Panamarekin harremanak eten, eta AEEri Venezuelan sartzea ukatu dio Madurok

«Interbentzionismoa» egotzi dio Martinelliri, eta «presidente doilor eta lausengarri bat» dela esan du

Nicolas Maduro, Hugo Chavezen heriotzaren urteurreneko ekitaldian, Raul Castro agurtzen. EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Panamako Gobernuarekin harreman diplomatikoak etetea eta bi herrialdeen arteko merkataritza harremanak «izoztea» erabaki du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak. Hugo Chavezen hilobi aurrean, haren heriotzaren urteurreneko ekitaldian, Maduro oso gogor mintzatu zitzaion Ricardo Martinelli Panamako presidenteari, horrek AEE Amerikako Estatuen Erakundearen bilera bat sustatu duelako Venezuelan dagoen gatazka aztertzeko.

Martinellik otsailaren 25ean eginiko proposamena aintzat hartu, eta AEEren Batzorde Iraunkorrak Venezuelara misio bat bidaltzeko aukera aipatu zuen Jose Miguel Insulzak, erakundeko idazkari nagusiak. Madurok, baina, «ez orain eta ez gero», Venezuelak ez duela AEEren edo Amerikako ezein estaturen esku hartzerik onartuko esan zuen, Mendiko Kuarteleko ekitaldian.

«Venezuela ez du zapalduko AEEren ordezkaritza batek, ez behintzat gure gonbidapenik gabe», nabarmendu zuen Madurok. Amerikako Estatuen Erakundea «hilzorian» dagoela erantsi, eta Insulza gogor kritikatu zuen: «Nik Insulzari zera esaten diot: egon zaitez geldi, Venezuelak ez du-eta AEEren eztabaida bat eskatu bere barne egoerari buruz. Eskuina ez dadila tronpatu. AEE utz dezagun dagoen tokian: ondo polita ikusten da Washingtonen. Kanpora AEE, orain eta betiko».

«Venezuelaren patua», AEEn barik, Hegoamerikan dagoela esan zuen Madurok, eta Unasur Hegoamerikako Nazioen Batasunean herrialdearen egoera aztertzeko prest agertu zen.

Hegoamerikako hamabi herrialdeak biltzen ditu Unasurrek. 2008an eratua AEEren alternatiba gisa, 2011n hasi zen jardunean, estatu kide bakoitzeko parlamentuen oniritzia jasota.

«Harridura» Panaman

Martinelli iraindu ere egin zuen Madurok, Panamako Gobernuaren esku hartze eskaera interbentzionismotzat jotzearekin bat: «Panamako presidente lausengari eta doilor horrek ez du bere herrialdea ordezkatzen. Panama oso herrialde handia da, Omar Torrijosen herria, gure askatzailea batasunaren bila borrokan aritu zen herria».

«Harrituta» azaldu da Martinelli Venezuelako Gobernuaren erabakiarekin, eta, Twitterren zabaldutako mezu batean, Panamaren nahia «herrialde haurride batek bakea lortu eta demokrazia indartzea» besterik ez dela nabarmendu du.

Panamako Gobernuak ukatu egin du, agiri baten bidez, AEEren bilera deitzearekin Venezuelako barne arazoetan esku hartu duela, eta gaitzetsi egin ditu Madurok Panamaren kontra eta «herrialdeko agintari gorenaren kontra» egin dituen adierazpen «onartezinak». Venezuelako presidentearen «hizkera itsusia» baldarkeriatzat jo du Panamak, eta erantzunaren gogorra «harritzekoa» iruditu zaio: «Ez ditugu ulertzen Venezuelako Gobernuaren beldurrak».

Venezuela eta Panamaren arteko harremanak zakartuta zeuden lehendik ere, eta otsailaren 20an batak bestearen herrialdean zituen enbaxadoreak erretiratu egin zituzten, Caracasek Panamari bere barne arazoetan esku hartzea leporatu ondoren.

Venezuelako oposizioa, aurka

MUD Batasun Demokratikoko Mahaiak Venezuelaren irudiari kalte egitea leporatu dio Madurori, eta «arrazoibide erasokor eta hotsandiek» gobernuaren «ahultasuna» besterik ez dutela erakusten adierazi du. Chavismoaren oposizioa biltzen duen mugimenduaren ustez, «defizit demokratikoa gero eta ageriago» ari da uzten Maduroren gobernua.

Henrique Capriles oposizioko buruzagiak «arduragabekeria» leporatu dio Maduroren gobernuari, Panamarekin harremanak etenda «arreta desbideratu» nahi izan duela uste baitu, «herrialdeak alor guztietan duen krisi larriari aurre egiteko gaitasunik ez baitu».

Urtarrilaren 12tik protesta eta liskar handiak izan dira Venezuelan, eta 20 lagun hil dira. Azkena, Avanzada Progresistako buruzagi Hector Alzaul Planchar, oposizioko diputatu izana, Barquisimeton hil dute, Lara estatuan, bularrean tiro eginda.

Jorge Roig, Fedecamaras Venezuelako enpresari talde nagusiko presidentea, berriz, «kezkatuta» agertu da Maduroren erabakiak izango dituen ondorioekin. Panamako kanalaren bidez Venezuelak merkataritza harreman «handiak» dituztela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.