ITSASIKARA ASIAN

Paradisua hondakinen azpian

Zigor Aldama.
2005eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Gutxi batzuentzat paradisua zena infernu bilakatu da orain askorentzat. Thailandiako hegoaldeakontinenteko eremu turistikoenen artean zegoen ez da zonalde kaltetuenetakoa izan. Itsasikararen ondorioz han hil diren atzerritarren kopurua, alta, beste inon baino altuagoa izan da. Erruz ikusi ditugu egunotan atzerritarren gorpu hanpatu eta mailatuak ur gainean. Sri Lankan eta Indonesian biktimen kopuru orokorra handiagoa izan bada ere, urriagoa da hildako atzerritarrena.

Thailandia hegoaldea oporrak igarotzeko edena zen. Phuket eskualdeko kostaldea eta ondoko uharteak irentsi ditu itsasoak, tartean Koh Phi Phi uharterik turistikoena. Milaka eta milaka atzerritar hil dira bertan. Horietako asko eskandinaviarrak ziren eta, gehienak, suediarrak. Suediak historia garaikidean izan duen «hondamendirik handiena» izan dela adierazi zuen Goran Persson lehen ministroak. Carl Bergman suediarra bizirik atera zen; bere emaztea ez. Ospitalean semea aurkitu eta, negar-zotinka, besoetan hartu zuen unea eman zuten telebistetan. Irudi hori eskandinaviar guztien saminaren isla bilakatu da.Arrantzaleak eta nekazariakizan dira herritar kaltetuenak gainerako herrialdetan. Thailandian, alta, turismoari esker bizi zirenak izan dira ondorio larrienak pairatu dituztenak. Azpiegitura ugari erabat hondatuta gelditu dira eta hotel asko erabat suntsituta. Orain arteko krisi ekonomikorik handienari egin beharko diote aurre bizirik atera diren jabeek. Litekeena da euren negozioak berriz zutitu eta martxan jartzea. Mendebaldean zaila izango da, dena den, handik etorri zaizkigun irudi ikaragarriak memoria kolektibotik ezabatzea. Oraindik ikusteke daukagu europar, estatubatuar eta australiarren zerraldoak nola iristen diren ikustea. Hildako kopuru orokorraren artean portzentajea txikia bada ere, irudi horiek izango dira, seguru asko, datorren urteetan herrialdera oporretan joango direnak gogoan izango dituztenak. Oraingoz milioi bat baino gehiago dira euren erreserbak bertan behera utzi dituzten mundu zabaleko herritarrak.Thailandiako BPG Barne Produktu Gordinaren %12 islatzen du turismoak. Hainbat eskualdeetan, dena den, portzentajea %80ra iristen da. Phuket eskualdea kasu. Eguzkia, hondartza eta paisaia exotikoak aurkituko ditu bidaiariak. Bertan egon direnek sekula ez dituzte ahaztuko itsasoaren ur gardenak, berdeak eta urdinak, eta harea zuriko hondartza amaigabeak, makurtuta dauden palmondo errenkadak aldamenean.Hauexek dira, eguraldia aintzat hartuz, herrialdera bidaiatzeko garairik egokiena. Familia ugari lasaitasunaren bila joaten dira hara, ume txikiak tartean. Hotelek askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzte: urpekaritza, ibilaldiak, surfa eta bestelako kirolak. Phuket hiriko kaleetan ohikoak ziren ziberkafeak, tabernak, diskotekak, pizzeriak, hotelak eta bidaia agentziak. Mundura irekita dagoen herrialde baten garapenaren isla zen Phuket. Mendebaldeko oasia Ekialdean. Gauetan bizia zegoen hirian. Premier League-ko partidak ikusi eta rock anglosaxoia entzuten ahal zen taberna eta diskoteketan. Orain hondakinen azpian gelditu da paradisua. Phuketeko kaleetan suntsituta gelditu diren eraikinak eta autoak baino ez daude. Sateliteko irudietan ur uherrak ikusten dira. Thailandiako negozio gizon batek etorkizunerako zituen asmoen berri eman zidan duela hilabete gutxi batzuk: «Zaila izan bada ere, hegaztien gripeak eta pneumonia atipikoak eragin zuten krisialdiari aurre egin diogu. Munduan dagoen indarkeria giroak eragin zuzena du gure industria turistikoarengan. Orain, berriz, itxaropentsu gaude eta hamabi milioi turisten bisita espero dugu 2005. urtean». Egunotan ez dugu harekin harremanetan jartzerik izan. Phuket eskualdeko azpiegitura turistikoak kalitate handikoak dira. Beste herrialde askotan aurki daitezkeen egurrezko etxe txikien oso bestelakoak dira. Asko dira azpiegitura onak dituen herrialdea nola izan ote den hain kaltetua galdetzen dutenak. Egia da hirietan eta itsasaldean ugariak direla hormigoizko eraikinak baina herrialdearen hegoaldeak duen erakargarritasuna bungalow-ak dira. Oso merke ateratzen da horrela itsas bazterrean oporrak igarotzea. Koh Phi Phi uhartean, esaterako, aukera hori baino ez dago, bungalow batean lo egitea, alegia.

Kostaldeko bungalowarinak

Ulergarria da, beraz, itsasoko tsunami indartsuek nola erraz suntsitu dituzten turismoko guneak. Ura barruraino sartu da bere bidean aurkitu duen oro suntsituz, tartean, bungalow arinak eta han zeuden turistak.

Aireportuak herrialdea lehenbailehen utzi nahi duten atzerritarrez gainezka daude orain. Izua atzean utzi nahi dute. Herrialdera gertuko informazioa jasotzera joaten diren kazetariekin biltzen dira tragediaren lekukoak aireportuetan. Han giza laguntza eramatera joan diren nazioarteko hainbat gobernuz kanpoko erakundetako kideekin ere egiten dute bat. Hangoek, alta, jakin badakite aurki bakar-bakarrik geldituko direla beste behin triskantza eta saminarekin. Urteetan gutxi batzuentzat nekez eraiki zuten mendebaldeko paradisua infernu bilakatu da orain guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.