Peruko herritarrek indigenekin bat egin dute, eta protestak egin dituzte hirietan

Peruko Alderdi Nazionalistako zazpi legebiltzarkide zigortu dituzte Amazoniako indigenak babesteagatik

2009ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Mobilizazio jendetsuak, mitinak eta 24 orduko lanuztea. Horrekin guztiarekin, Peruko kostaldeko zein mendietako milaka herritarrek babesa erakutsi zioten atzo Amazoniako biztanleen eskakizunari, eta Gobernuaren politika arbuiatu zuten. La Republica Peruko egunkariaren arabera, protestak oro har jendetsuak eta baketsuak izan ziren, Junin, Tacna eta Puno departamenduetan izan ezik. Horietan guztietan, Poliziaren eta manifestarien arteko borrokak izan ziren, Huancayo Junineko hiriburuan, gainera, bost polizia zauritu eta hogei ikasle atxilotu zituzten.

Liman ere tentsio uneak izan ziren Poliziaren eta manifestarien artean. Hasiera batean manifestazioa inongo arazorik gabe aurrera bazihoan ere, manifestari talde batek Polizia hesia zeharkatu zuenean istiluak hasi ziren. Poliziak negarra eragiteko gasarekin erantzun zion, eta horrek kaosa eragin zuen manifestarien artean. Horiek ere Poliziaren erasoari erantzuna eman eta harriak nahiz beirazko botilak jaurti zizkieten.

24 orduko lanuztea Moquegua eta Puno departamenduetako herrietan egin zen. Ikastetxeetako eskolak bertan behera geratu ziren, garraio publikorik ez zen egon, eta denda gehienek ateak itxi zituzten. Cuscon eta Arequipan antzeko egoera izan zen; hala ere, manifestarien arabera, bi hiri horietan ez zen lanuzterik egin. Baguan, herenegungo 10:00etatik, atzoko 06:00 arte etxeratze agindua ezarri zuen Peruko Gobernuak.

Mobilizazioak, baina, ez ziren hor bukatu. Beste hainbat hiritan ere Gobernuak dimisioa ematea eskatu zuten Baguan izandako hilketen erantzule delakoan. Gobernuaz duten jarrera hori erakuste aldera,erre egin zituzten Alan Garcia Peruko presidentearen, Yehude Simon Ministroen Kontseiluko arduradunaren eta Mercedes Cabanillas Barne ministroaren aurpegiak zeramatzaten panpinak.

Zebelio Kayak Ceneparekin mugakide diren Komunitateen Garapenerako Erakundeko presidentearen arabera, heldu diren egunetan, bilera garrantzitsua egingo dute indigenen protesten balorazioa egiteko eta neurri gehiago adosteko.

120 egunez zigortuak

Peruko Gobernuak Peruko Alderdi Nazionalistako (PNP) zazpi legebiltzarkide zigortu ditu, Amazoniako biztanleak babesteagatik. Horrela, 120 egunez ezingo dute lanik egin. Neurri hori «demokraziaren bidegabekeria» gisa hartu du PNPk.

Legebiltzarkide nazionalistak asteazkenean hasi ziren protesta egiten, Kongresuak basogintza eta nekazaritza jardueretarako legea etetea onartu zuenean, hain justu. Izan ere, PNPk lege hori bertan behera uztea eskatzen dute Amazoniako biztanleek bezala, eta horren aurka egin nahian, Kongresuaren erdian jarri ziren hartutako erabakiaren aurkako pankartak eskuetan zituztela. Horrez gain, protestetan parte hartu zuten PNPko beste 11 legebiltzarkideri kargua hartu zieten.

Oihaneko Legea deritzana 2007 eta 2008 bitartean onartu zuen Peruko Gobernuak. Horren arabera, Oihaneko Legea basoko baliabideak kudeatzean eta gainbegiratzean datza. Amazoniako indigenak, aldiz, ez dira iritzi berekoak, eta lege horrek inbertsio pribatuari ateak irekiko dizkion beldur dira. Are gehiago, legea Amazoniako biztanleen baimenik gabe onartu zela salatzen dute. Legea aztertzeko asmoz, Gobernuak lege etetea onartu zuen asteazkenean. Indigenen ustez, ordea, etetea ez da nahikoa, eta legea bertan behera uzteko eskatzen diote Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.