KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK

Parte hartze historikoa Katalunian (%77,46)

%67,76koa izan zen parte hartzea Kataluniako Parlamenturako 2012ko hauteskundeetan. 1980az geroztik hauteskunde eta galdeketa guztietan izandako parte hartze datuak gainditu ditu plebiszitu kutsukoak.

Ilara luzeak sortu dira hauteslekuetan. EFE
jon olano
2015eko irailaren 27a
00:29
Entzun

Eguerdian eta arratsaldean aurreratutako parte hartze datuek agerian uzten zuten Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak historikoak izango zirela parte hartzeari dagokionez ere, eta hala izan da: %80ko muga gertu izan du.

1980az geroztik Kataluniako Parlamenturako hauteskunde guztietan izandako abstentzio maila txikiena izan da, beraz, irailaren 27koa; 2012ko bozak baztertuta, abstentzioa %35etik gorakoa izan da parlamenturako hauteskunde guztietan.

Ez hori bakarrik; autonomia estatutuari buruzko erreferendumean, 2006an, parte hartzea ez zen hautesleen erdira iritsi (%48,85). 1979ko estatutua onartzeko, berriz, %59,7 hauteslek eman zuten botoa.

Arratsean, %63

2012ko hauteskundeekin alderatuta, ia %7 hazi da parte hartzea 18:00etarako. Eguerdiko parte hartze datua %35,09koa izan da. Eskualde abertzaleetan gehiago igo da parte hartzea. BERRIAk hauteskundeen jarraipen berezia egingo du.

Eguerdiko joera indartu egin da arratsaldean, parte hartze datuari dagokionez: %63,14 hauteslek eman dute botoa. 2012ko hauteskundeetan, ordea, %56,30 ziren ordu bererako botoa emana zutenak. Lurraldeka, Tarragonan igo da gehien parte hartzea (%52,9tik %63,1era); hala ere, handiena Gironan dago oraindik (%65,49). Bartzelonan, %63,26 hauteslek eman dute botoa (%56,58k 2012an), eta Lleidan %61,07k (2012an, 54,03k).

Eguerdirako, bost puntutan hazi da parte hartzea 2012ko bozekiko. Bartzelonan igoera lau puntukoa izan da. Hala ere ezberdintasunak daude auzotik auzora. Parte hartze gehien izan duten auzoak Les Corts, Eixample eta Sants Montjuic dira. Boto gutxien bildu dituztenak berria Nou Barris eta Sarria-Sant Gervasi, Bartzelonako auzorik xumeena eta aberatsena hurrenez-hurren.

Katalunian berriz, parte hartze handiena jaso duten eskualdeak dira, besteak beste, Urgell, Ribera d’Ebre, Priorat, Pla de l’Estany, Les Garrigues, Conca de Barberà, Berguedà, Anoia eta Alt Camp. Historikoki boto abertzale handia izan duten eskualdeak dira horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.