Kataluniako PDeCAT alderdia bere etorkizunerako mugarria izango den erabaki bat hartu beharrean da: Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak —PDeCATeko kide denak— sortu zuen Crida Nacional per la Republica alderdiarekin aliantza apurtu ala harekin batera alderdi politiko berri bat eratzea. Egoera aztertzeko bilera egin du gaur Convergencia Democratica de Catalunyaren (CDC) lekukoa hartu zuen alderdiaren zuzendaritzak, baina ez du argitu zer bide hartuko duen. Erabakia edozein dela ere, arrisku bizian egongo da PDeCATen batasuna, zatiketa sakona baita aukera baten nahiz bestearen aldeko sektoreen artean.
Gaurko bilkuran, Crida Nacionalekin alderdi berri bat eratzearen aldeko proposamena aurkeztu dute Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Lluis Puig kontseilari ohiek. Espetxeratuta daude lehen hirurak, eta Bruselan erbesteratuta dago Puig, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auziarengatik. Laurek proposatu dute Cridarekin batera alderdi berri bateko zuzendaritza aukeratuko lukeen batzorde eratzaile bat sortzea, eta alderdia osatu ondorengo sei hilabeteko epean PDeCATek desegin behar duen ala ez eztabaidatzea. Zuzendaritzak baztertu egin du proposamena, eta Cridarekin elkarrizketetan ari den taldeari negoziatzen jarraitzeko agindu dio.
PDeCATek eta Cridak Junts per Catalunya (JxC) koalizioa eratu zuten 2017ko azaroan, Puigdemonten konfiantzazko independenteekin batera. Ordutik, baina, ugariak izan dira postkorbergente deitu izan den espazio politikoaren barruko tirabirak.
PDeCATeko sektore ofizialak salatu du alderdia baztertu egin dutela JxCren hautagai zerrendak erabakitzerako orduan. Erreferendumaz geroztik egin diren bozetan, Puigdemontek independente ugari jarri ditu zerrenden lehen postuetan, eta beheragoko tokiak gorde ditu PDeCATeko kide esanguratsuentzat.
Denak ez datoz bat, ordea, iritzi horrekin alderdi barruan. Sektore kritikoak babestu du PDeCAT Cridarekin batera alderdi berri batean desegitea. Talde horretan kokatzen dira, Turull, Rull, Forn eta Puig kontseilari ohiez gain, Miriam Nogueras alderdiko presidenteordea eta Generalitateko hainbat kide: Damia Calvet, Miquel Buch eta Meritxell Budo kontseilariak, esaterako.
Crida Nacionaleko presidente Jordi Sanchezek argi utzi ditu PdeCATekin elkarlanean aritzeko bere alderdiak jartzen dituen baldintzak: alderdi berri bat eratzea, CDCren birsortzea izango ez dena, eta alderdien arteko kuota banaketaren eredua gainditzea. «Ez da betorik eta kuotarik izango eta alderdi berriko militanteak izango dira primarioen bidez zuzendaritza eta erakundeetan ordezkari izango direnak hautatuko dituztenak», adierazi zuen, atzo, RAC1 irratian egin zioten elkarrizketan.
Cridako presidenteak jarritako baldintzak ez dira bateragarriak PDeCATeko zuzendaritzak negoziazioetan babestu duen posizioarekin. David Bonhevi PDeCATeko presidenteak argi esan du JxCrako «trantsizioak» ezin duela PDeCAT behartu bere egiturak desegitera. Horregatik, koalizio formula berritzearen alde agertu da.
Kontrako iritzia du Cridak. Sanchezen esanetan, alderdi berriak «pertsonak bildu behar ditu, eta ez elkarteak». Puigdemontek sortutako alderdiak ezabatu egin nahi du indar independentista berria Convergenciarekin identifikatuko duen lotura oro. «Haize berriak» behar direla nabarmendu du Sanchezek. «Errespetu handia diegu Convergenciak egin zituen gauza askori, baina ez beste batzuei, eta mugimendu honetan jende asko dago, ni neu bezala, ez garenak inoiz ere Convergenciaren bozkatzaile izan, eta guztiak interpelatuak sentitzea nahi dugu».
Azken urteetan, hainbat ustelkeria kasuren ardura leporatu diote Convergenciari eta harekin batera CiU koalizioa osatzen zuen Unio alderdiari. Auzibide bat abian da, esleipen publikoen truke legez kanpoko komisioak jasotzea helburu zuen sare bat eratu ote zuten argitzeko.
Kontseilari ohi espetxeratu eta erbesteratuen proposamenak zuzendaritzaren babesa izan ez badu ere, proposamenak militantziaren oniritzia izan dezakeela uste dute kritikoek. PDeCATek batzar nazionala egingo du uztailean, eta ikusi beharko da kritikoek proposamen hori batzarrari aurkezten dioten eta, hala eginez gero, militanteek zer erabakitzen duten.
PNC aurkeztuko dute bihar
Alderdiak 2018ko uztailean egin zuen lehenengo batzar nazionala, eta orduan Cridarekin bat egiteko mandatua jaso zuen zuzendaritzak. Kritikoek agindu hori ez betetzea leporatzen diote zuzendaritzari. Batzar horretan alderdiko gidaritza uztea erabaki zuen Marta Pascal PDeCATeko presidente ohiak, Puigdemontekin zituen desadostasunengatik.
Hain justu, Pascalek eta PDeCATetik aldendu diren beste kide ezagun batzuek —Carles Campuzano eta Jordi Xucla tarteko— Partit Nacionalista de Catalunya (PNC) alderdiaren eratze kongresuan parte hartuko dute bihar.
Pascalek PNCren presidentetzarako hautagaitza aurkeztu du gaur, eta bihar hura presidente aukeratzea espero da, ez baita beste hautagaitzarik aurkeztea aurreikusten. PNCren proiektura batu dira PDeCATeko hainbat alkate ere.
Alderdi berriak ez du aldebakarreko independentzia prozesua babesten, eta «bide eskoziarra» du eredu. Soilik Espainiarekin adostutako erreferendum bat jotzen du balekotzat. Madrilekin «itxaropen faltsuak» sortuko ez dituen elkarrizketaren alde agertu da, eta elkarrizketaren bidea landu bitartean eguneroko kudeaketa lehenestea hobesten du.
PNCk alderdi «sozioliberal» gisa definitu du bere burua, izaera «aurrerakoia» duen indar gisa, «herritarren osotasunari» begirakoa.
Pascalek esana zuen Katalunian EAJren gisako alderdi bat behar zela, negoziatzeko eta agertoki politikoan erabakigarria izateko borondatea izango zuena.