PANek urrirako antolatu ditu udaletarako bozak Gazan eta Zisjordanian

AEBek Arafaten hilketa ez ikertzeko eskatu diote Abbasi, bake elkarrizketak oztopatuko dituelakoan

Erredakzioa
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
«Urriaren 20an udaletarako hauteskundeak egingo dira Gazan eta Zisjordanian». Hala adierazi du PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Udal Gobernuko ministro Jaled Qawasnik. Gazako errolda ez dute egin oraindik, baina Hamasek hori baimendu arte ez itxarotea erabaki du PANek.

Hamasek eta Al-Fatahek iaz adiskidetzeko itunean hitzartuzuten Mahmud Abbasek bozak egiteko dekretua sinatuko zuela, baina aurretik Hauteskunde Batzorde Zentralak Gazako hautesleen erregistroa egingo zuela. Iragan astean zen Hauteskunde Batzorde Zentrala errolda egiten hastekoa, baina Hamasek debekatu egin zion, Zisjordanian alderdiko hainbat kide atxilotu zituztela eta. PANek Hamasen zain egoteari utzi eta urrirako antolatu ditu bozak. 2006tik ez dituzte hauteskundeak egin Gazan eta Zisjordanian.

Palestinako bi alderdi nagusiak 2007tik daude muturtuta, eta bakoitza lurralde baten kontrolaz jabetu da: Zisjordaniaz Al-Fatah, eta Gazaz, berriz, Hamas. Iaz adiskidetze ituna sinatu zuten, eta aurten Mahmud Abbas aukeratu zuten presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak antolatuko dituen batasun nazionaleko gobernua gidatzeko, baina ordutik ez aurrera eta ez atzera dago adiskidetze prozesua eta berau oztopatzea egozten diote bi aldeek elkarri.

Arafaten heriotza

Hainbat herrialde PAN estutzen ari direla jakinarazi dute, Yasser Arafat buruzagi palestinarraren heriotza iker ez dezan. Al-Jazeera telebista kate arabiarraren ikerketa baten arabera, polonioarekin pozoituta hil zuten Arafat, eta PANekbere gorpua lurretik ateratzeko baimena eman du. AEBek, baina, Arafaten heriotzaren ikerketak bake prozesua berriz hastea oztopatuko duela argudiatuta ez ikertzeko eskatu dio PANi.

Bestalde, Israelek aske utzi du Mahmud al-Sarsark futbolari palestinarra. Hiru urte egin ditu espetxean kargurik gabe, eta ekainaren 18an 94 eguneko gose grebari amaiera eman zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.