Peter Higgs hil da, 'Higgs bosoia' deituaren aurkitzailea

2012an heldu zen berria, mugarria fisikaren historian: CERN laborategiak jakinarazi zuen detektatua zuela Higgsek zenbait hamarraldi lehenago partikulen fisikako eredu estandarrerako teorikoki proposatu zuen partikula. Sari ugari lortu zituen.

(ID_13771100) FILE OBIT HIGGS
Peter Higgs fisikaria, artxiboko irudi batean. GRAHAM STUART / EFE
arantxa iraola
2024ko apirilaren 9a
20:55
Entzun

Peter Higgs fisikaria hil da, zientziaren arloan igaro hamarraldietan izan den albiste entzutetsuenetako bati bidea ireki zion fisikaria: Higgs bosoia deituaren aurkitzailea. 1929an sortua zen, New Castlen (Ingalaterra). 94 urterekin hil da.

2012an egin zen, bereziki, mundu zabalarentzat ezagun, uztailean. Hedabide guztietan zabaldu zen berria: CERN laborategiak jakinarazi zuen detektatua zuela Higgsek zenbait hamarraldi lehenago partikulen fisikako eredu estandarrerako teorikoki proposatu zuen bosoia. 1964 alderako iragarria zuen fisikariak partikula horren inguruko planteamendu teorikoa, eta aurkikuntza garrantzitsua izan zen hura detektatzea: ahalegin askoren emaitza. Horregatik aurkikuntza «historikoa» zela esan zuten orduan CERNeko ikertzaileek.

Fisikaren arloko adituek nabarmendu egin zuten, oro har, aurkikuntza haren garrantzia. Izan ere, partikulen masak ulertzea izan da fisikaren helburu nagusietako bat: ulertu ahal izatea zergatik dauden partikula masadunak eta zer interakzio klasek duten eragina horretan. Gauzatu egiten zen ordura arte Higgsen teoria ikerketaren arlo horretan, hori bazekiten fisikariek, baina bosoia bera detektatzea falta zen. «Harrituta» mintzatu zen Higgs bera CERNetik heldu zen albistearen berri izan zuenean: aitortu zuen uste zuela luzeago joko zutela berak teorikoki proposatu zuena detektatzeko lanek.

Zehaztapena egin zuten orduan CERNeko ikertzaileek: bosoia ia-ia seguru detektatu zutela adierazi zuten; errore tartea hiru milioi aukeratik bakarra zen. Aurrez, hilabete batzuk lehenago ere, aurreratu zituzten antzeko datuak, eta zuzenak izan zirela berretsi zuten. Bosoia atzematea aski eginkizun zaila izan zen, baina adierazi zuten LHC azeleragailuan ATLAS eta CMS esperimentuek bi bide desberdinetatik detektatu zutela.

Bosoia izen dotorez aurkeztu zuten orduan hainbat hedabidek: Jainkoaren partikula zela ere esan zuten. Higgsek berak baztertu egiten zuen bosoia izendatzeko era hori, irmo defendatzen baitzuen teologia eta zientzia ondo bereizi behar direla. Zenbait albistek partikularen aurkikuntzaren garrantzia parekatu zuten, esate baterako, biologian DNAren aurkikuntzak izan zuenarekin edo Big Bang-aren oinarriekin.

Distiraz

Gaztea zenetik izan zuen karrera distiratua Higgsek. Berehala nabarmendu zen. Aitortza ere jaso zuen. Besteak beste, Fisikako Nobel saria eman zioten 2013. urtean. Erretiroa hartuta zegoen ordurako; irakasle emeritu ari zen Edinburgoko Unibertsitatean, Eskozian. François Englert ikertzaileari ere eman zioten saria urte hartan: nabarmendu zuten bi zientzialariek aurreikusi zutela bosoia, bakoitzak bere bidetik. Englertek aurkikuntza egin zuen Robert Brout ikertzailearekin batera, baina 2013rako hila zen hura. Beste sari gehiago ere eman zizkioten Higgsi bere ekarpenengatik.

Eta gaur ere erreakzio ugari eragin ditu haren heriotzak. Haren talentua nabarmendu dute zientzialariek, fisikaren alderik ilunenak ere argi azaltzeko gaitasun ahaltsua, eta jendearekiko tratuan zuen apaltasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.