Kataluniako hedabideek aurreratu dutenez, Marta Pascalek utzi egingo du PDeCATen koordinatzaile orokor postua —alderdiko egituran bigarren kargu nagusia—, eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuaren ildoko ordezkariak nagusituko dira alderdiko zuzendaritzan. "Ezinezkoa da koordinatzaile orokorrak ez izatea Carles Puigdemont presidentearen konfiantzarik. Nik ez daukat, agerikoa den bezala", adierazi du Pascalek, Kataluniako hedabideek argitaratu dutenez.
Iturri horien arabera, alderdiaren zuzendaritza berria bihar aukeratuko dute, eta Pascal ez da izanen horren kide. Kinielen arabera, David Bonvehi hautatuko dute alderdiko presidente —Pascalen albokoa izan da orain arte—, eta Miriam Nogueras Espainiako Kongresuko diputatua, berriz, presidenteorde.
Alderdiko militanteek bihar bukatuko dute batzarra. Ordea, gaur ere izan da bestelako erabakirik. Izan ere, militanteek ebatzi dute Generalitateko buruzagi kargugabetuak aurkeztutako Crida Nacional mugimenduarekin bat egitea.