GALIZIA

Perez Touriño presidente izan daiteke, behin-behineko emaitzak aintzat hartuta

Fragak irabazi ditu bozak, baina gehiengo absolutua lortzeko diputatu baten faltan gelditu da; hala ere, emigranteen bozak zenbatzeke daude

Erredakzioa
2005eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Galiziako hauteskundeetan PP Alderdi Popularra atera da garaile. Gehiengo absolutua lortu duen jakiteko, dena den, emigranteen botoen zenbaketara itxoin beharko da. Behin betiko emaitzak datorren astelehenean jakinaraziko dituzten. Emigranteen botoak falta direnean, PPk 37 diputatu lortuko lituzte. PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistak 25 eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak, berriz, hamahiru.

Duela lau urteko hauteskundeetan, PPk gehiengo absolutoa lortu zuen, 41 diputaturekin, PSdeGk 17 eta BNGk beste hainbeste. PP eta BNG nabarmen jaitsi dira; izan ere, biek lau diputatu galdu dituzte. Galiziako parlamentua 75 diputatuz osatuta dago. Hala, gehiengo absolutoa lortzeko 38 eserleku behar dira. Oraingo emaitzekin, BNG eta PSdeGren botoak batuz gero, gehiengo absolutoa lortuko lukete.

Emigranteen botoak, ildo horretan, ekainaren 27an jakingo dira eta ordura arte ez da jakingo gobernu berria nola osatuko den. Orotara 305.017 emigrante galiziarrek dute botoa emateko eskubidea, hautesle-erroldaren %11,6, alegia. Galiziatik kanpo bizi direnen errolda nabarmen igo da azken urteetan, batez ere duela bi urte PPk egin zuen Kode Zibilaren erreformaren ostean. Orduan atzerrian bizi diren galiziarren seme alabek ere nazionalitatea lortzeko aukera zabaldu zen. 2001. urteko bozetan, esaterako, atzerrian bizi diren 268.231 galiziar zeuden boza ematera deituta, baina horietatik 69.027 lagunek bakarrik hartu zuten parte, hau da, %25,7k.

PP alderdiak emigranteen botoen gehiengoa jaso zuen azken bi hauteskundeetan. 1997. urtean diputatu bat gehiago lortu zuen boto horiei esker. Igandeko bozetako emaitzak Pontevedrako emigranteen botoek erabaki dezakete. Izan ere, eskualde horretako hogeita bigarrendiputatua PSdeGren eskuetan dago orain. Pontevedran PPk PSdeGren zortzi bototik hamaika jaso beharko ditu zalantzan dagoen eserlekua lortzeko.

Xuntako kontseilari Jaime Pitaren arabera, ekainaren 17a arte, emigranteen 88.693 boto jaso zituzten: 24.600 Coruñan, 8.310 Lugon, 14.783 Ourensen eta 21.000 Pontevedran. Baina, ekainaren 27a arte botoak jasotzen jarraitu ahal izango dute.

Atzerritik datozen botoek duten garrantzia dela eta, hautagaiek ahalegin handia egin dute atzerrian kanpaina egiteko. Xuntako presidentetzarako hautagaiak Argentina eta Uruguaira joan ziren hango hautesleen botoak eskuratzeko asmoz. Hegoamerikara joandako emigrante galiziar gehienak Argentinan, Venezuelan eta Uruguain bizi dira. Argentinan 100.857 hautesle daude, Venezuelan 30.403 eta Uruguain, berriz, 27.618.

Europan, berriz, Suizan bizi dira boto eskubidea duten galiziar gehien, 33.020, hain zuzen ere.

2001. urteko hauteskundeekin alderatuz, parte hartzea 3,9 punto igo da. 2001ean hautesleen %64,2k parte hartu bazuen, igandean %68,1ek eman zuten botoa, 1.564.505 galiziarrek, alegia.

PSdeGk eta BNGk aldaketa datorrela diote

Manuel Fraga PPko hautagaiak bere alderdia lehena dela eta emigranteen botoekin gehiengo absolutua lortu ahal izateko falta zaien diputatua eskuratzeko konfiantza agertu zuen. Argentina eta Uruguaitik irtendako botoen %70 beraren aldekoak direla jakinarazi diotela adierazi zuen. Falta zaien eserlekua lortu ezean, dena den, oposizioaren buru izango dela esan zuen. BNG alderdiari kritika gogorra egin zion Fragak, Espainiako Konstituzioaren mugan edo kanpoan jarduten duela esanez.

Anxo Quintana BNGko hautagaiak itxaropenerako garaia datorrela eta herriaren interesak defendatzeko aukera gehiago egongo direla adierazi zuen: «Galizia askeago eta berdinago bat eraikitzeko aukerak zabaldu dira. Galizia beltz bat marrazten zuten egunotan, otzana eta beldurrez betea, baina hori ez da gure herria». Sozialistekin negoziatzeko prest dagoela gaineratu zuen. BNGren jaitsieraren inguruan, alta, ez zuen hitzik esan. Galiziako nazionalismoak lanean jarraituko duela, baino, ez zuen adierazi. Quintanaren ustez, emigranteen botoek ez dituzte behin-behineko emaitzak aldatuko.

Emilio Perez Touriño PSdeGko hautagaia ere iritzi berekoa da eta oraingo emaitzekin alternantzia demokratikorako bidea ireki dela uste du.

Perez Touriño Xuntako presidente berria bezala aurkeztu zen militanteen aurrean igandean, botoen zenbaketa amaitu eta gero. PSdeGren historiako emaitzarik onenak izan dituela esan zuen eta horregatik, eskerrak eman zizkien galizari deneti eta kanpainan lan egin duten guztiei. BNGko hautagai Anxo Quintanarekin hitz egin zuela eta biek aldaketa gauzatzeko borondatea dutela esan zuen.

PSOE Espainiako Alderdi Sozialistako antolakuntza idazkari Jose Blancok herenegun irabazteaz gain, sozialistak hilaren 27an ere garaile izango direla esan zuen. Blancoren arabera, PPk inkestetan bakarrik irabazi du.

CIS Ikerketa Soziologikoen Zentroak azken inkestetan PPk 33 eta 35 eserleku artean eskuratuko zituela iragarri zuen, PSdeGk 24 eta 26 artean eta BNGk, berriz, hamabost eta hamazazpi artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.