Pandemia hasi zenetik lehen aldiz, ez da kasurik agertu Txinan

Baieztatutako kasurik jakinarazi ez badute ere, bi kasu susmagarri ikertzen ari dira: kanpotik joana bata eta bertakoa bestea.

Jendea maskararekin, Pekin hiriburuan. ROMAN PILIPEY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 23a
09:24
Entzun

Hobera egiten segitzen du Txinak. Hura izan zen iazko abendu bukaeran gaitz berria atzeman zuen herrialdea, eta hura izan da pandemia atzean uzten lehenengoa. Atzo lehen aldiz, ez zuen kasu bakar baten berri eman Asiako potentzia nagusiak; soilik ustezko bi kutsaturi buruz informatu zuen, Shanghain bertan kutsatutakoa bata, eta atzerritik joandakoa bestea.

Aurreko egunean, ostegunean, lau kasu gehiagoren berri eman zuen Pekinek. Guztiak Jilin probintzian, Errusia eta Ipar Korearekiko mugan. Han beste 30 kasu baino gehiago baieztatu dituzte azken asteetan, gehienak Errusiatik Txinara itzultzen diren herritarrenak.

Atzoz geroztik ez da hildakorik izan, eta gaixoekin kontaktua izan zuten 252 pertsonen jarraipena egiteari ere utzi egin diote osasun langileek, kasu susmagarririk ez zegoelako. Baina oraindik 79 gaixo daude herrialdean, eta haietako bederatzi egoera larrian. Gehienak, 41, atzerritik joandako herritarrak dira.

Martxoaz geroztik, nabarmen behera egin dute koronabirus kasuek Asiako potentzian, baina aldi berean, ugaritu egin dira atzerritik itzulitako txinatarren kutsatzeak. Soilik Errusiarekin mugan diren eskualdeetan egin dute gora COVID-19 kasuek, eta horietan mugikortasun mugatzeko neurri zorrotzak hartu ditu gobernuak.

Gaitzaren aurkako txerto bat aurkitzeko lanetan ere buru-belarri ari da herrialdea, eta atzo jakinarazi zutenez arrakasta izan duten gizakiekin egindako lehen probek. Dena den, ikertzaileek ohartarazi dute proba gehiago egin beharra dagoela sendagaia plazaratzeko aukera izan aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.