Idris Naim Sahin Turkiako Barne ministroak adierazi du PKK Kurdistango Langileen Alderdiko 115 kide inguru hil dituela Turkiako armadak uztailean. Barne ministroak jakinarazi du bildu duten informazioaren arabera PPKren «azken urtea» izango dela 2012a. PKK gerrillak Hakkari probintziako Gecimliko base militarraren aurkako igandeko erasoa jakinarazitakoan egin ditu Sahinek adierazpen horiek. Erasoan, sei soldadu eta bi segurtasun zaindari hil ziren, PKK-ko hamalau kiderekin batera.
Sahinen hitzetan, Turkiaren menpeko Kurdistanen uztailaren 23an hasitako «eraso militarrari esker hutsaren hurrengoa da PKK». NTV telebistaren arabera, operazioa lurreko eta aireko indarrekin ari dira egiten, eta Semdinli hirian dago fokuratuta. Igandeko ekintzari erreferentzia eginez, berriz, Sahinek gaineratu du PKK-k «ahulduta» dagoelako egiten dituela tarteka «heriotza arrisku handiko ekintzak».CNNTurk telebista kateak jakinarazi duenez, PKK-ko kideak Semdinliko lubakian babestu dira, eta armadaren esparruaren aurka borrokatzen ari dira.
Hala ere, Sahinek azpimarratu du segurtasun indarrak «areagotu» dituztela eta PKK-k «kide askoren galera» jasan beharko duela egiten duen ekintza bakoitzeko. Igandeko erasoa Iraken menpeko Kurdistanekiko mugan izan zen. Hori dela eta, Sahinek zehaztu du armadak «neurri prebentiboak» hartu dituela PKK-ko gerrillariek Irakeko mugatik ihes egin ez dezaten. Orain arte Siriako milizia kurduen kontrolpean zeuden eremuetara tropak bidali izanari ere egin dio erreferentzia barne ministroak. «PKK-k gune ahul bat sortu nahi izan du Turkian, Siriako gatazkarekin lanpetuak geundelakoan», adierazi du Sahinek.
Negoziaziorik ez
Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak, berriz, igandekoa «eraso ankerra» izan zela salatu du. Erdoganek orain gutxi berriz ere uko egin dio PPKrekin negoziatzeari, eta adierazi du Turkiako segurtasun indarrek «borrokan» jarraituko dutela gerrillak «armak legearen esku utzi arte». PKK-k behin baino gehiagotan proposatu dio «konponbide baketsua» adostea. Baina gobernuak «terroristekin» ez duela negoziatuko erantzunez ematen du ezetza. 1984an sortu zenetik, Kurdistanek burujabetza lortzeko Turkiaren aurka borrokatu da PKK. Baina, orain, gobernu autonomoa bermatzea eta kurduen kultur eskubideak areagotzea aldarrikatzen du, kurdueraz irakasteko debekua bertan behera uzteko, tartean.
PKK gerrillako 115 kide hil ditu Turkiako armadak uztailean
Idris Naim Sahin Barne ministroak adierazi du segurtasun indarrak «areagotu» dituztela gerrillaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu