Thailandia

Pita Limjaroenratek ez du lortu Thailandiako lehen ministro izateko behar adina babes

Mugitu Aurrera alderdiko hautagaiak 323 boto lortu ditu Thailandiako Parlamentuan egindako bozketan, eta boterera iristeko 53 botoren faltan gelditu da. Auzitegi Konstituzionalean haren aurkako salaketa jarri du Hauteskunde Batzordeak.

Lehen ministro izateko hautagai Pita Limjaroenrat, Thailandiako Parlamentuan, gaur goizean. RUNGROJ YONGRIT / EFE
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 13a
12:38
Entzun

Gobernua eratu eta Thailandiako lehen ministro izatetik 53 botoren faltan gelditu da Mugitu Aurrera alderdi sozialdemokratako hautagai Pita Limjaroenrat. Goizean egin dute bozketa, Thailandiako Parlamentuan, eta iragarri dute beste bozketa bat egingo dutela hurrengo asteazkenean, bigarrena, hilaren 19an. Saio horrek ere huts egiten badu, litekeena da ostegunean, hilaren 20an, bozketa berriro egitea. Koalizioak zera erabaki behar du orain: Limjaroenraten hautagaitza mantentzea, edo beste hautagai bat aurkeztea.

Limjaroenratek 376 diputatuen babesa behar zuen lehen ministro izendatua izateko, baina 323 boto lortu ditu. Oposizioko beste zazpi alderdirekin koalizioa osatuta, dagoeneko 310 eserlekuren babesa zuen Mugitu Aurrera alderdiko sozialdemokratak, baina Senatuko hamahiru diputatuk bakarrik egin dute haren alde; aurka bozkatu dute 182k —148 ordezkarik eta 34 senatarik—, eta abstentzioa eman dute 198k —39 ordezkarik eta 159 senatarik—.

Hain justu, Ordezkarien Ganberako 500 parlamentarik eta junta militarrak zuzenean hautatutako 250 senatarik dute Thailandiako lehen ministroa izendatzeko azken hitza; 750 bozka, guztira. Bozetan herritarren babesa aise lortu zuen arren —lehen indarra izan zen, eta 151 eserleku lortu zituen Ordezkarien Ganberan—, alderdi sozialdemokratari gehiago kostako zaio Senatua limurtzea. Junta militarraren aldeko indarrek osatzen dute Senatua, eta harritzekoa litzateke 250 diputatu horiek oposizioaren alde egitea.

Izan ere, Mugitu Aurrera alderdiko hautagaiak erreforma «sakonak» agindu ditu monarkian eta armadan. Thailandiako Zigor Kodearen 112. artikuluak zigortu egiten ditu monarkiaren aurkako kritikak. Lege horren bidez, hamabost urte arteko espetxe zigorrak ezarri dituzte, eta ehunka dira horren ondorioz auzipetutakoak. Lehen ministro izateko hautagaiaren arabera, oposizioa isilarazteko tresna gisa erabiltzen dute, eta legea bertan behera uztea izango litzateke agintera iritsitakoan egingo lituzkeen aldaketetatik lehenetako bat.

Zigor Kodearen erreformak, baina, ez ditu soilik militarren kritikak eragin. Bozetan bigarren indarra izan zen Pheu Thai populista ere ez dago ados monarkiaren aurkako kritikak ez zigortzearekin, eta argi utzi du ez duela onartuko inolako erreformarik. Halere, prest agertu da parlamentuan hari buruzko eztabaida bat izateko. Horrek ataka estuan jartzen du Mugitu Aurrera alderdia; izan ere, Pheu Thaien babesa beharko du Senatua konbentzitu ezean. Dena den, hauteskundeen emaitza errespetatzeko «deia» egin dute bai Mugitu Aurrerak, bai Pheu Thaik.

Parlamentutik atera berritan, Limjaroenratek azpimarratu du ez duela «amore emango», eta bere esku dagoen «guztia» egingo duela senatariek izan ditzaketen zalantza guztiak argitzeko. «Hau ez da nire edo nire alderdiaren alde bozkatzea, Thailandian normalitatera itzultzeko aukera baten alde bozkatzea baizik».

Hautagaia ataka estuan

Limjaroenratek ditu lehen ministro izateko aukera gehien. Baina Senatuaren babesa lortu behar izateaz harago, boterera iristeko uxatu beharreko beste mamu batzuk ere baditu 42 urteko enpresariak. Hauteskunde Batzordeak haren aurkako salaketa bat jarri zuen atzo, Auzitegi Konstituzionalean. Zera egozten diote: Parlamentuko hautagai gisa erregistratzeko baldintzak ez betetzea, eta, hori jakinda ere, aurkeztea.

Batzordeak jakinarazi duenez, telebista kate bateko akzioak jaso zituen oinordetzan 2006an —handik urtebetera itxi zuten telebista kate hori—. Baina hauteskunde legeek debekatu egiten dute hautagaiek komunikazio enpresa batean akzioak izatea. Auzitegi Konstituzionalak erabakitzen badu Pitak legea urratzen duela, lehen ministro izateko hautagaiak aurre egin beharko die hamar urte arteko espetxe zigorrari eta hogei urteko inhabilitazio politikoari.

Salaketak baino gehiago, hori aurkezteko uneak «harritu» du Limjaroenrat. «Diputatua izan naiz lau urtez, eta, orain, lehen ministro gisa hautatzeko bozketa baino egun bat lehenago, zerbait gaizki dago, bat-batean. Zer gertatzen ari den galdetzen diot neure buruari», esan zuen atzo, telebistan egindako elkarrizketa batean.

Haren aurkako salaketa iragarri eta ordu gutxira, beste kolpe bat jaso zuen Mugitu Aurrera alderdiak. Auzitegi horrek berak, Konstituzionalak, alderdiaren aurkako erreklamazio bat onartu zuen. Konstituzioko 49. Artikulua urratzea egozten diote alderdiari, zera: «Erregea Estatuko buru gisa duen sistema demokratikoa suntsitzen saiatzea». Hain justu, monarkiaren aurkako kritikak zigortzearen legea erreformatzeko asmoen harira aurkeztu dute salaketa hori.

Militarren agintaldia eteteko

Bederatzi urte hauetan, Prayuth Chan-ocha militarra izan da Thailandiako gobernuburua. 2014an iritsi zen agintera, estatu kolpea emanda, eta asteartean aurkeztu zuen dimisioa. 2019an hauteskundeak izan zituzten, eta, orduan ere, militarrek eutsi zioten aginteari. Baina askoren iritziz, boz horiek ez ziren erabat «benetako hauteskunde libreak» izan. Herritar ugarik salatu zuten botoak erosi zirela, eta, gainera, Pheu Thai alderdiak militarrek baino eserleku gehiago lortu zituen. Dena den, orduan ere Senatuak izan zuen azken hitza, eta militarraren alde bozkatu zuen.

Baina herritarrek ez dute militarrak gobernuan egoterik nahi. Hala adierazi zuten azken bozetan —armadaren babesik ez zuten alderdien blokeak jaso zituen botoen %60 baino gehiago—, eta hala adierazi zuten 2020. eta 2021. urteetan herrialde osoan egindako protestetan. Ehun mila pertsonatik gora bildu ziren zenbait manifestaziotan, Prayuth Chan-ocharen dimisioa eta konstituzioaren erreforma eskatzeko. Larrialdi egoera deklaratu zuen gobernuak, eta Poliziak manifestazioak gelditu zituen.

Hain justu, protesta horietan parte hartu zuten gazteek egin dute bozetan Mugitu Aurreraren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.