Bozketetako emaitza ia guztiak ezagututa zeudela, Demokrazia Berria garaile handi agertzen zen botoen %45,4 eta 165 diputatu lortuta, Pasok, aldiz,bigarren postuan geratu zelarik, bozen %40,6 eta 117 biltzarkide bereganatuta. Greziako Legebiltzarra 300 diputatuz osatuta egonda, Demokrazia Berria, beraz, gehiengo osoaren jabe bihurtu da. Parlamentuko gaineratiko jarlekuen banaketari dagokionez, Greziako Alderdi Komunistak (KKK) 12 diputatu izango ditu eta Ezkerreko Koalizioak (SYN), berriz, 6. Legebiltzarrean ordezkatuta izaiteko, botoen %3 lortu ez badu ere, LAOS mutur eskuineko alderdiak gora egin du, bozen %2 baino gehixeago bereganatuta.Demokrazia Berriaren garaipenaren biharamunean bertan, Costas Simitis gobernuburu sozialistak bere gobernuaren dimisioa aurkeztu zion atzo Costis Stephanopulos Greziako presidenteari. Honek, jarraian, Costas Karamanlis izendatu zuen lehen ministro kargura. Presidentetzako egoitzatik irtetean, Karamanlisek iragarri zuen gaur egurditan ezagutzerat emango duela bere gobernuaren osaketa eta gobernukide berriek bihar bertan zin egingo dutela. Parlamentuak, berriz, hamar eguneko epearen barne oniritzia eman beharko dio gobernu berriari.Ezuste handirik eragin ez duten hauteskunde orokorren emaitza hauek komentatzean, Greziako politika aztertzaile guztiek nabarmendu zuten atzo hautesle ugarik Pasoki azaldutako arbuioak zuela Demokrazia Berriaren garaipena eragin eta ez hainbat aukera politiko argi bat egiteak. Bi egitarauen artean ezberdintasun nahiko gutxi sumatu zitekeen. 1981etik 1990a arte eta 1993tik orain arte agintean egon den Greziako alderdi sozialistaren kudeakuntzaz aspertu egin dira herritar asko, batez ere gizarte alorretan hobekuntzarik ez dutelakotz sumatu, eta bait botere egituren baitan ustelkeria hazi egin dela iruditu baitzaie ere.
Pasoken lorpen eta porrotak
Gobernu sozialistak lorpenik izan du ekonomia alorrean, herrialdearen defizita gutxitzea eta euro eskualdean sartzea kausitu baitu. Diplomazia kontutan, halaber, harremanak nabarmen hobetzea lortu du Mazedonia eta Turkiarekin eta Zipreko Errepublika, datorren maiatzaren 1ean, Europako Batasuneko kide bilakatzen lagundu du, uhartearen hegoaldeko zatia baino ere ez bada, azken batean, horretaratzen. Haatik, hezkuntza eta gizarte segurantza alorretan zein ere Estatuaren erreforma eginbeharrean, Costas Simitisen gobernuak ez ditu bere agiantzak bete eta, bai ordea, herritarren atsekabea hazi, garraztasun politika bat eramanda.
Erronka ugariri aurre egin beharko dio orain Greziako aginte kontserbadore berriak. Lehen hitzordu garrantzitsuenetatik bat izango da datorren agorrilan Atenasen egingo diren Olinpiar Jokoetarako prest izaitea. Halaber, Turkiarekin batera, Zipreren banaketaren arazoa azken batean konponbidean ezartzeko ahaleginetan jardun beharko du. Azkenik, Iraken berreraikuntzan, Greziak zelako eskuhartzea izango duen ebatzi beharko du gobernu berriak, AEBen eskaerari erantzunda.
-
Soslaia
costas Karamanlis
Greziako lehen ministro berria
Bere osabaren urratsetan
Gaztea' goitizenez ezagutua da Costas Karamanlis. 1974an, Koronelen diktatura amaitu zelarik, demokraziaren berrezarlea izan zen Constantin Karamanlisen iloba izaitetik datorkio ezizen hori. Deituraz nahiko ospetsua izaiteak ez dio erraztasunik ekarri izenez ezagututa bilakatzeko, baina lortu du, jendeen aurrean hitz egiteko eta gauzak sinpleki azaltzeko dohain batek lagundurik.
Costas Karamanlis 1956ko irailaren 14an sortu zen Atenasen. Zuzenbide ikasketak amaitzean abokatu bihurtu zen eta nazioarteko zuzenbidean aditua da. 1996. urtean, haur ezinduentzako hezitzaile den Natasha Pasaiti anderearekin ezkondu zen eta bikoteak ume bat dauka. Lanbidez legegizona izan arren, politikagintzari gaztetik ekin zion Salonikako barrutiko diputatu bihurtu baitzen 1989. urtean eta orduz geroztik hango hautetsi kargua gordetzea lortu baitu.Demokrazia Berria alderdian, planifikazio eta informazio politikarako idazkari kargua eman zioten, kontseilu politikoan izendatu baino lehen 1993 eta 1995 artean. Batzorde Nagusiko kide izan zen, berriz, 1993 eta 1997 urteen artean. Greziatik kanpo ere kargu politikorik bete du. Hala, 1998ko apirilean, Europako Demokrateen Batasuneko presidenteorde izan zen eta 1999an, Europako Legebiltzarreko alderdi kontserbadoreetako hautetsiak biltzen dituen Europako Alderdi Popularreko lehendariorde izendatu zuten.