Pinocheten garaiko konstituzioa atzean uztea erabaki du Txilek

Estatuarentzako beste marko juridiko bat sortzearen alde egin dute herritarrek, %78ko babesarekin. Boto emaileek zuzenean hautatuko dute Batzar Konstituziogilea

Txileko dozenaka herritar, beste konstituzio bat egitearen aldeko emaitzak ospatzen, joan den igandean, Santiagoko Italia plazan. ALBERTO VALDES / EFE.
Andoni Imaz - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Txilek laugarren konstituzioa idatziko du datorren urtean, eta, aurrekoetan ez bezala —1833koan, 1925ekoan eta 1980koan—, herritarrek hautatutako batzorde batek izango du horren ardura. Gero, herritarrek berretsi beharko dute testua, bozketa bidez. Hori da igandeko erreferendumaren emaitzek Txilen ireki duten bidea. Beste konstituzio bat egin ala Augusto Pinochet diktadorearen garaikoarekin jarraitu hautatu behar zuten, eta botoen %78k baino gehiagok babestu dute prozesu konstituziogile bati ekitea.

Gehiengo zabal batek bozkatu du, era berean, konstituzio berria herritarrek aukeratutako batzorde batek idaztearen alde: botoen %79. Beraz, Batzar Konstituziogileko 155 kideak lan horretarako aukeratuko dituzte berariaz. Batzorde misto bat eratzea zen beste aukera. Hau da, batzordearen erdia konstituzioa idazteko espresuki izendatuak izan diren ordezkariz eta beste erdia parlamentariz osatzea.

Prozesua «herritarren eta demokraziaren garaipena» izan dela adierazi zuen igande gauean Sebastian Piñera Txileko presidenteak, emaitzak jakin zirenean. Gobernua kezkatuta zegoen indarkeria ekintzek bozketa nahastuko ote zuten, eta garrantzitsutzat zeukan parte hartze handia lortzea, erreferendumaren zilegitasuna zalantzan ez jartzeko. Bozketa istilu larririk gabe egin da herrialdean, eta parte hartzea %50,8 izan da: azken urteetako handienetakoa, 2012an bozkatzeak derrigorrezkoa izateari utzi zionetik. Kontuan hartzekoa da, gainera, baldintzatuta bozkatu behar izan dutela, koronabirusaren pandemiak hainbat segurtasun neurri hartzera behartu baitu.

Baietzaren arrakastak agerian utzi du beste konstituzio bat egitearen kontra agertu den eskuinaren porrota. Konstituzioa aldatu gabe erreforma batzuk egiteko aukerak botoen %22 jaso ditu. Gobernua sostengatzen duen koalizioko lau alderdiek kontrako jarrerak babestu dituzte. Batzuk alde, beste batzuk kontra, eta besteak zatituta. Azken horien artean, RN Berrikuntza Nazionala, Piñeraren alderdia izandakoa.

Diego Schalper RN alderdiko parlamentariaren iritziz, «lezio ikaragarria» izan da bozketa: «Zentro-eskuina zatituta aurkezten denean, azkenean, denok galtzen dugu». Konstituzio berriaren aurka agertu den UDI Batasun Demokratiko Independentea alderditik, berriz, lanerako deia egin du berehala Jacqueline van Rysselberghe buruak, batzorderako hauteskunde lehia prestatu eta «konstituziogile onenak» hautatzeko. Nabarmendu duenez, «beharrezkoak diren aldaketek handi egin gaituzten gauza horiek hobetzea eta mantentzea ere eskatzen dute».

Piñerak berak ez du argitu konstituzio berri baten alde ala aurrekoarekin jarraitzearen alde bozkatu zuen, nahiz eta gobernuko hainbat kidek galdetu dioten. Emaitzak ezagutarazi ondoren, igandean egin zuen diskurtsoan ere, ez zen joan ideia orokorretatik harago. Haren ustez, orain arte, Txileko Konstituzioak herritarrak «zatitu» ditu, eta berriak batasunerako esparru bat izan behar du.

Pinocheten garaiko konstituzioa ordezkatzeko botoa eskatu dute ezkerreko indarrek, herrialdeko eredu sozioekonomikoa aldatzeko urrats garrantzitsua izango delakoan. Lotura zuzena baitu konstituzio berri baten eskariak Txileko eredu ekonomikoarekin. Gizarte desberdintasunen kontrako herritarren protestek bultzatuta egin zen igandeko galdeketa. Iazko udazkenean piztu ziren: metro bidaiak garestitu egingo zirela iragarri zuen Txileko Gobernuak, eta erabiltzaile askok eta askok ordaintzeari uko eginez erantzun zuten. Mobilizazioak han eta hemen zabaldu ziren aste batzuetan. Hain justu, Txilen, demokrazia garaian inoiz izan den manifestaziorik handiena egin zuten Santiagon urriaren 25ean —1,2 milioi lagun elkartu ziren—, eta haren urteurrenean egin da konstituzioari buruzko bozketa. Azaroaren 15ean, greba orokor baten eta dozenaka hildakoren ondoren, gobernuak eta oposizioak galdeketa egitea adostu zuten.

Aldaketen garaia

Txile nazioartean hainbatetan goraipatu dute haren eredu ekonomikoarengatik eta diktaduratik demokraziarako trantsizioarengatik, baina iazko protestek agerian utzi zuen eredu horren porrota, kritikoen iritziz. Protesta mugimenduak gizarte desberdintasunen oinarritzat du 1980ko konstituzioa, egile nagusitzat Jaime Guzman UDI alderdiaren fundatzailea izan zuena. Izaera neoliberala egotzi diote testuari, zerbitzu publikoen pribatizazioa sustatzen duela iritzita.

Orain, beraz, beste lehia politiko bat hasiko da, konstituzioa idatziko duen batzordeko 155 kideak hautatzeko. Apirilaren 11n izango dira bozak. Batzordea genero parekidetasunaren irizpideari jarraituz eratuko da, eta argitzeko dago herri indigenentzat aulki kopuru jakin bat gorde beharko den ala ez.

Hautatuak diren batzarkide konstituziogileek bederatzi hilabeteko epea izango dute konstituzio bat idazteko. Behar izanez gero, hiru hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango dute. Bide orriak dio konstituzio berriaren atalak bi hereneko gehiengoarekin onartu beharko dituztela. Horrek akordio zabaletara eta negoziazio malguetara behartuko ditu batzarkideak.

Testua amaitu eta onartutakoan, Txileko presidenteak plebiszitu batera deitu beharko du—2022an izango da, epeak betetzen badira—, eta herritarrek bozketa horretan erabakiko dute konstituzio berria onetsi ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.