Hasi da Donald Trump hitzetatik ekintzetara pasatzen, lehenengo lanegunean bertan. Lehenengo astelehena izan du gaurkoa AEBetako presidente bezala, eta hauteskunde kanpainan agindutako protekzionismo neurriak hartzen hasi da, Barack Obamaren bi agintaldiak desmuntatzen. Arau exekutibo bat sinatu du, Bulego Obalean, AEBak TPP Pazifikoko merkataritza itunetik irteteko. Horrez gain, Ronald Reagenen garaiko Mexiko Hiria legea ere berreskuratu du, abortuaren aldeko erakundeentzako laguntza publikoak debekatzekoa. Era berean, Gobernu Federalaren kontratazioak izoztu ditu —armadakoak izan ezik—, eta herrialdeko enpresari handiekin bilera egin du haiei bi mezu helarazteko. Batetik, mehatxua: arantzel «oso handiak» jarriko dituela produkzioa eta enplegua atzerrira daramatzaten enpresen inportazioentzako. Bestetik, oparia: sozietate zerga jaitsiera «masiboak» egingo dizkiela (%35etik %15-20ra) bertan jarraitzen dutenei, eta araudien %75 desegingo dizkiela.
Hamaika aldiz esana du Trumpek ez dela merkataritza itun globalen aldekoa; eta haien kontra egiten ari da, bere ustez, kaltegarriak direlako AEBetako enpleguarentzat. Bere esanetan, TPP ituna «hondamendi potentzial bat da» AEBentzat, eta «gauza handia da» hura ezabatzea langileentzat. Obamaren helburu nagusietako bat izan zen Pazifikoan merkataritza askeko eremu bat sortzea: indartsu kokatu nahi zuen herrialdea Asia-Pazifikoko ardatzean. Ituna hamabi herrialdek adostu dute, baina Washington kanpoan geratuko da, Etxe Zuri berriak ez duelako sinadura berretsiko. Horrek atea zabalduko dio Txinari, hark gidatzeko bere neurrira egindako akordio berri bat eskualdean.
Lehen bilera, Mayrekin
Bestetik, Trumpek zehaztu du baita ere NAFTA ituna —AEB, Kanada eta Mexikok 1994an sinatutakoa— berriz negoziatzen hasteko data: hilaren 31n Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentearen bisita aprobetxatuko du gaiaz eztabaidatzen hasteko. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin aurrera egingo du bilera. Etxe Zuriko maizter berriaren aburuz, NAFTAk eragin du AEBetan enplegu asko suntsitzea eta konpainia asko Mexikora lekualdatzea, lan kostuak txikitzeko. Auto konpainiak jomugan hartuta ditu Trumpek, Mexikon ekoitzi eta AEBetan saltzeagatik. Bien bitartean, «izozkailuan» jarraitzen du AEBen eta EBren arteko merkataritza itunak ere (TTIP), Trumpek zer jarrera hartu zain.
Europarra izango da, hain zuen, presidenteak asteon hartuko duen nazioarteko lehen agintaria: Theresa May Erresuma Batuko gobernuburua. Europarra, baina EBtik ateratzeko bidean dena. Mayk esan du bi aldeko merkataritza itun batez berbetan hasiko direla baina Europako Batzordeak ohartarazi dio ezin duela itunik negoziatu inorekin brexit-a gauzatu arte, bitartean Bruselarena baita eskumen hori.