Ingurumena

Parisko erraustegi baten inguruan dioxina maila «izugarri handiak» atzeman dituzte

Europako erraustegirik handienetakoa da, eta Toxico Watch Herbehereetako elkarteak egin ditu neurketak. Elkarte hori bera ari da aztertzen Zubietako errauste planta inguruan sortzen ari den kutsadura.

Ivryko erraustegiaren sarrera. Europako handienetakoa eta zaharrenetakoa da. BERRIA
mikel p ansa
2022ko otsailaren 7a
20:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ivryn dago Europako errauste plantarik handienetako bat, Paris XIII. sektorean. Aurreko astean ezagutzera emandako ikerketa baten arabera, hondakinak errausten dituen lantegi horren inguruan dioxina maila oso handiak aurkitu dituzte. Ikerketarako, zenbait biomarkatzaile aztertu dituzte, erraustegiaren inguruko lurretan: oiloen arrautzak, arbolen hostoak eta goroldioak. Toxico Watch elkarteak Europako dioxina kontzentraziorik handienak atzeman ditu biomarkatzaile horietan.

Dioxinak errekuntza prozesuetan sortzen diren partikula txiki-txikiak dira, oso kutsagarriak —minbizia eragile gisa katalogatuta dauzka OME Osasunaren Mundu Erakundeak—, edozein mintz erraz igaro dezaketenak, eta, horregatik, elikagaien katera erraz pasatzen direnak.

Erraustegitik 800 metro eta hiru kilometro artean dauden zortzi oilategitan hartu dituzte arrautzen laginak, Ivry sur Seine, Paris eta Alfortville herrien artean. Dioxinak, furanoak eta beste kutsatzaile batzuk metatzen ohi diren elikagaietako bat dira arrautzak, eta horregatik hartu dituzte azterketarako. Zortzi oilategietatik zazpitan, arrautzetatik lortutako emaitzak kezkagarriak dira, txostenaren arabera: Europak jakien segurtasunerako markatuta daukan mugatik gorakoa da dioxinen kontzentrazioa.

Lau aldiz gehiago

Jakiaren gantz materiaren gramo bakoitzeko, bost pikogramo (pg); hori da Europak ezarritako muga, eta ez luke dioxina gehiago pilatu behar jakietan, segurutzat jotzeko. Baina Ivryko erraustegiaren inguruko arrautza horietan hamar eta hogei pikogramo artean ere topatu dituzte kasu batzuetan; alegia, onartutakoa baino bi eta lau aldiz gehiago ere bai. «Europako merkatuetan saltzeko ekoitziak balira, atzera bota beharko lituzkete», zehaztu du Abel Arkenboutek, ikerketaren egileetako batek.

Arbolen hostoak eta goroldioak, berriz, erraustegitik kilometro bateko erradioan bildu dituzte. Horietan ere dioxina maila handiak topatu dituzte. Pinu basatien, zedroen eta altzifreen hostoak erabili dituzte, eta lagin guztietan gainditu dituzte Europan Toxico Watchek bildutako emaitzarik handienak.

Goroldioei dagokionez, Ivryko erraustegiaren enpresa jabeak ere neurtzen ditu horietan metatzen doazen dioxina, furano eta beste kutsagarriak. 2016 eta 2020 arterako emandako datuen arabera, 0,3 eta 1,2 pikogramo metatzen dira Parisko erraustegiaren inguruan. Toxico Watchek egindako ikerketaren arabera, ordea, 1,2 eta 4,90 pikogramo artean ere pilatzen dira inguruko aldietan. Alegia, enpresak esandakoa baino lau aldiz gehiago.

Toxico Watchek onartu du zaila dela esatea dioxina horien guztien jatorria zein den, eta trafikoak edo bestelako eragileek zerikusia izan dezaketela. Baina hondakinak errausteko prozesuetan sortzen dira «profil tipiko» batzuk, ikertzailearen arabera; alegia, dioxina horietako batzuk errauste prozesuen emaitza direla esateko moduan daudela.

Herbehereetako neurriak

Esaterako, Harlingengo errauste plantari (Herbehereak) egin zizkioten neurketetan antzeko dioxinak atzeman zituzten, maila apalagoan bazen ere. Herbehereetako Estatu Kontseiluak zigorra jarri zion erraustegiaren kudeatzaileari, isurien egiazko tamaina gutxiesteagatik.

Frantziako Zero Zabor taldeak eta 3R elkarteak eskatu zioten Toxico Watchi aztertzeko Ivryko erraustegiaren inguruak. Elkarte horiekin lanean ari da Louis Cofflard abokatua: airearen kutsaduraren kontrako salaketa batzuk kudeatu ditu Frantzian. «Dioxina kontzentrazioen kontrolari buruzko anomalia oso kezkagarriak» jarri ditu agerian ikerketak, haren esanetan. «Ez da onargarria errausketa izatea Parisko eta inguruko herrietako hondakin gehienen modako tratamendua».

Eskualde horretan, ia 700.000 tona hondakin erraustu zituzten 2020an, hiri hondakin guztien %73. Abokatuak eta elkarte horiek gogorarazi dute Parisen, Ile de Francen, %22koa baizik ez dela hondakinen birziklatze tasa, eta indar egin beharko litzatekeela hondakinak sorreratik bereizten eta birziklatze tasak hobetzen, erraustu beharrean.

Ivryko erraustegia txikitzeko proiektu bat bada bidean. Urtean 700.000 tona hondakin tratatzeko prestatua dago, baina hondakinen erdiak hartzeko moldatu eta berritu nahi dute —1969an hasi zen lanean hondakinen planta hori—. Zero Zabor Frantzia eta 3R taldeak, ordea, ez dute nahikoa juzgatzen erabaki hori, eta erabat ixtea nahiko lukete, hondakinak beste era batera tratatzen hasteko. Testuinguru horretan eskatu zioten erraustegiaren inguruko kutsadura ikertzeko Toxico Watch elkarteari.

Zabalgarbin ere, metal astunak

Elkarte horrek Euskal Herrian (Zubieta, Gipuzkoa), Espainian (Madril), Txekian (Pilsen) eta Lituanian (Kaunas) ere zenbait erraustegik sortutako kutsadura ikertu izan du, edo ikertzen ari da. Zabalgarbi (Bilbo) inguruan Tecnaliak egin zuen tankera bereko azterketa bat, eta 2019an eman zituen emaitzak: manganeso, artseniko eta beste metal astun batzuen presentzia handitzen ari zela detektatu zuten.

Errausketaren kontrako eragileek eskatuta, Toxico Watch elkartea Zubietako planta inguruan laginak hartzen hasi zenean, BERRIA harremanetan jarri zen elkarte horrekin, eta Zabalgarbiko emaitzak aztertu zituen Abel Arkenbout toxikologo herbeheretarrak, eta ohartarazi zuen Zubieta inguruko jakietan ere kutsadura zabaltzen aritzea espero izatekoa litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.