Turkiako armadak Irakeko muga zeharkatu eta Kurdistan hegoaldea indarrez hartzeko operazioa abian jarri duela iragarri dute PPK Kurdistango Langileen Alderdiko ekintzaileek. Firat News berri agentziari jakinarazi diotenez, Turkiako milaka soldadu sartu dira Haftanin inguruan, eta gerra hegazkinez eta helikopteroez lagunduta hasi dituzte gerrillarien kontrako erasoak. Bi aldeen arteko borrokak atzo goizean hasi ziren, eta ondorengo orduetan ere izan dira.
Turkiako segurtasun indarrekastelehenean eman zuten esku hartzearen hasieraren berri. Medyako Defentsa Eremua izenez ezagutzen den inguruko PKKren baseak suntsitzeko asmoz, hogei tanke eta 30 kamioi militarSiyahkaya hiritik Kurdistanera igaro zirela aditzera eman zuten. Gerrillarien iturriek, ordea, inbasioa ukatu egin zuten, eta Turkiako armadak mugarik ez zuela zeharkatu jakinarazi. Azken informazioen arabera, ordea, bi aldeen arteko borrokak izan dira dagoeneko.
Turkiaren erantzun gogorra urriaren 21ean hasi zen, PKK-ko ekintzaileek Irakeko mugatik gertu Turkiako 24 soldadu hil ostean — hala jakinarazi zuten Ankarako iturriek; gerrillarien arabera, baina, ehun izan ziren hildakoak—. Dena den, erasoaldiak iragan abuztuaren 7an hasi ziren, eta geroztik Turkiako armadak 270 gerrillari kurdu hil dituela jakinarazi du Necdet Ozel Turkiako armadako buruak.
Hala, azken egunetan ugaritu egin dira hildako gerrillarien omenezko ekitaldiak. Besteak beste, ehunka lagun bildu ziren atzo HPG Kurdistango Herri Defentsa Indarreko kide Zeki Savginen omenez eginiko hiletan. Gerrillaria Çucurkako erasoetan borrokan ari zela hil zuten iragan astean. Igandean ere, Cizre hirian, 50.000 lagunek eman zieten agurra hilaren 10eko borroketan hildako ekintzaileei. Xakurke Xinere hiriko erasoaldi hartan, besteak beste, HPGko Kontseilu Militarreko bi kidek eta hiru militantek galdu zuten bizia Turkiako armadaren aurkako borrokan.
Erasoa Amsterdamen
Turkiako nazionalistek bigarren aldiz zabaldu dute Amsterdamgo Kurduen Egoitza Kulturalari gaur eraso egiteko deialdia. Hildako soldadu turkiarren omenezko martxa antolatu zuten iragan igandean , eta segidan, Kurduen Egoitza Kulturalari eraso egin zioten. Bost lagun atxilotu zituen Herbehereetako Poliziak. Oraingoan, segurtasun indarrak areagotuko dituzte.
PKK-k dio Turkiak milaka soldadu sartu dituela Kurdistan hegoaldean
Irakeko muga lurretik zeharkatzeko operazioa aire bidezko erasoez lagundurik gauzatzen ari da Turkiako armada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu