Maroko

PJD islamista 125 eserlekutik hamahirura jaitsi da Ordezkarien Ganberan

Lurrikara politikoa izan da Marokon, eta RNIk bildu du eserleku kopururik handiena, 37 aulkitik 102ra igota.

PJD alderdiko zerrendaburu Saad Eddin al-Othmani, atzo, bozkatzeko unean. MOHAMED SIALI, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala
2021eko irailaren 9a
11:10
Entzun

Agintea irauli dute Marokon, eta lurrikara politikoa erabatekoa izan da. 2011ko protesten osteko bi agintaldietako koalizio gobernuetako buru izan da PJD Justizia eta Garapena alderdi islamista, eta uste baino kolpe handiagoa jaso du, eta Ordezkarien Ganberan 125 eserleku izatetik soilik hamahiru biltzera igaro da —395etik—. Hain zuzen, aulkia galdu duten hautagaietako bat izan da orain arte lehen ministro karguan egon den Saad Eddin al-Othmani; hala, PJDko zuzendaritzak dimisioa eman du gaur.

Lehen emaitzek iradoki bezala, RNI Independenteen Konbergentzia Nazionalak hartuko du islamisten tokia, 102 eserleku eskuratuta, duela bost urte baino 65 gehiago. Aziz Akhannutx da horren zerrendaburua, herrialdeko pertsonarik aberatsenetako bat, Akwa Group konglomeratuaren zuzendari exekutiboa eta errege etxearen gertukoa.

Akhannutxek beste edozein hautagaik baino inbertsio handiagoa egin du hauteskundeetako kanpainan, 253.000 euro ingurukoa; beste alderdiak ez dira iritsi 900 eurora. Askok uste dute alderdi hori bilakatu dela establishment-aren marka berria.

RNI aurreko agintaldiko koalizioan zegoen, eta datorren legealdirako hura buru duen lantalde bat osatzeko modu ezin hobean da, bozetako emaitzei esker. Marokoko errege Mohamed VI.ari dagokio orain hurrengo pausoa ematea, hark izendatu behar baitu gobernua osatzen saiatzeaz arduratuko den gobernuburua; betiere, babesik handiena lortu duen indar politikokoa.

2016ko hauteskundeetako emaitzak hobetu dituzten beste alderdien artean daude Istiqlaleko nazionalistak, 46 ordezkaritik 81era igaro baitira, eta USFF Herri Indarren Batasun Sozialistako sozialdemokratak, hamalau aulki gehiago lortuta 34rekin geratu direnak; aldiz, atzera egingo du PAM Egiazkotasuna eta Modernitatea alderdiak, zeinak hamabost eserleku galdu dituen, 87rekin geratzeraino.

Parte hartzeak ere zeresana

Hauteskunde kanpaina asko mugatu du koronabirusaren pandemiak, eta jende gutxi erakarri. Hori dela eta, askok uste zuten parte hartzea ere 2016an baino txikiagoa izango zela —orduan %43 joan zen bozkatzera, sei milioi lagun inguru—. Ordea, kasu horretan ere ezustekoa eman dute herritarrek, eta %50,18 joan dira botoa ematera, hau da, bozkatzeko izena emandako 17 milioietatik erdia baino gehiago.

Herenegun, bozketa egunean, PJDk salatu zuen «irregulartasun larriak» izan zirela; tartean, «diru banaketa» bozkalekuen inguruan, eta «nahasmena» zerrenda batzuetan, zenbait boto emailek beren izen-abizenak aurkitzen ez zituztelakoan. Barne Ministerioak, baina, atzo adierazi zuen ez zela arazorik izan, eta hauteskundeetako «nondik norakoak egokiak» izan zirela.

Datorren gobernuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: desberdintasuna etengabe hazten ari da, eta benetako langabezia tasa %10 ofiziala baino askoz handiagoa da; hori dela eta, inkesta batzuen arabera, gazteen erdiek ere Europara emigratu nahi dute.

Herritarren desafekzioa ere handia da, eta, horretaz jabetuta, erregeak garapen inklusiboagoa lortzeko erreforma programa handi bat aurkeztu zuen, osasun publiko unibertsala jasotzen duena. Hala, errege asmoak ezartzea egokituko zaie hautetsontzietan islatutako indar oreka berrien ondorioz sortutako hurrengo ministroei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.