Edward Samuel Miliband

Pixka bat ezkerrera

Erresuma Batuko laboristek Ed Miliband izendatu dute alderdiko buruzagi; tarte txikia atera dio bere anaia David Milibandi, baina, horri esker, alderdia zentrotik ezkerrera mugituko du

2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Anaia gazteena izatea tokatu zaio. Dena neba nagusiaren ondoren egitea: lehenengo David, gero Ed. Alabaina, aldaketen urtea izaten ari da Erresuma Batuan; ezustekoena Alderdi Laboristan. Eta familia inertziek ere ez dirudite lehengoak: Edward Samuel Milibandek aurrea hartu dio David Milibandi, eta bera izendatu dute laboristen buru. Eta gutxigatik irabaziagatik ere, ateratako aldea aski izan da alderdia pixka bat ezkerrera mugitzeko, Laborismo Berria bukatzeko. Haatik, aski izan behar du kontserbadore eta liberalen arteko koalizioari aurre egiteko ere. «Badakit herritarren konfiantza galdu dugula, badakit aldaketa behar dugula. Hori dela eta, alderdiaren barnean batasuna lortu behar dut, eta lortu, lortuko dut», adierazi zuen atzo Ed Milibandek, alderdiko kideen gehiengoak aukeratu zuela jakitean.

«Hutsetatik» ikasteko asmoz da Alderdi Laboristako buruzagia -gaur izendatuko dute ofizialki, alderdiko urteko konferentzian-. «Herritarrak inspiratu behar ditu alderdiak, etorkizunean milaka gazte ez, dozenaka mila, ehunka mila gazte erakarriko dituen tresna bihurtzeko». Ed Milibandek Erresuma Batuan sinesten du. Bera izendatuta, gainera, orrialdea pasatu dutelakoan dago, baita alderdia zerbitzatuko duen belaunaldi berri bat sortu dutelakoan ere.

Eta Erresuma Batuko lehen ministro izandakoek urratutako bidetik ez duela jarraituko iragarri du, horregatik. «Izan ere, hauteskundeak galdu genituen, eta egoera txarrean gelditu ginen. Eta badakit jendearen konfiantza eta sotiltasuna ere galdu ditugula. Badakit aldaketa behar dugula». Hala eta guztiz ere, buruzagi berria harro dago Tony Blairren lidergoaz, berdin Gordon Brownenaz ere.

Anaia txikia

Daviden ibilbide akademiko bera du egina Edek: Politika, Filosofia eta Ekonomia ikasi zituen Oxfordeko Unibertsitatean. Alderdi Laboristaren barnean ere antzerako ibilbidea egin dute biek, nahiz eta aita ponteko ezberdinen eskutik izan: Blairren aldamenean egin ditu urterik gehientsuenak anaia zaharrenak, eta Brownen ondoan, berriz, gazteenak.

Balantzak beti jo du Daviden alde Alderdi Laboristan: anaia zaharrena Atzerri ministro zen bitartean, izan ere, Edek Energia ministro izatearekin konformatu behar izan du. Hala, karguagatik izena eta ospea irabazi ditu lehenengoak; karguaz gain, ezer askorik ez bigarrenak.

Hamahiru urtez agintean egon eta azken hauteskundeetan galdu zutenetik, baina, Laborismo Berriarekin gustura ez zirenen aldeko babesa eskuratu du bi anaietan txikienak. Bozetako porrotak, krisiak eta apatiak bere alde jokatu dute. Eta Tony Blairrekin eta Gordon Brownekin hautsi nahi zutenek gehiengo direla erakutsi dute.

Harremanetan David baino humanoagotzat dute askok. Ez omen da hain urrunekoa besteekiko emanean. Ez ei da, gainera, zentrokoa; gehiago zentro-ezkerrekoa. Gurasoen eraginez dela uste du batek baino gehiagok. Aita, izan ere, marxista zuen -alabaina, laborismoaren oso kritiko ere bazen Ralph Miliband-, eta ama, CNDko militantea eta giza eskubideen aldeko ekintzailea. «Ziur naiz Marionen [amaren] eragin handia jaso duela», azaldu du, hala, Marc Stearsek, Oxford Unibertsitateko politika irakasleak.

Ezustekoa eman du Milibandek. Hauteskundeetatik hondoa jota zegoen alderdiak, baina,halako zerbait behar zuen. Akaso zerbait apurtzaileagoa. «Europako sozialdemokraziaren etorkizuna laborismoaren esku badago, Jainkoak konfesatuta harrapa dezala Europako sozialdemokrazia», diote, izan ere, bere alderdikideetako batzuek. Robin Blackburn, aitaren konfiantzako lagun izandakoa, baina, Ed laborismoak behar zuen hori izan daitekeelakoan dago: «Rubiken Kuboa osatu zuen batean harritu ninduen Edek. Minutu eta hogei segundo behar izan zituen, eta esku bakarra».



Nortasun agiria

Jaio. Edward Samuel Miliband 1969ko abenduaren 24an jaio zen; David anaiari bost urteko aldea ateratzen dio.

Ministro. Gordon Brownen gobernuan, Energia eta Klima Aldaketarako ministro izan zen. Anaiaren karguak itzal egin bazion ere, zubi lanak egiten eta diplomazian abila dela diote harekin lan egin izan dutenek.

Irakeko gerra. Tony Blairrek Irakeko gerra babestu zuenean, Ed lehen ministroaren erabakiaren aurka agertu zen.

Familia. Bikotekidearekin bizi da gaur egun Ed, eta seme bat du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.