PKK alderdiaren inoizko gordeleku handiena topatu dute Turkian

Janaria, arropa eta sendagaiak aurkitu dituzte bertan; bi lagun atxilotu ditu Turkiako Poliziak operazioan

Erredakzioa
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Turkiako Poliziak ustez PKK Kurdistango Langileen Alderdiarena den lur azpiko gordeleku bat aurkitu du, Bingol mendietan, Anatolia eskualdean. Ostiralean hasi zuten operazio horretan bi lagun atxilotu dituzte. Polizia iturrien arabera, orain arte herrialdean PKK alderdiari atzeman dioten babeslekurik handiena da.

Gordeleku horretan hamabost pertsona inguru ezkutatzeko tokia dagoela jakinarazi du Ankarak. Bost tona janari, sendagai ugari, arropak, zapatak, sorgailu elektrikoak eta bi eguzki plaka aurkitu dituzte bertan, besteak beste. Horretaz gain, sukaldea, komuna eta hainbat gela dituela azaldu dute.

Gehienak kurduak dira Bingol mendien inguruan, eta armadak maiz egiten ditu PKKren kontrako operazioak eremu horretan. Irakeko mugatik 250 kilometro ingurura dago eremu hori, eta gerrillariek erasoak egin ostean atzera egin eta atseden hartzeko erabiltzen zutela dio Poliziak. Eremu hori janariz eta materialez hornitzeko ere aprobetxatzen zutela jakinarazi dute, bestalde.

PKK-ko eskualdeko buruak

Operazioan atxilotutako bi lagunak PKKren eskualdeko buruak direla uste du Poliziak. Irango pasaportea zuten biek, eta Tunceli probintzian polizia etxe baten kontra 2010. urtean egin zuten eraso batekin zerikusia dutela uste du Ankarak, eta ikerketa hasi du. Eraso hartan, Turkiako armadako sei soldadu hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.