Txina mehatxu gisa aurkeztea ohikoa bilakatu da AEBetan, eta azken urteetan ugariak izan dira Asiako potentziari ziberespioitza egotziz Estatu Batuetatik eginiko salaketak. Oraingoan, baina, Pentagonoa bera izan da, AEBetako Defentsa Departamentua, Txinako Gobernuari eta indar armatuei Washingtonen sistema informatikoei erasotzea leporatu diena. Pekinek, haserre, salaketak «oinarririk gabeak, arduragabeak eta kaltegarriak» direla erantzun du: «Honek ez dio onik egiten alde bien arteko lankidetzari», esan du Hua Chunying-ek, Txinako Atzerri Ministerioko eledunak.
AEBetako Kongresuarentzat Txinaren garapen militarraz egin duen urteko txostenean jaso du salaketa Pentagonoak. 2012an mundu osoko sistema informatiko askok, tartean AEBetako Gobernuarenak, «etengabeko sartze bidegabeak» jasan zituztela dio txostenak, «horietako batzuk, zuzenean Txinako Gobernuari eta indar armatuei egozteko modukoak dira». Ziberespioitzaren jomuga AEBetako Gobernuaren eta Defentsako kontratisten sistema informatikoak izan direla dio Pentagonoak, industri teknologia lapurtzeaz gain, «krisi batean baliatuak izan daitezkeen gaitasun militarren berri izateko».
Txinari ziberespioitza egozteaz gain, Pentagonoak Asiako potentziaren garapen militarra ere aztertu du iazko urteari dagokion txostenean. Eta Pekinen bi bideren artean aukeratzeko barne eztabaida bat izaten ari direla azaldu du: Txinaren barne erronkei erreparatzea edo Ozeano Barean AEBen nagusitasunari aurre egitea lehenestea. Txinak 80.000 milioi euro inguruko gastua onartu zuen iaz Defentsarako —AEBen heren bat—, eta aurten %10,7 igodu alor horretarako aurrekontua.
Segurtasunari buruzko kezka
Txinak gezurtatu egin du Pentagonoak ziberespioitza egotziz egin duen salaketa; «oinarririk gabea eta exajeratua» dela eta txostena aintzat hartu duela jakinarazi du. Atzerri Ministerioko eledunak salatu du AEBetan halako txostenak «urtero» argitaratzen dituztela —aurtengo otsailean Mandiant konpainia estatubatuarrak antzerako bat egin zuen—, eta zehaztu du Txinaren asmoa «sistema zibernetiko baketsu bat» garatzea dela, «segurtasun globalerako oinarriak» jartzeko.
Txinako herri armadako Zientzia Militarren Akademiako ikerlari Wang Xinjunek argibide bat ere eman du, Xinhua berri agentziaren bidez: «Nahiz eta zentzuak erakusten duen ezinezkoa dela IP helbide bat oinarri hartuta zibereraso baten jatorria zehaztea, Pentagonoko batzuek nahiago dute Txinatik eginikoa dela sinestea, antzinako etsaitasun zentzuagatik».
Martxoan Pentagonoak aitortu zuen eraso eta espioitza informatikoak bilakatu direla AEBetako zerbitzu sekretu eta segurtasun agentzien kezka nagusia; hala, «nazioarteko terrorismoari» aurrea hartu dio herrialdearen mehatxu zerrendan.
Pentagonoak ziberespioitza egotzi die Txinako indar armatuei
Salaketa «oinarririk gabea» dela eta AEBekiko lankidetzari kalte egiten diola erantzun du Pekinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu