Nazioarteko petrolio enpresak kezkatuta daude Libiako gatazka petrolioaren ekoizpenean izaten ari den eraginarekin; horregatik, oposizioko eta leinuetako buruekin negoziatzen hasi dira, petrolio hornidura Muammar Gaddafi erori ostean ere ziurtatzeko. Financial Times kazetaren arabera, urrats hori Mendebaldeko enpresak Libiako errealitatea onartzen hasi diren seinalea dela dio.
Afrikan petrolio erreserba gehien dituen herrialdea da Libia; munduko erreserben %3,34 daude han. Gorabehera politikoek zuzenean eragin diote petrolio ekoizpenari. IEA Nazioarteko Energia Agentziak emandako datuen arabera, gatazkak hasi aurretik, egunean 1,6 milioi upel ekoizten zituen Libiak (upel batek 159 litro ditu); orain erdira jaitsi da kopuru hori. Gainera, atzerriko enpresa askok euren langileak Libiatik atera dituzte, eta petrolio hobi askotan ekoizpena eten dute.
Libiako boterea eskuratzeko borrokan dabiltzanentzat ere garrantzitsua da petrolio putzuak eta esportazio guneak kontrolatzea. Oposizioa da nagusi ekialdean, eta bertan dago Libiako petrolio hobirik handiena, Sarir. Esportazio gune nagusiak ere oposizioaren esku daude, besteak beste, Tubruk, Bengazi eta Zueitinakoak. Atzerriko enpresek kudeatzen dituzten hobi batzuk ere kontrolpean dituzte. Italiako ENI enpresak, Frantziako Totalek, AEBetako Exxon eta Occidentalek eta Espainiako Repsol YPFk kudeatzen dituzten hobietako jarduera, neurri handi batean, etenda dago. Iturrien arabera, Libiako hego-mendebaldeko hobiek Gaddafiren kontrolpean jarraitzen dute, baina han ere behera egin du ekoizpenak.
IEAren arabera, ez dago larritzeko arrazoirik. Libiako petrolio hornidura murriztuta ere, Europan badira nahikoa erreserba denboraldi baterako, eta Saudi Arabiak ere eskaini du bere ekoizpena handitzea.
Libiako petroliorik gabe aurrera egitea posible izango da akaso. Herrialde arabiarretan zabaltzen ari diren protestek, ordea, Saudi Arabia eta ingurukoherrialdeak ere harrapatuko dituzten itxura guztia dute. Europarentzat askoz zailagoa izango da eskualde osoko petrolio-ekoizpenari uko egitea.
Protestak herrialde arabiarretan
Petrolio enpresak Libiako oposizioarekin hornidura negoziatzen hasi dira
Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, gatazka hasi zenetik erdira jaitsi da eguneko petrolio ekoizpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu