Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea erabat sinetsita dago uneotan munduan behar dena baino petrolio gehiago ekoizten dela. Horregatik, Venezuelako Gobernuak LPEE osatzen duten beste hamar herrialdeei proposatu die petrolio gutxiago ekoiztea, eta hortaz, bakoitzaren kuota ofizialak murriztea. Gainprodukzioa egon edo ez, prezioek 70 dolarretik gertu segitzen dute, eta horregatik Venezuelak egindako proposamena ez du aintzat hartuko LPEEk. Herrialdeen gehiengoa kuotei eustearen alde agertu da.
«Prezioek oraindik 70 dolarretan jarraitzen dute. Prezioak maila horretan daudela, LPEEk ez du produkzioa jaitsiko. Horregatik erabaki dugu ezer ez egitea», arrazoitu du Abdula al-Attiya Qatarreko Petrolio ministroak.
Caracasen bilduta daude LPEEko 11 herrialdeetako petrolio ministroak. Hugo Chavez Venezuelako presidentearen hitzaldi batekin hasi zen bilera. Bertan, Chavezek defendatu du petrolio gehiegi dagoela merkatuan, eta aukera baliatu du berriro LPEEren zazpi upel moten batez besteko prezioa, «gutxienez» 50 dolarrekoa izatea: «Jar dezagun 50 dolarreko zoru bat eta bila dezagun oreka bat. Prezioaren goiko muga, berriz amaigabea da».
Chavezek hitzaldian argi utzi nahi izan die herrialde industrializatuei LPEEk ez duela produkzioa igotzeko asmorik, nahiz eta kontsumitzaileek hala eskatu. Bere irudiko, kartelak esfortzu handia egiten du prezioei egonkor eusteko, nahiz eta Ameriketako Estatu Batuek Irak inbaditu edo Irani zein Venezuelari mehatxuak bota. Agintari venezuelarrak dei egin dio AEBetako Gobernuari tropak Iraketik ateratzeko, eta «iraniarren aurkako mehatxuekin amaitzeko».
Era berean, Estatu Batuek oso gogoko izango ez duten gai bat aztergai dutela iradoki du Rafael Ramirez Venezuelako Petrolio ministroak: hala dolarretan nola eurotan salerostea petrolioa. «Truke batzuk eurotan eta beste batzuk dolarretan egitea aztertzen ari gara. Dolarraren balio galeratik defendatu beharra dugu». LPEEk horrelako neurri bat hartuko balu, ondorio handiak izango lituzke eta dolarra are gehiago ahulduko luke, hortaz.
Boliviari eta ekuadorri deia. Chavezek dei egin dio Boliviari eta Ekuadorri LPEErekin bat egin dezaten: lehenak, begirale gisa; eta bigarrenak, bazkide oso gisa. 1973tik 1992ra bitartean Ekuador LPEEren barruan egon zen. Era berean, Nigeriak bultzatuta, bai Angola bai Sudan erakundearekin bat egitea aztertzen ari dira. Bien artean egunean 1,5 milioi upel ekoizten dituzten egunean. Aukera horri buruz, Saudi Arabiak erantzun du bat egin nahi duen edonori «ongietorria» egingo diotela.
«Petrolio gehiegi» ekoizten dela sinetsi arren, kuota ofizialei eutsiko die LPEEk
Venezuelako Gobernuak urre beltza dolarretan eta eurotan salerostea proposatu dio erakundeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu