Joan den uztailean egin zuten ahalegina Parlamentuko gehiengoak bermatuko zituen akordioa lotzeko. Ordu hartan, ordea, proposamena beste bat zen: Gorenak auzipetutako diputatuen eskumenak behin-behinean alderdi bereko beste batzuen esku uztea, hala ganberako gehiengoei eutsiz. Baina JxCat ez zegoen prest Carles Puigdemont ordezkatzeko, eta auzia eztabaidatzeko deitutako osoko bilkura bertan behera utzi zuen Roger Torent presidenteak, irailean egoera aldatuko zen itxaropenarekin.
Bada, aldatu da. Badirudi tarteko bide bat topatu dutela JxCatek eta ERCk, bien ikuspegientzako tokia duen bidea. Haren arabera, euren karguei eutsiko diete Gorenaren aginduz auzipetutako diputatuek —Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Jordi Sanchez— eta erbestean dagoen Generalitateko presidente ohiak.
Horretarako, gehiengoa duten bi alderdiek txostena eskatuko diote Diputatuen Estatutuko Batzordeari. Izan ere, Parlamentuko legediaren 25. artikuluaren arabera, diputatu bat kargugabetzeko, aurrez, batzorde horrek hartu behar du erabakia. Zehazki, artikulu horrek dio diputaturen bat auzipetua bada lehenik txosten bat eskatu behar zaiola batzordeari eta gero Legebiltzarraren gehiengo osoak onartu behar duela kargugabetzea.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak azaldu duenez, JxCren eta ERCren arteko akordioak hiru oinarri ditu: "Diputatu bakar batek ere bere kargua ez uztea eta akta guztiak mantentzea, abenduaren 21eko gehiengoak ez moldatzea, eta akordioen osoko bilkuraren bozketen eraginkortasuna bermatzea". Torrentek gaineratu du akordioak diputatu guztiei neurri berberak ezartzea jasotzen duela, halaber. Era horretan, akordioak bildu egingo lituzke JxCk eta ERCk ezarri dituzten gutxieneko baldintza guztiak.
Dena den, bi alderdi independentista nagusiek ez dute zehaztu Diputatuen Estatutuko Batzordera zein proposamen eramango duten, akordioak jasotzen dituen oinarriak praktikara eramateko.
Foro konstituziogilea
Quim Torra Kataluniako presidenteak Generalitatearen legealdirako plana aurkeztu du prentsaurrekoan, politika orokorreko eztabaidarako astebete falta den honetan. Kargu hartu zuenean iragarri bezala, foro zibiko, sozial eta konstituziogile bat eratuko duela adierazi du, eta data jarri du haren sorrerarako: urriaren 15a baino lehen. Foro horrek "Kataluniako Konstituzioaren oinarriak" zehaztuko ditu, presidentearen esanetan. "Kataluniako Errepublikarako herri ardatzen proposamena onduko du". Azaldu duenez, foroa "zabala, plurala eta askotarikoa" izango da.
Horrez gain, "hurrengo hilabeteetan" mobilizazioak izango direla aurreratu du Torrak, eta urriaren 1ean izango dena nabarmendu du. Generalitateko presidenteak ez du nahi galdeketaren urteurreneko eguna iraganerako "begirada nostalgikoa, sentimentala edo suminezkoa" izatea. Aldiz, "garaipen baten aldarri eguna" izatea eskatu du. "Kataluniako gizarteak Espainiako Estatuari egin zion aurre autodeterminazio eskubidea gauzatzeko".
Torrak gaineratu du Espainiako Konstituzio Auzitegiak baliogabetu dituen Kataluniako legeak berriz ere indarrean jarriko dituela. Berreskuratuko dituen legeen zerrenda eta ezarri asmo duen egutegiaren berri emango du urriaren 2ko politika orokorreko eztabaidan.