Silvio Berlusconiren agintaldian gobernuko bazkide izan ziren, eta otsailaren 24 eta 25eko hauteskundeetan zerrenda beraren izenean aurkeztuko dira PDL eta Lega Nord alderdiak, Italian. Igande gauean itxi zuten hauteskundeetarako akordioa, Silvio Berlusconi PDLko buruak eta Roberto Maroni Lega Nordeko idazkariak atzo baieztatu zutenez.
Hauteskundeetara batera aurkeztuko direla eta Silvio Berlusconi ez dela lehen ministrorako hautagaia izango. Hori da PDL eta Lega Norden arteko akordiotik ziurtzat jotzen den bakarra. Izan ere, hala Berlusconik nola Maronik, bi bazkideek aurreratu dute eskuineko koalizioko lehen ministrogaia zein izango den otsailaren 24 eta 25eko hauteskundeen ostean erabakiko dutela, betiere bozak irabazten badituzte. Zein jarriko luketen, horretan ere ez daude ados PDLko eta Lega Nordeko buruak.
Angelino Alfaro ikusi nahi du Berlusconik Italiako Gobernuaren buru. PDL alderdiko idazkari nagusia behin baino gehiagotan jo du Berlusconik bere oinordekotzat, eta atzo ere iritzi horri eutsi zion. Berlusconik esan zuen lehen ministroaren izena berak erabakiko duela koalizio itxi berriak hauteskundeak irabaziz gero.
Beretzat, Ekonomia ministro kargua gorde du. Izan ere, Lega Nordek baldintza jarri zion PDLri akordioa egitekotan Berlusconi ez zela zerrendaburu joango. Eta, orain, esan du nahiago duela Ekonomia ministro izan: «Aginterik ez dauka Italian lehen ministroak, Ministro Kontseiluaren gai-ordena ezartzea besterik ez».
Roberto Maroni Lega Nordeko idazkariak, Italiako Barne ministro izana bera, azpimarratu egin du Berlusconik akordioa lortzeko lehen ministro izateari uko egin izana. Baina lehen ministro zein izango den Berlusconik erabakiko duenik ere ez du onartu. Berlusconik Alfaro begiz joa duen bezalaxe, berak lehen ministrorako Giulio Tremonti Ekonomia ministro ohia ikusten duela esan baitu Lega Nordeko buruzagiak.
Gay mugimendua ez da fio
Hauteskunde giro betean sartua dago Italia, eta PDL eta Lega Nord alderdien arteko akordioaren berri emateaz gain, Berlusconi Kode Zibila aldatzeko prest agertu zen atzo, homosexualen eskubideak gehitu eta izatezko bikoteak juridikoki onartze aldera. Lehen ministro ohiaren adierazpenak mesfidantzaz hartu dituzte gay eta lesbianen aldeko ekintzaileek.
PDL eta Lega Nord batera aurkeztuko dira Italiako hauteskundeetan
Silvio Berlusconik jakinarazi du lehen ministro barik Ekonomia ministro izan nahi duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu