Israelgo Gobernuaren eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren arteko bake elkarrizketek epe muga zehatz samarra daukate: bi aldeetako ordezkariek bederatzi hilabeterako konpromisoa hartu dute John Kerry AEBetako bitartekariarekin, eta, ezustekorik ezean, apirilaren amaierara arte jarraituko dute bake plana izan daitekeenaren oinarria adosten. Bederatzi hilabete, «ez egun bat gehiago», Mahmud Abbas PANeko presidenteak zehaztu berri duenez. Eta, oraingoz, emaitza argirik ez bistan.
Prozesu ilun eta gatazkatsua izaten ari da bi agintaritzen artekoa: elkarrekiko desadostasunek ez ezik, bakoitzak etxean dauzkan tirabirek ere eragiten diote tentsioari. Bi erakundeetako buruzagi gorenek, Abbasek eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ez dute behin ere aurrez aurre hitz egin; ordezkariak igorri dituzte, edo bitartekariarengana jo dute beti. Netanyahurekin «edozein unetan» biltzeko prest legokeela esan du Abbasek aste honetan.
Gatazkaren amaierari buruzko irudi aski ezberdinak ditu, ordea, alde bakoitzak. «Hasteko, bi estatuen irtenbidea gauzatu beharra dago», azaldu du Abbasek Israelgo eta Palestinako hedabideetan argitaratutako elkarrizketa batean: «Israelgo Estatua Palestinakoaren alboan biziko da, 1967ko mugekin, segurtasuna eta egonkortasuna bermatuta». PANek proposatutako ereduaren arabera, Jerusalem Ekialdea litzateke Palestinako hiriburu: «Bi aldeen arteko akordioen bidez, Jerusalem erlijio guztietara zabalik mantenduko genuke».
Segurtasunaren auzia
Estatu bakoitzaren mugen auziaz gain, trantsizioari buruzko zalantzak ere agertu dituzte bi aldeek azken egunotan. Abbasek orain arte ahotan ibili duen promesaren arabera, Israelgo armadak erabat erretiratu behar luke lurralde okupatuetatik. Horretarako, asko jota hiru urteko tartea onartuko lioke PANek Tel Avivi: «Buruan hamar urteko trantsizio bat daukanak ez du benetan bake itunik espero».
Jordan Haraneko segurtasuna da negoziaziootako auzi gatazkatsuenetako bat. Israelentzako gune estrategikoa da, eta erabat militarizatuta dauka bere menpe dauden lurraldeen ekialdeko muga, Jordan ibaiaz haratagotik hel daitezkeen ustezko erasoetatik defendatzeko aitzakian. Tel Avivek behin baino gehiagotan iradoki du Israelgo armadak gutxienez beste 40 urtean zaindu beharko lukeela eskualde hori. Abbasen arabera, bertako palmondo sailengatik eta ibaiko arrantza baliabideengatik eutsi nahi dio Israelek Jordan Haranaren gaineko kontrolari. Trantsizioaren ondoren, dena den, nazioarteko tropei eskualdea zaintzen uzteko prest agertu da.
Iheslari palestinarren auzia ere airean dago. Azken asteotan, adiskidetzeko hainbat keinu egin dizkiote elkarri PANek eta Hamas mugimendu islamistak. Ismail Haniyeh Hamaseko lehen ministroak jakinarazi duenez, 2007tik ihes eginda dauden Al-Fataheko 120 kideri Gazara itzultzen utziko diete aurki. Abbasek ere nabarmendu du palestinarren arteko harremanak sendotze bidean direla, eta horrek ez diela Israelekiko negoziazioei eragingo: «Utzi gure esku, guk lortuko dugu akordioa palestinar guztien ordez: Zisjordanian, Gazan eta erbestean».
Istiluak Israelgo Gobernuan
Itxura batean, bake prozesuak Abbasi baino arazo gehiago eragin dizkio etxean Netanyahuri. Gobernukide duen Juduen Etxea muturreko alderdi erlijioso eta eskuindarrak zorrotz behatzen ditu haren urratsak, eta sarri egin diote gobernua uzteko mehatxua, kolonoen mugimenduari kalte egin diezaiokeen neurriren bat negoziatuko balu.
Juduen Etxeak ez ditu 1967ko mugak onartzen, koloniak haietatik kanpo daudelako. Netanyahuk, ordea, ez dauka kolonoentzako ebakuazio planik buruan: joan den igandean esan zuen judu batzuk Palestinako Estatuaren menpe ere bizi daitezkeela, «arabiarrak Israelgo Estatuan bizi diren bezalaxe». Horrek bi aldeetatik ekarri dio erantzun zakarra. «Kolono bakar bat ere ez da Palestinan geldituko; koloniak eta kolonoen presentzia legez kanpokoak dira», esan du Abbasek. «Tel Aviven nagusitasuna gutxiestea da», kexatu da, berriz, Juduen Etxeko Naftali Bennet Ekonomia ministroa: «Ez ditugu bi mila urte Israelgo lurra eskuratu nahian igaro Abbasen agindupean bizitzeko».
PANek hiru urte emango lizkioke Israelgo armadari Palestina uzteko
Bi estatuak bereizi ondoren ere, kolonoek Palestinaren menpe bizitzen segi dezaketela iradoki du Netanyahuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu