AURKIKUNTZA

Pilotan jokatzeko kantxa azteka bat topatu dute Mexiko Hirian

Mexikoko hiriburuko erdialdean egin dute aurkikuntza.

Mexiko Hirian topatutako aztarnak. SASHENKA GUTIÉRREZ / EFE
2017ko ekainaren 8a
15:57
Entzun 00:00:0000:00:00

Herrialdeko plaza nagusia den Zocalo parean topatu dute pilotalekua, katedral katolikoaren atzean, 1950eko hamarkadan hotel bat zegoen lurretan. Forma zirkularreko tenplu baten oinarria eta kantxa bat dira bistaratu dituztenak.

Diego Prieto Mexikoko Antropologia eta Historia Institutuko zuzendariaren arabera, aurkikuntza horri esker, zehaztu ahal izango dituzte hainbat kronikatan ageri diren egituren "kokapenak, orientazioak eta dimentsioak". Horrez gain, giza ezurrak topatu dituzte kantxaren albo batean: "Pilota jokoari lotutako eskaintza bat da, eta 32 orno multzoz eta lepoz osatuak".

Espainiarrek Mexiko konkistatzean, lehen errelato espainiarretako batzuek kontatzen dute Moctezuma agintari aztekak errege zahar baten aurka galdu zuela kantxan, eta hori Inperio Aztekaren gainbeheraren islatzat jo zutela.

Indusketak amaitzean, museo bat eraikiko dute gunean. Jakinarazi dutenez, litekeena da aurkikuntza gehiago egitea, Mexiko Hiria inperio aztekako hiriburuaren arrastoen gainean eraiki zutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.