Donald Trump AEBetako presidenteak iragarritako deportazio masiboei bide eman die hango Auzitegi Gorenak. Izan ere, atzo gauean, ebatzi zuen Etxe Zuriak papergabeak deportatu ahal izango dituela beste herrialde batera, immigrante horiei defentsarako eskubidea ukatuta. Aintzat hartu behar da AEBetako legediak debekatu egiten duela papergabeak arriskua ekarriko dien herrialde batera deportatzea.
Orduan, Gorenak —gehiengo kontserbadorea du— bertan behera utzi du epaile federal batek apirilaren 18an emandako agindua. Brian Murphy epaileak eskatu zuen Hego Sudanera deportatu behar zituzten zortzi immigrantek bidezko prozesu judizial bat eduki zezatela. Hara bidean harrapatu zituen Murphyren erabakiak, eta, orduz geroztik, Afrikako beste herrialde batean eduki dituzte atxilotuta, Djibutin, AEBen base militar batean.
Papergabe horietatik bakarra da Hego Sudangoa, eta besteak Mexikokoak dira, Kubakoak, Laoskoak, Vietnamgoak eta Myanmarkoak. Gorenean aurkeztutako helegitean, Trumpen administrazioak adierazi zuen papergabe horiek «krimen izugarriak» egin zituztela, eta sorterrian ez zituztela hartu nahi izan. Hego Sudanen gorabeheratsua da oso egoera, eta AEBetako Estatu Departamentuarentzat berarentzat herrialde «arriskutsua» da Afrika erdialdeko hori, eta hara ez joatea gomendatzen die estatubatuarrei.
Deportazio masiboak agindu ditu Trumpek bere bigarren agintaldian, eta, hasteko, egunero gutxienez 3.000 papergabe atxilotzea du helburu. Gero aldebiko akordioak egin nahi ditu beste herrialde batzuekin, eta papergabeak haietara deportatzea; esaterako, Panamara, El Salvadorrera eta Hego Sudanera.