THAILANDIA

Paperezko negoziazioak

arantxa elizegi egilegor
2004ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
aperezko 600 milioi uso bota zituzten airera joan zen igandean Thailandia hegoaldean. Era horretan, bakerako eta batasunerako deia egin nahi izan zuen Thaksin Shinawatra lehen ministroaren gobernuak. Baina borondate ona papera bera bezala desegin zen. Matxinoek uko egin zioten lehen ministroaren eskaerari. Horren adierazgarri atzo Yala, Pattani eta Songkhala eskualdetako tren geltokietan aurkitutako lau lehergailuak. Orain arte, 550 pertsona inguru hil dira Gobernuaren eta ekintzaile musulmanen arteko enfrentamenduetan.

Atzo aurkitutako lehergailuek ez zioten inori kalte egin. Baina Chitsanti Dhanasobhon trenbide sarearen arduradunaren esanetan, bidaiariak hiltzea zen ekintzaileen helburua. Lehenago, Pattani eta Songkhla eskualdeetan tiroketak izan ziren Poliziaren eta ustezko ekintzaileen artean.Aurreko egunetan ere hainbat lehergailu aurkitu zituen Poliziak. Asteartean, esaterako, ekintzaileek lehergailu bat zartarazi zuten kamioi militar bat igarotzen ari zen unean, Taritan (Narathiwat). Sei soldadu eta zibil bat zauritu ziren atentatuan.Hegoaldeko musulmanen eta Poliziaren arteko enfrentamenduak ez dira atzo goizeko kontua. Thailandiarren %4 dira musulmanak eta gehienak lau eskualdetan bizi dira: Songkhla, Pattani, Narathiwat eta Yala. Musulmanak baztertzea leporatzen dio gutxiengo horrek Gobernuari. Thailandiar gehienak budistak dira.

Ehunka hildako

1990eko hamarkadan su-etena onartu zuten bi aldeek, Gobernuak musulmanen egoera hobetuko zuela hitz eman ostean. Musulmanen arabera, ordea, euren egoera ez da gehiegi aldatu. Ondorioz, urtarrilaz geroztik, ugaritu egin dira Thailandiako segurtasun indarren aurkako erasoak. Urtarriletik martxoa bitartean, ehun pertsona inguru hil ziren. Gehienak Armadako eta segurtasun indarretako kideak.

Laster iritsi zen lehen ministroaren erantzuna. Apirilean Poliziak hainbat segada egin zituen hegoaldeko eskualdeetan. 107 pertsona hil ziren borroketan. Hori dela eta, askok «gogorregi» jokatu izana leporatu zioten Thaksin Sinawatra lehen ministroari.Atxiloketak eta atentatuak ohikoak dira hegoaldean; baita torturen eta desagertzeen inguruko salaketak ere. Martxoan, esaterako, Sonchai Neelaphaijit giza eskubideen aldeko abokatua desagertu zen, Poliziak atxilotu ostean. Ondorioz, Gobernuaren aurkako gorrotoa zabaldu egin da. Joan zen urriaren amaieran 1.500 manifestari bildu ziren Narathiwat eskualdean sei lagunen atxiloketa salatzeko. Poliziak haien aurka egin eta zazpi manifestari hil zituen tiroz. Beste 87 polizi etxeetan edo haranzko bidean hil ziren. Hori dela eta, nazioarteko agintariek eta giza eskubideen aldeko erakundeek Bangkok salatu zuten.

«Gehiegikeriak»

Human Rights Watch giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak gutun bat bidali zion lehen ministroari duela aste batzuk. «Gobernuak ez du jarrera egokia izan giza eskubideen alorrean. Ondorioz, segurtasun indarren gehiegikeriak egunerokoak bilakatu dira», zioen gutunak.

Hegoaldeko lau eskualdeetako buruzagi musulman erlijiosoek lasaitasuna eskatu diete euren jarraitzaileei. Hala ere, herritar asko gerta daitekeenaren beldur dira. «Gobernuak indarkeriaren bidez konpondu nahi ditu arazoak eta horrela ez dugu ezer lortuko», zioen emakume batek. Musulman moderatu asko haserre daude Thailandiako Gobernuarekin, euren segurtasuna bermatzen ez duelako. Hegoaldeko herritarren arazoak ulertzen dituen arren, segurtasun indarrenganako errespetua oinarrizkoa dela esan zuen Thaksin Shinawatrak urrian. «Hau ez da iparra eta hegoaren arteko borroka. Gu ere negoziazioen aldekoak gara, baina horretarako elkar ulertu behar dugu», gaineratu zuen lehen ministroaren bozeramaile Jakrapop Penkhairrek. Airean barreiatutako paperezko usoen bidez bakerako deia egin zuen Gobernuak hilaren hasieran. Pattani Batua Askatzeko Erakundea izeneko alderdi independentistak horrela erantzun zien agintariei: «Usoak egiteko 13 milioi dolarreko balioa zuten billeteak erabili izan balituzte ere, ez ginateke geldituko. Gure herria zapalduta daukate eta hura askatu arte ez dugu amore emango».

-

Historia gorabeheratsua





1976: Militarrek estatu kolpea egin eta boterea bereganatu zuten. Bi urte geroago, Konstituzio berria onartu zuten.

1980: Prem Tinsulanonda jenerala izendatu zuten buruzagi.

1983: Prem Tinsulanondak jeneral kargua utzi eta lehen ministro izendatu zuen bere burua. 1986an berak irabazi zituen bozak.

1988: Chatichai Choonhaven jeneralak hartu zuen Thailandiako buruzagitza, hauteskundeak irabazi ostean.

1991: Beste estatu kolpe bat. 1932az geroztik egin zuten 32.a Anand Panyarachun izendatu zuten presidente.

1992: Suchinda Kraprayoon jeneralak irabazi zituen bozak. Baina bere aurkako protestak zirela eta, dimititu egin zuen eta Anand Panyarachunek berreskuratu zuen boterea. Irailean hauteskundeak errepikatu eta Alderdi Demokratak irabazi zituen.

1995: Gobernua bertan behera geratu zen. Banharn Silpa-archa Thailandiako Alderdi Nazionaleko kideak lortu zuen presidentetza.

1996: Agintari gehienek dimititu egin zuten, ustelkeria salaketak zirela eta. Hauteskundeak egin ziren berriz ere.

2001: Thaksin Shinawatrak irabazi zituen bozak. Thailandiarrek Thailandiarrak Maite Dituzte alderdiko kidea zen bera.

2001: Lehen ministroa eramateko prestatutako hegazkinari eraso zioten. Poliziak atentatua izan zela salatu zuen.

2003: Ustezko 2.000 droga trafikatzaile inguru hil zituen Poliziak urtebetean. Gehienak tiroketetan hil zirela esan zuen Gobernuak. Giza eskubideen aldeko taldeen arabera, baina, hiltzera zigortu zituzten ustezko trafikatzaileak, epaiketarik egin aurretik.

2004ko martxoa: 100 pertsona inguru hil ziren erasoetan urte hasieratik. Gobernuak talde islamiarrei leporatzen zizkien atentatuak. Hori zela eta, Gerra-legea ezarri zuten.

2004ko apirila: Ustezko 100 ekintzaile hil zituen Poliziak Thailandia hegoaldean.

2004ko urria: 87 manifestari hil zituzten. Gehienak Poliziak atxilotu ondoren hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.