Pirinioetan aurkitu dute orain sei urte Erresuma Batuan desagertu zen adingabe bat

Sekta ibiltari batetik alde egin zuen, antza, eta kamioilari batek topatu du. Orain 17 urte ditu.

R. UNIDO DESAPARICIÓN Batty
Alex Batty desagertu baino lehen, 11 urterekin. MANCHESTERREKO POLIZIA / EFE
nerea intxausti
2023ko abenduaren 15a
12:05
Entzun

Alex Batty topatu dute, orain sei urte Erresuma Batuan desagertu zen adingabea. Pirinioetan topatu zuten, asteazken goizean, Revel herrian, Okzitaniako Tolosatik gertu. 2017. urtean desagertu zen, amarekin eta aitonarekin Malagan (Espainia) oporretan zegoela. Handik «komuna ibiltari espiritual» batera eraman zutela esan du gazteak berak. Battyren desagerpena Susan Caruanak salatu zuen, gaztearen amona eta tutore legala denak, 2017ko urrian.

Batty ingelesa da jatorriz, Oldhanekoa (Lancashire, Ingalaterra). Amak eta aitonak Malagara eraman zuten 11 urte zituela, nahiz eta epaileek debekatu haurrarekin inolako kontakturik edukitzea, sekta batean sartzeko arriskua zegoela eta. Ama, aita eta aitona komuna batean bizi izan ziren 2014an, Marokon. Manchesterreko Polizia kasua ikertzen ari da ordutik, eta familia barruko bahiketa bezala ikertzen ari dira.

Antza, sekta ibiltari baten komuna batean bizi izan da, orain astebete alde egitea lortu zuen arte. Battyk esan du sektan ez zutela ezertara behartu, baina ez zuela bizimodu hori nahi, «etorkizun normal bat» baizik, eta horregatik erabaki zuela alde egitea.Ordutik, noraezean ibili da Pirinioetan, asteazken goizean kamioilari batekin topo egin arte. Gazteak sakelakoa uzteko eskatu zion garraiolariari. «Haren izena Interneten bilatu, eta jakin nuen Polizia haren bila ari zela», esan du Fabien Accidini kamioilariak. Battyk haren Facebook kontua erabili zuen amonari mezu bat bidaltzeko: «Kaixo, amona. Alex naiz. Frantzian nago, Tolosan. Espero dut zuk mezu hau jasotzea. Maite zaitut, etxera joan nahi dut». Kamioilariak polizia etxera eraman zuen gaztea.

Bidean kamioilariari kontatu zion bi urte zeramala Frantzian, eta amarekin eta aitonarekin egon zela mendialdean —ez zuen lekua zehaztu—. La Depeche du Midi egunkariaren esanetan, karabanetan bizi ziren, «komuna ibiltari espiritual batean». Komunak «bizimodu alternatiboa» zuen, eta ez zuen elektrizitaterik erabiltzen, The Daily Mail Erresuma Batuko egunkariaren arabera. Bizitokia bakarturik zegoen, eta adingabea ez da eskolara joan urte hauetan guztietan.

Batty gazteen zentro batean dago orain, eta litekeena da Ingalaterrara itzultzea. Adingabea aurkitu badute ere, ikerketak aurrera jarraituko du. Manchesterreko Poliziako bozeramaileak atzo jakinarazi zuen prozesua «konplexua» dela, eta luze joko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.