamako Kanalaren Aginteko kudeatzaile Alberto Aleman Zubietak. «Guztiok gara irabazle: nabigazio industria, jarduera honetatik hobariak aterako dituzten herrialdeak eta Panamako herritarrak oro», gaineratu zuen ACPko goi arduradunak.ACPk du kanala ustiatzeko ardura.
KOSTUA ETA USTELKERIA ARRISKUAK. Oraingoz, 5.250 milioi dolarreko aurrekontua dauka proiektuak, eta baditu aurkariak. Jorge Illueca Panamako presidente ohiak etaFernando Manfredo ACPko kudeatzaile izandakoak diote «garestiegia» eta «beharrik gabekoa» dela zabaltze egitasmoa. Gizarte alorreko beste aurkariek iritzi diotenez, berriz, zabaltzeak abantaila nabarmen gehiago ekarriko dizkiete kanalaren erabiltzaileei Panamako herritarrei baino, eta ohartarazi dute aurrekontuetan finkatutakoa baino askoz ere garestiagoa irtengo dela, tartean diru desbideratze eta ustelkeria arriskuak direlakoan.
80 kilometro luze da Panamako kanala eta Ozeano Atlantikoaren eta Barearen arteko lotura egiten du. AEBek egin zuten, 1904 eta 1914 urteen bitartean. Kanaletik igarotzen da gaur egun mundu zabalekomerkataritza kopuruaren %5 inguru. Eraikuntza honen ustiakuntza da Panamako dirubideetatik handiena 2000. urtetik, herrialdeak kanalaren gaineko jabetza eskuratu zuenetik. Kanalak 8.000 lagun ingururi ematen dielana gaur egun, eta zabaltzearekin zuzeneko beste 7.000 lanpostu eta zeharkako 40.000 sortuko liratekeela diote bultzatzaileek. Kanaletik igarotzeko, 60.000 eta 200.000 dolar bitartean ordaindu behar da.
Panamako kanala zabaltzea onartu dute herritarrek, erreferendum bidez
Ontzi handiagoek erabiltzea nahi dute, eta lanak 5.250 milioi dolar kostatuko dira eta 2014an bukatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu